Portada del sitio > Publicaciones > Artículos > Merkataritza-hitzarmen olatu berria: kapitalaren agenda eta kolapso (...)

Merkataritza-hitzarmen olatu berria: kapitalaren agenda eta kolapso ekologikoa

Gonzalo Fernández eta Gorka Martija (Argia, 2018ko uztailaren 12a)

Jueves 12 de julio de 2018

JPEG - 32.8 KB

Kapitalismoa bidegurutze historiko batetan dago. Azken urteotan TTIP, TISA, CETA bezalako dozenaka sigla nagusitu dira nazioarteko harremanen muinean. Merkataritza-hitzarmen olatu berria da eta, sigla mediatiko hauen atzetik badatoz EB-Mercosur, EB-Japonia eta botere korporatiboaren mesederako beste hainbeste antzeko negoziazio. Kapitalismoaren morfologia erabat aldatzea helburu duen ofentsiba baten abangoardia dira, sakonduz doan krisialdi sistemikoa dela medio. Eta krisialdi sistemiko honen adierazlerik esanguratsuenetariko bat aldaketa klimatikoaren errealitate ezeztaezinean aurkitzen dugu. Are gehiago, esan dezakegu aldaketa klimatiko hau gero eta hurbilago ikus dezakegun ekologia-kolapsoaren parte dela.

Kolapso ekologiko hau kapitalismoaren bilakaera historikoaren ondorio zuzena den einean; egun bizi dugun merkataritza-hitzarmen olatu berri honek orain arte ezagutu dugun eredu kapitalista eraldatzeko helburu nabarmena duen einean (kapitalismo oldarkorragoa, baztertzaileagoa, predatzaileagoa, merkantilizatzaileagoa sustatuz), ondorio argi bat atera dezakegu: hitzarmen olatu berri honek kolapso ekologikorantz garamatzan dinamika suizidan sakonduko du erabat. Badago, beraz, zibilizazio kapitalistaren krisialdia, gero eta hurbilago dagoen amildegi ekologikoa eta deszifraezinak diruditen sigla guzti hauek lotzen dituen hari bat. Artikulu honetan hiru gako hauen arteko konplementarietate hori argitzen saiatuko gara.

Kapitalismoaren krisialdi sistemikoa eta agenda korporatibo berriztatua

2007an AEBetan izandako subprime hipotekek hasitako finantza-leherketa, oraindik konpondu ez den krisialdi ekonomiko global baten “irteera pistola-tiroa” suposatu zuen. Pentsamolde hegemonikoarentzat, kapitalismoaren krisialdi zikliko bat baino ez da izan, gorakada-fase berri batek jarraituko duena. Are gehiago, kontakizun ofizialaren aburuz, 2014tik susperraldi ekonomiko fase berri batean ustez murgilduta egongo ginateke.

Ikusmira baikor honek begi bistakoa den errealitate baten aurrean itsu agertzen da: krisialdi honen izaera sistemikoa, hain zuzen. Zibilizazio kapitalista bera da bidegurutze historiko batetan murgilduta dagoena: alde batetik, pasadan mendeko 70eko hamarkadatik hona bultzatu izan den finantziarizazio-prozesu sistematikoak gaineratiko kapital-multzo erraldoiak eragin ditu, benetako ekonomia produktiboarekiko korrelaziorik ez daukatenak, eta etengabe erreprodukzio-nitxo berrien bila daudenak. Beste aldetik, badaude kapitalaren erreprodukzio-gaitasun hori erabat mugatzen duten bi elementu:

• Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA)-ren esanetan, 2060 urtea zerumugatzat izanda, mundu-ekonomiaren %2-3 inguruko hazkunde-tasa xumeak aurreikusten dira, kapitalaren erreprodukzio-premia asetzeko nabarmenki eskasak.

• Gure gizarte kapitalisten oinarri material eta energetikoak erabateko murrizte prozesuan daude, kolapso ekologikorantz garamatzan bidearen urratsak direla eta. Horrela, alde batetik, aldaketa klimatikoa errealitate bat da; bestetik, azken hamarkadetako eredu produktiboaren oinarri izan diren lehengaiak (ikatza, gasa, petroleoa) agortze-prozesuan daude, euren tontorretara jada iritsi dira edo laister iristeke daude.

Egoera, beraz, larria da bai kapitalarentzat bai biziduna den ororentzat. Baina larritasun horri aterabidea emateko agendak bultzatzerakoan, kapitalak eta bizitzaren aldeko subjektuek interes kontrajarriak agertzen dituzte, noski. Horrela, botere korporatibo deritzon horrek (enpresa transnazionalak, hauen mesedetan jokatzen duten estatuak, finantza- zein ekonomi-erakunde multilateralak) XXI. mendeko kapitalismo berri baten aldeko apostuan dago burubelarri. Kapitalismoaren morfologia berri bat, non kapitalen erreprodukziorako aipatu ditugun bi oztopo sistemiko horiek gaindituak izango liratekeen, herri gehiengoen kalterako eta kolapso ekologikoan sakonduz. Helburua: hazkunde-uhin luze berri bat bultzatzea datozen hamarkadetarako, kapitalaren etengabeko metaketa eta erreprodukzioa ahalbideratzen duena.

Agenda berri hau eraikitze fasean dago orain, baina zenbait gako identifika ditzakegu. Zeintzuk dira XXI. mendeko kapitalismo horren ezaugarri nagusiak?

Esparru ekonomikoan, badago 4. Industri-iraultzaren inguruko gorantza doan fede itsu bat. Automatizazioa, robotizazioa, digitalizazioa, adimen artifiziala eta, hauek bultzatzeko ezinbestekoa den nitxo estrategiko argi bat: datuak. Eta azken honekin lotuta, ekonomia kolaboratibo lelopean agertu izan diren hainbat logika eta enpresa zehatz, gero eta garrantzi handiagoa dutenak informatizazioa era masiboan erabiltzen dutelako zerbitzuak eskaintzeko, eta lan-harreman berrien agerpena suposatu dutenak. Babesik eta eskubiderik gabeko lan harremanak, hain zuzen ere, langileak entrepeneur logikak asumitzera derrigortzen dituztenak.

Aldi berean, kapitalaren agendaren apostu ekonomikoak merkantilizazioaren mugarik gabeko zabalkuntzan du bere oinarririk nabarmenena, erreprodukzio-nitxo horien bila. Merkantilizazio dinamikak sektore eta eremu geografiko guztietara zabalduko dira. Horrela, Ongizate Estatuaren legatu gisa dinamika hauetatik kanpo geratu izan diren sektoreak barneratuak izango dira logika honetan, zerbitzu publikoak edota erosketa publikorako irizpideak kasu. Edota ondasun naturalei (ura, lurra, etb.) dagokionez, orain arte merkantilizazio dinamiketatik partzialki alboratuta egon direnak -izaera erkidea eta merkatuaren esparrutik kanpokoa suposatzen zitzaizkien einean- merkantilizazio-ofentsiba honen objektu pribilegiatua bilakatuko dira. Laburbilduz, eraso erabat oldarkorra aurkaratzen ari gara, kapitalaren erreprodukziorako nitxo berrien etengabeko sormena helburu duena, non biziduna den oro merkatuan salerosteko modukoa bilakatzen den, orain arte indarrean egon diren hainbat “tabú” suntsituz.

Arlo politikoari dagokionez, badaude bi apostu argi. Lehendabizi, nazioarteko merkataritza metapolitizatzeko apustua. Zer esan nahi du honek? Merkataritza eta inbertsio fluxuak erregulatzen dituzten arauak estatuen, estatu-azpiko subjektuen eta nazioarteko erakundeen eztabaida demokratikoaren esparrutik kanpo uzteko apustu irekia, hain zuzen. Arau hauek “konstituzionalizatu” beharra dago, hau da, eztabaida publikotik kanpo kokatu beren beregi, inork ezbaitan jartzeko aukera erabat desagertaraziz. Horrela, arau eztabaidaezin hauek amaitzen diren lekuan hasiko litzateke demokrazia. Honekin, enpresa multinazionalen de facto gobernu bat instituzionalizatzea lortu nahi du agenda korporatibo honek.

Bigarren apostu politikoa aurrekoaren ondorio zuzena da: multinazionalen egitezko gobernu horrek zenbat eta urrats gehiago eman, erakunde publikoek gero eta gaitasun gutxiago izango dituzte gehiengo sozialen aldeko politikak egiteko. Greziaren kasua irakaskuntza garratza izan da zentzu honetan, eta logika hori zabaltzea da apostu honen helburua. Maila desberdinetako erakundeek konstituzio ekonomiko global hori ezbaitan jartzen duten neurririk ezin badute hartu, erakundeen rola segurtasuna eta ordena publikoaren esparruetara mugatuko litzateke gero eta nabarmenago. Honek, krisialdi ekonomiko, sozial eta ekologiko baten testuinguruan, estatuen izaera autoritarioa sustatzeko apostu argia suposatuko du.

Azkenik, kultur arloan, jada somatzen diren zenbait joera aipatu behar ditugu: diskurtso eta errelato hegemonikoak gero eta bortizago, oldarkorrago, baztertzaileago, azken finean, erreakzionarioago bilakatzeko apostu nabarmena egiten du XXI. mendeko agenda korporatibo honek. Azken boladan pairatu dugun diskurtso misogino edota arrazisten izaera gero eta esplizituagoak badu kapitalaren apostu estrategiko honekin zerikusirik. Eta beste alde batetik, badugu gure artean indibidualismoan oinarritutako etika publiko baten hazkundea, balio pribatu eta korporatiboak erdialdean kokatzen dituena, ekintzaile edo entrepeneur horren estereotipoa lehen mailako balio sozial bilakatzen duena eta artikulazio kolektiboak beren beregi ukatzen dituena.

Hauexek dira XXI. mendeko kapitalismo berri bat eraikitzeko agenda korporatiboaren apostu estrategiko nagusiak. Krisialdi sistemikoko testuinguru honetan, kapitalen etengabeko erreprodukzioa bermatzea helburu nagusitzat izanik, enpresa transnazionalen de facto gobernu bat sortzea erdialdean kokatzen duten apostu estrategikoak, hain zuzen. Eta helburu honetan aurrera egiteko, merkataritza itunak baliabide pribilegiatu eta egituratzaile bilakatu dira azken hamarkadatik hona.

Korporazioen de facto gobernua eta merkataritza hitzarmenak

Merkataritza-hitzarmen olatu berria XXI. mendeko kapitalismo honen mugarri estrategikoetako bat da. Ez da, ordea, apostu erabat originala. Jada pasadan mendeko 90eko hamarkadan merkatu global bati antzeko forma juridiko bat emateko lehendabiziko ofentsiba bat bizi genuen. Kasu hartan, aldeaniztasunean oinarritutako saiakera bat izan zen, bi erakunde ardatz izanda: Munduko Merkataritza Erakundea eta Inbertsioen Akordio Aldeanitza (gaztelaniazko OMC eta AMI, alegia). Aldeaniztasun horrek zailtasun handiak suposatu zituen negoziazioak aurrera ateratzerakoan (subjektu anitzak, interes kontrajarriak, BRICS herrien agerpena,...), eta azkenik, estrategia hau alde batera utzi zen, bi erakunde hauen ekimenak gaur egun porrotarekin identifikatzen ditugularik.

Baina merkatu global hori bultzatzeko asmoa ez zen bertan behera gelditu porrot horren ondorioz. Kontrara, botere korporatiboa osatzen duten eragile desberdinek estrategia bidefinitu zuten erabat. Eta birdefinizio hori da gaur egungo hitzarmen olatu berriari forma ematen dion oinarri teoriko eta estrategikoa. Horrela, batez ere 2008tik aurrera, estrategia progresiboagoa izango da, pausuz-pausukoa, herrialde zein eskualde zehatzen arteko hitzarmenetan oinarritutakoa. Ondorioz, hitzarmenak aldebikoak izango dira nagusiki, negoziatzeko askoz ere errazagoak. Horrela, herri zein eskualde zehatzek beraien artean akordioz akordio emandako aurrerapausuak direla eta, merkataritza hitzarmen hauek gero eta sare zabalagoa osatuko dute, gero eta eragile eta herrialde gehiago barneratuz. Egintza burutuen politika bat jarraituz, ia ohartu gabe, hitzarmenen sare global horrek merkatu global hori kontsolidatzea da estrategia honen asmoa. Irizpide honen baitan ulertzen dira azkenengo urteetan hedabideetara iritsi diren hainbat ekimen: TTIP, CETA, TISA edo TPP kasu.

Lehen aipatu dugu konstituzio ekonomiko globala garatzea dela kapitalaren XXI. mendeko agenda honen helburu nagusienetariko bat. Baina kasu honetan ez da konstituzio formal eta bateratu bat izango. Ez dugu testu bakar batetan aurkituko. Kapitalaren konstituzio ekonomiko globalaren edukia merkataritza-hitzarmen anitzen edukia da. Orain arte jada indarrean dauden tipologia desberdinetako 3000 hitzarmen horiei gehituko litzaizkioke olatu berri honetan negoziatzen ari diren guzti horiek. Eta hitzarmen guzti hauek aurreikusten duten arau multzo deszentralizatu, zehaztugabe, kontrol demokratikorik gabeko, anbiguo horrek osatuko du konstituzio global hori hain zuzen. “Konstituzionalizazio” horren helburua argia da: merkantilizazio-ofentsibari blindajea eskaintzea, estatuen alternatibak eraikitzeko eskumen eta gaitasunak erabat ezabatuz eta enpresa multinazionalen boterea behin betikotasunez gure gizarteen lehentasunen tontorrean jarriz.

4 dira konstituzio ekonomiko global horren martxan jarri nahi dituen estrategiak helmuga horretara heltzeko:

Nazioarteko merkataritzaren definizioaren erabateko hedapena. Pasadan mendeko 80ko hamarkadara arte ondasunak (eta ez ondasun mota oro, gainera) baino ez ziren merkataritza kontzeptu honen baitan sartzen; orain inbertsioa, zerbitzuak, erosketa publikoa, ondasun naturalak barneratzeko prozesuan aurkitzen gara, ein handi batean merkataritza hitzarmen hauen bitartez.

Balio eta printzipio zehatzak gobernantza politiko-ekonomikoaren erdialdean kokatzea, hertsatzaileak oso, juridikoki derrigortasunez inposatzeko modukoak, eta enpresa transnazionalen interesak asetzeko pentsatutakoak, estatuen gaitasunak erabat murriztuz, indargabetuz. Hauen artean, aipatzekoak dira oztoporik gabeko merkatu-sarbidea enpresentzat; araudien bateratzea eskubideen murrizketa irizpidetzat hartuta; inbertsioen lehentasuna erabaki demokratiko herrikoien gainetik; merkantilizazio eta pribatizazio prozesuetan atzera egiteko debeku zorrotza, besteak beste.

Erakunde eta egitura berrien sorrera eskualde mailan zein aldeanitzekoan. Hauek botere korporatiboaren interesen alde jada indarrean dauden erakundeei gehituko dira. Konkretuki, konbergentzia arautzailea martxan jartzeko egitura berriak sortuko dira, hitzarmenen sinatzaile desberdinen lege eta arauak elkarren artean bateratzeko helburuarekin, eta beti eskubide-estandarrak beherantz bultzatuzeko logikaren pean (lan arloko legedietan, ingurumenaren babeserakoetan, etb).

Justizia pribatizatuaren instituzionalizazioa, hitzarmen olatu berriak aurreikusten dituen arbitraje-auzitegiak direla medio. Hauen baitan, enpresa transnazionalek estatuak salatzeko eskumena daukate beraien interesak eta irabaziak kaltetutzat jotzen badituzte, baina ez alderantziz. Eta hau, estatuen ohiko jurisdikziotik kanpo dauden egituren bitartez.

Laburbilduz, merkataritza hitzarmen bolada berri honen bitartez konstituzio ekonomiko global bati eman nahi zaio forma, enpresa transnazionalen de facto gobernu bat gobernantza politiko eta ekonomikoaren erdialdean kokatzeko asmo argia dagoelarik. Kapitala eta bere proiektu estrategikoa demokraziarekiko erabateko bateraezintasuna agerian uzten du. Eta, hitzarmen hauek merkantilizazio globalaren eragin-eremua nabarmenki hedatzeko asmoa daukaten einean, esan beharko dugu baita ere jasangarritasunarekiko erabat bateraezinak direla. Honen harira, merkataritza hitzarmenen eta kolapso ekologikoaren arteko harreman estua aztertuko dugu azkenengo atal honetan.

Hitzarmenak eta kolapso ekologikoa

Kontakizun ofizialaren aburuz, krisialdi ekonomikotik atera behar gaituen 4. Industri-iraultzak berak ekarriko digu baita ere krisialdi ekologikoaren konponbidea. Merkataritza fluxuek bolumena handitzearen eskutik, noski. Digitalizazio, automatizazio eta robotizazioari lotutako iraultza berri honek elkarlanean eta deszentralizazioan oinarritutako eredu ekonomiko bat eragingo luke. Materialen eta energiaren erabileran efizienteagoa eta, beraz, jasangarriagoa den eredua. Beraz, etengabeko garapenean oinarritutako mitologia berri bat sortzen ari dira, oraingo honetan datorren iraultza industrial berri honen gako nagusiei lotutakoa, datozen hamarkadetarako hazkunde ekonomiko iraunkor bat bultzatzeko gaitasuna izango lukeena.

Gaur egun bizi dugun zibilizazio-krisialdia gainditzea eta etengabeko hazkunde ekonomikoaren mantraren arteko kontrakotasun estruktural argia alde batera utzita, errelato horren egiazkotasuna frogatzen duten daturik ez dagoela esan beharra dago: momentuz ez da gertatu produktibitatearen hazkunde nabarmenik; ”ekonomia berri” horren eraginkortasun-esparrua oraindik ez da kontsumorako zerbitzu-sektorearen mugetatik kanpo atera; kapitalaren zentralizazioak eta metaketak ez dute behera egin. Kontrara, areagotze-prozesu argian daude murgilduta, big tech multinazionalak “txapeldun korporatibo” (beraien sektorean enpresa global bakar diren horiek, merkatuaren erabateko kontrola egikarituz) bilakatzearen bitartez.

Gainera, iragartzen diguten desmaterializazio prozesua ezerezean geratzen da merkataritza hitzarmenen ofentsibak dakarkigun distopia ekologikoarekin aurkaratzerakoan. Kapitalismo digitalaren paisai idilikoaren aurrean, kolapso ekologikoaren amildegirantz bultzatzen gaituen hainbat errealitatez osatutako eszenatokia agertzen zaigu: aldaketa klimatikoaren sakonketa, eskaeraren eta oinarri energetiko eta materialaren arteko desoreka, gatazka sozioanbientalen areagotzea, eta hain premiazkoak diren trantsiziozko politika alternatiboak bultzatzeko gaitasun instituzionalen erabateko mozketa.

Aldaketa klimatikoari dagokionez, merkataritza hitzarmenek arlo honetako nazioarteko helmugak lehertaraziko zituzkeela ez dago zalantzarik. Alde batetik, hitzarmen hauek agroindustria eredu hegemoniko gisa sustatzen dute -CETA, edota edozein momentutan sinatu daitekeen Europar Batasunaren eta Mercosur-en arteko akordioak agerian uzten dutenez-, atmosferara isurtzen den karbono dioxidoaren erantzule nagusienetariko bat, alegia. Bestetik, ikatza, petroleoa eta gasa ateratzea sustatuz eta bultzatuz, ondasun natural hauen merkantilizazioaren blindajearen bitartez. Gogoratu beharra dago Energiaren Nazioarteko Agentziak (ENA) adierazi duela nazioarteko helmugak bete ahal izateko egungo depositoen bi herenak gutxienez zorupean geratu beharko liratekeela.

Aldi berean, ekonomia digitalizatuago batek ekar zezakeen energia zein materialen erabileraren murrizketa, oso erlatiboa izateaz gain, ez luke konpentsatuko merkatuaren eskala globaleko zabalkuntzak suposatuko lukeen erabilera honen handitzea. ENAren aburuz, 2050 urterako energiaren eskaera globala hirukoiztu egingo da, aldi berean 4. Industri-iraultza horri lotutako beste lehengai eta materialen gaineko presioa areagotuz joango delarik. Ekonomia digital ikustezin horrek material eta energia kopuru erraldoia beharko du datozen urteetarako aurreikusten diren datuen kudeaketa ahalbideratzeko. Datu horien bolumena itzela izango da zihurtasun osoz, pertsona bakoitzeko edukiera altuko disko gogor 2 ren baliokidea.

Bagaude, beraz, karbonizazioaren areagotze prozesu batetan murgilduta (”kapitalismo orlegiak” sustatutako energia berriztagarrien gaineko ofentsibarekin batera), baita ekonomiaren materializazioarena ere, guzti hau kontrolik gabeko aldaketa klimatikoaren testuinguruan. Ingurumena jatorri duten gatazkak gora doaz, gaur egun existitzen direnen %70a osatzen dutelarik Nazio Batuen aburuz. Guzti hau ongizate kolektibo eta demokratikoren gainetik kokatzen den botere korporatiboaren “konstituzio” hori indarrean egonda. Konstituzio ekonomiko global horren inplementazioa -merkataritza hitzarmenen bitartez batik bat- bizitza eredu jasangarrietarantz igarotzeko trantsiziozko politikak bultzatzeko erabateko ezintasuna suposatuko luke. Bizitza eredu hauek konstituzio korporatibo horren mehatxu eta presioaren pean kokatuko lirateke, konbergentzia arautzailerako egituren zein arbitraje-auzitegien indarra dela medio.

Gero eta azkarrago hedatuz doan kolapso baten aurrean gaude, aldi berean egoera horri aurre egiteko gaitasunak murrizten dizkigutelarik. Eredu kapitalistaren logikaren ondorio zuzena den kolapsoa, non merkataritza hitzarmenek demokraziarekiko zein jasangarritasunarekiko bateraezintasuna agerian uzten duten. Azken finean, kapitalaren eta bizitzaren arteko bateraezintasuna.

------------------------------------

Gonzalo Fernández eta Gorka Martija ikerlariak dira OMAL - Latinoamerikako Multinazionalen Behatokian.

Ver en línea : Argia, 2018ko uztailaren 12a.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB