Portada del sitio > Publicaciones > Artículos > Basque Country markarekin bueltaka

Basque Country markarekin bueltaka

Gorka Martija (Argia, 2018ko urtarrilaren 9a)

Martes 9 de enero de 2018

JPEG - 2.5 MB

Eusko Jaurlaritza pasadan abenduaren 28an CAF enpresaren kapitalean barneratu zen, Kutxabank-en eskuetan zeuden akzioen %1,24aren eskuraketaren bitartez. Honek lurrikara galanta suposatu zuen Euskal Herriko panorama politiko, ekonomiko ta sindikalean, are gehiago Lakuaren politika industrialaren inguruan existitzen diren eztabaida eta analisi kritikoak direla medio. Arantxa Tapia sailburuaren esanetan, “euskal ekonomiaren hazkundea eta teknologi- zein internazionalizazio-potentzialtasuna duten enpresen errotzearen bermatzea” izan da ekimen honen helburu nagusia. Bestelako hausnarketetaz aparte, internazionalizazioaren mantra agertzen zaigu berriz ere. Urkullu lehendakariaren administrazioen estrategi ekonomikoaren erdialdean kokatzen den mantra, alegia.

Kolonbia, Quebec, Arabiar Emirerri Batuak…

Egon dira azken boladan nazioartekotzearen zentrotasun honen adierazle argiak izan diren hainbat gertakari eta ekimen: horrela, Lehendakariak berak (Tapia sailburuak, SPRIren hainbat goi-karguk eta negozio-nitxoak ireki nahi dituzten euskal enpresa desberdinen ordezkariek lagunduta) Kolonbia eta Quebec bisitatu ditu misio-politiko-enpresarial desberdinen testuinguruan ekainetik hona. Bi kasuetan, merkatuen harrapaketa eta enpresa-errentagarritasun hutsa bilatzen dutela agerian geratu da nabarmenki: Kolonbiaren kasuan, bertan gauzatzen diren giza eskubideen urraketak agenda ofizialetik alde batera utziz (naiz eta urraketa horietako askok Atzerriko Inbertsio Zuzenetik eratorritako enpresa-jardueretan oinarria izan); Quebec-en kasuan, misioa Europar Batasuna eta Kanadaren arteko CETA merkataritza eta inbertsio hitzarmen neoliberala indarrean sartzeak euskal enpresentzat izan ditzakeen onurak aztertzeko diseinatuz, tratatu honek gehiengo sozialentzat izango dituen ondorio ezkorrak kontutan izan gabe.

Hauetaz aparte, beste ekimen batzuren testigu izan gara, enpresa-internazionalizazioaren bultzadarako erro estrategiko honen baitan, Jaurlaritzaren erabateko pisua izan duen partehartzea dela medio. Horrela, azaroaren azken egunetan Javier Zarraonandia Industria Sailburuordeak eta Ainhoa Ondarzabal Internazionalizazio Zuzendariak Arabiar Emirerri Batuak bisitatu zituzten, bertan diharduten euskal enpresen aldeko bitartekotza politiko-instituzionala egikaritzea helburu nagusitzat izanez. Bertan Dubaiko gobernuaren Garapen Ekonomikorako Departamentuarekin eta beste zenbait ordezkari instituzionalekin bildu ziren (Dubai Expo 2020, besteak beste). Noski, agenda instituzionalaren osotasuna euskal enpresen mesederako bitartekotza lan hauetara zuzendu zen. Giza eskubideak, lan zein sindikatu eskubideak eta beste zenbait kontutan hartzeko elementu ez ziren jorratu, naiz eta herri honetan gai hauen inguruko salaketak ugariak eta larriak izan (berriro ere, enpresen jarduerei lotutako salaketak, alegia).

Enpresa-nazioartekotzea: politika sistematiko bat

Ekimen hauek azkenengo urteetan hedatuz eta sistematizatuz doan enpresa-nazioartekotzearen sustapenerako Jaurlaritzaren politika publikoaren jarraipen hutsa suposatzen dute. Enpresa-nazioartekotzearen sustapena gure inguruko maila desberdinetako gobernuen irizpide estrategiko bilakatu da azkenengo urteotan, eta Eusko Jaurlaritza ez da salbuespen bat. Are gehiago, EAEko exekutiboa enpresak nazioarteko merkatuetan murgiltzearen ondasunak goraipatzen dituen diskurtso hegemonikoaren adierazle nabarmen eta aktiboa bilakatu da, paradigma neoliberalak bultzatutako diskurtsoa hain zuzen. Horrela, 2008ko porrotaren ostean, enpresa-internazionalizazioaren ideiaren lehentasuna mundu mailan nagusitu zen, krisialditik ateratzeko eta enpresa-etekinetan oinarritutako hazkunde-ziklo berri bat irekitzeko bidea bezala. Ildo honi jarraituz, Eusko Jaurlaritzak gero eta garrantzi gehiago emanez joan da ideia honi, batez ere Urkullu Lehendakariaren agintaldietan, zenbait parametrotan sakonduz eta politika publiko honen sistematizazioa bultzatuz. Hauexek dira 2016 urterarte politika honen elementu nagusiak, datorren boladan gure ustetan sakondua izango dena bere erro nagusietan:

  • Basque Country marka, enpresa erdialdean: enpresa-nazioartekotzea sustatzeko politika publiko honen adierazpenik ezagunena da herrialde-marka hau, narratibaren ikuspegitik “euskal izaera” edo “euskaltasuna” delakoaren inguruan eraikitako imaginarioan oinarritutakoa (kultura propioa, hizkuntza, emandako hitzaren balioa,…). Tresna honen analisi zehatzago batek zera adierazten digu: naiz eta formalki dimentsio anitzeko tresna bezala aurkeztu, enpresa-mundua markaren jasotzaile nagusienetariko bat dela nabarmenki, bere helburu estrategikoen artikulazio-ardatz nagusi gisa jokatzen duelarik. Hau bestelako lekuetan diharduten herrialde-markak konpartitzen duten ezaugarri bat da: herri-kosmologia baten izaera eta ezaugarriak, enpresa pribatuaren irabazien zerbitzura jartzea, Marca España eta bestelakoak bezala. Erkidea eta partikularra, publikoa eta pribatua denaren arteko berariazko nahastea, alegia.
  • Ikuspegi neoliberala oinarri: Ondorioz, politika honen osotasuna irizpide neoliberal baten pean eraikita dagoela esan dezakegu. Eusko Jaurlaritzak enpresak nazioartekotzeko bultzatzen duen politikak ikuspegi bat du: euskal enpresen lehiakortasuna eta errentagarritasuna handitzea, eta merkatu berriak harrapatzea. Jorratutako diskurtso ofizialaren arabera, honen bitartez Euskal Autonomia Erkidegoan enplegua sortzea lortuko litzateke azken buruan. Hau agerian geratzen da bai 2016 urterarte indarrean egon diren plangintza estrategikoetan (datozen urteetarako berritzatuak izango direnak oraintxe eta, ikusiko dugunez, ardatz berdintsuak jarraituko dituztenak), baita politika honen bitartez bideratzen diren tresna zehatz desberdinetan ere (bai existitzen diren mota desberdinetako diru laguntzak –esportazioak sustatzeko, enpresak hirugarren herrialdeetan ezartzeko, nazioarteko lizitazioetan partehartzeko, clusterren atzerriko jarduera bultzatzeko-, bai diplomazia ekonomikoa egikaritzeko martxan dagoen antolamendu instituzionalaren izaeran –atzerriko herrietara egindako bidai edo misio politiko-enpresarialak, Merkataritza Ganberekin artikulatutako aliantza publiko-pribatu estrategikoa, SPRIren atzerriko ofizinen enpresentzako sostengua,…-). Guzti hauetan, enpresa errentagarritasuna ardatz nagusi/bakarra bilakatzen da, giza eskubideak, lan-baldintzak, ingurugiroarekiko inpaktuak edota bestelako irizpideak kontuan hartuak ez direlarik. Zentzu horretan, erabat esanguratsua da plangintza estrategikoetan zehazten diren lehentasunezko herrialdeak, non Persiar Golkoa edota Pazifikoko Aliantza (Mexiko, Kolonbia, Peru, Txile) osatzen duten herriek erabateko protagonismoa asumitzen duten, bertan bizi diren giza eskubideen urraketa latzak kontutan izan gabe, eta inbertsioen “segurtasun juridikoa” balio nagusitzat hartuta.

Datozen urratsak: nazioartekotze politika sistematizatuago bat

Hasieran aipatu dugun bezala, azkenengo hilabeteetan burututako ekimenek politika honen identitatean sakontzera garamatzate. Oinarrizkoa den izaera neoliberal hori ukitu barik, sistematizazio eta eraginkortasun maila handiago bat garatzea izango litzateke helburu nagusia. Eta hau, arrazoi argi batengatik: enpresa-nazioartekotzea apostu estrategiko gero eta garrantzitsuago bat delako, plangintza ekonomiko publikoen erdialdean kokatzen ari delarik azkenengo urte hauetan. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, apostu honen adierazlerik esanguratsuenetariko bat 2018ko urtarrilean Basque Trade and Invest/Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren sorrera izango litzateke.

Erakunde honen sorrera politika honi eman nahi zaion sistematizazio mailaren adierazlea da. Honek SPRIren kanpo-sarea osatzen duten 14 ofizinak (merkatu estrategikoetan kokatutakoak) bere agintepean kokatuko ditu, eta enpresa-nazioartekotzea sustatzeko tresnei homogeneizazio maila altuago bat emango die. Aldi berean, tresna hauen espezializazioan sakontzea izango da beste helburuetako bat. Beti enpresa arloko irizpide eta beharrizanak erdialdean kokatuz eta erakunde publikoak bere zerbitzura ipiniz.

Artikulazio instituzional berri honek, ondorioz, jada Jaurlaritzak azken urteotan bultzatu duen ildo neoliberal berberean sakontzeko ahalegin berri bat suposatzen du, non botere publikoak enpresen beharrizanak betetzea eta irabaziak pilatzeko grina asetzea helburu nagusitzat asumitzen duen, eta giza eskubideak, lan-baldintzak, ingurumena, emakumeen eskubideak eta, azken batean, gehiengoen interesak erabat alde batera geratzen diren.

Ver en línea : ARGIA, 2018ko Urtarrilaren 9a


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB