Portada del sitio > Sala de prensa > Entrevistas > Giza eskubideak nazioarteko merkataritzaren gainetik: oztopoz betetako (...)

Giza eskubideak nazioarteko merkataritzaren gainetik: oztopoz betetako helburua

Unai Brea (Argia, 2017ko urriaren 31)

Viernes 3 de noviembre de 2017

Urriaren 23tik 27ra Genevan egin da hirugarren lan saioa –2015 eta 2016koen ostean– transnazionalen giza eskubideekiko erantzukizuna arautzeko. Helburu hori betetze aldera, itun lotesle bat sortzeko NBEren agindua du gobernu arteko lantalde batek; ez da erronka erraza, besteak beste Europar Batasuna prozedura zango-trabatzen ari delako. Lantaldearen bileran izan zen Erika González, OMAL multinazionalen behatokiko (OMAL) ikertzailea, eta hark eman digu Genevako saioaren berri.

JPEG - 510.6 KB

2014an lantaldea eratzea onartu zenetik hirugarren saioa izan da hau. Zer erabaki da?

Funtsean, prozesua aurrera doala. Horrek esan nahi du laugarren lan saioa egingo dela 2018an, oraindik zehaztu gabeko datan. Konpromisoa hartu da lau hilabete lehenago aurkezteko transnazionalek giza eskubideekiko duten erantzukizuna finkatuko duen dokumentuaren zirriborroa, ondoren lan saioan eztabaidatzeko. Aurrera jarraituko da beraz, baina ez oztoporik gabe.

Zirriborro horren ildo nagusiak zeintzuk izango diren esaterik badago?

Lantaldeko presidentzia duen Ekuadorrek agiri bat aurkeztu du, itunak jaso beharko lituzketen elementuak aipatuz. Aipagarrienetako bat da –azken hamarkadetan ez baita horrela izan– giza eskubideak merkataritza eta inbertsiorako nazioarteko arauen gainetik jartzen dituela. Horrek aurkako erantzun ugari eragin du; Mexikoko ordezkaria, konparazio baterako, oso tematuta zegoen hierarkikoki giza eskubideak gainetik egin behar luketela ukatzen.

Beste elementu aipagarri bat da bereziki azpimarratzen dela ituna enpresa transnazionalei baino ez dagokiela.

Europar Batasuna indarrez aritu omen da horren kontra.

Bai, balizko itun batek enpresa guzti-guztiei eragitea eskatzen dute, nahiz eta gaian aditu askok hamaika aldiz nabarmendu duten transnazionalak direla, hain zuzen, giza eskubideekiko betebeharrei izkin egiteko erraztasun handiena dutenak.

JPEG - 86.2 KB

Azken 40 urteetako aurrekariek erakutsi dute estatu indartsuenek eta transnazionalek badutela lanabes nahikorik prozesu osoa geldiarazteko", azaldu digu OMALeko Erika Gonzálezek.

Irakurri dizudanez, EB ez da prozesua geldiarazi –edo behintzat moteldu– nahi duen eragile bakarra.

Ez, ildo beretik doaz beste estatu batzuk (Errusia, Mexiko, Australia, Suitza…) eta transnazionalak noski. Haien helburu nagusia da itun loteslea baztertu eta 2005ean NBEk onartu zituen Zuzentze Printzipioek –Ruggie Printzipio esaen zaienak– indarrean jarraitzea. Labur esanda, enpresek boluntarioki onartutako ekinbide sorta bat dira printzipio horiek, baina inolako betebehar errealik ez dakarkienak. Giza eskubideekiko begirunez jokatu behar dela aipatzen da, baina hori betearazteko mekanismorik gabe.

Eta AEBak?

Zuzenean gobernu arteko lantaldean parte hartzeari uko egin zioten hasiera-hasieratik, eta dagoeneko iragarri ez dutela onartuko hortik atera daitekeen inolako itunik. Ezustean, joan den asteko saioko azken egunean bilera batera azaldu ziren, baina prozesua amaitutzat eman beharko litzatekeela esateko baino ez.

Zer gerta daiteke hemendik aurrera?

Azken 40 urteetako aurrekariek erakutsi dute estatu indartsuenek eta transnazionalek badutela lanabes nahikorik prozesu osoa geldiarazteko. Burokraziaren bidez motelduko dute, interpretazio zabaleko dokumentu anbiguoak onar daitezen saiatuko dira, prozesua bera ezbaian ipiniko dute… Momentuz, ikusi beharko da zer gertatuko den datorren martxoko NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan.

Ver en línea : Argia, 2017ko urriaren 31.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB