Portada del sitio > Sala de prensa > Notas de prensa > Lan, ingurumen eta giza eskubideei lotutako irizpideak enpresa-nazioartekotze

Lan, ingurumen eta giza eskubideei lotutako irizpideak enpresa-nazioartekotze politiketarako

Euskadiko GGKE-en Koordinakundea (2017ko irailaren 26)

Miércoles 27 de septiembre de 2017

Garapenerako GKEek proposamenak egiten dituzte gobernuaren giza garapeneko eta iraunkortasuneko printzipioen eta enpresa-nazioartekotzeko politiken arteko inkoherentziak kentzeko.

Pobrezia, desberdintasunak, giza eskubideen urraketa, gizarte-eskubideen murrizketak, ingurumen-egoera, migrazio-krisiak, emakumeen diskriminazioa… egungo mundu globalizatuko zenbait arazo dira, eta, beraz, konponbide globalak izan behar dituzte. Garapenerako lankidetzaren bidez, pobretutako herrialdeetan pobrezia eta desberdintasunak desagerrarazten laguntzen dute erakunde publikoek, hezkuntzan, osasungintzan eta gosearen kontrako borrokan, besteak beste.

Gobernu baten ekintzek helburu hau ere izan behar dute: lankidetzaren eragina hobetzea. Gobernuek ziurtatu egin behar dute politika guztiak bat datozela giza garapen zuzen eta iraunkorreko helburuekin, eta pobreziaren eta desberdintasunen kontrako borrokarekin, esku-hartze batek ere lankidetzaren bidez lortutako aurrerapenak gelditu edo bertan behera utz ez ditzan.

Garapenerako lankidetzari buruzko Euskadiko Legeak honela dio: “Garapenerako lankidetzari lotutako jarduerak elkarrekin koherenteak izan daitezen zainduko dute euskal administrazio publikoek, eta beharrezko diren koordinazio-mekanismoak jarriko dituzte horretarako hala beren artean, nola beste administrazio publiko batzuekin, beste erakunde batzuekin eta nazioarteko lankidetza agentzia eta organismoekin”. Gainera, 2016an, Urkullu lehendakariak berak Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Politiken Koherentziarako Erreferentzia Esparrua dokumentua aurkeztu zuen. Dokumentu horrek argi eta garbi adierazten du Eusko Jaurlaritzak giza garapenaren eta iraunkortasunaren aldeko konpromisoa duela bere gobernu-ekintzarako zein kanpo-ekintzarako.

Eusko Jaurlaritzaren enpresa-nazioartekotzeko politikaren ikuspegia, printzipioak eta hartan diharduten eragile eta tresnak ezagutzeko, eta giza garapen iraunkorrarekiko zer koherentzia duten ebaluatzeko, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan jarduten duten Euskadiko 80 GKEk osatuak, lehenengo ikerketa hau sustatu du: Eusko Jaurlaritzaren enpresa- nazioartekotzeko politikaren analisia: garapenerako politiken koherentzia. Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiarekin (Paz con Dignidad-OMAL) batera egin du.

Ondorioak

Azterlanetik ondorioztatzen da enpresa-nazioartekotzeko politikak, Basque Country markaren oinarriak, ia ez du aintzat hartzen gizartearen, lanaren, ekologiaren eta giza eskubideen arloetako irizpiderik, eta teknikoak eta enpresa-arlokoak soilik diren aldagaiak lehenesten ditu: “lehiakortasunari eta merkatu berriak hartzeari ematen zaie lehentasuna, giza garapenaren eta iraunkortasunaren inguruan hartutako konpromisoak alde batera utzita; beraz, ikuspegi hori ez da erreferentzia bat kanpo- ekintzako politiketan”.

Hau ere jartzen da agerian: “nazioartekotze-politikak ez du guztien ongia bilatzen enpresek jarduten duten lurraldeetan, eta haren helburu bakarra Euskadiko enpresa-inbertsioa indartzea da. Gainera, arlo horretan erreferentziazkoak diren 18 irizpideak (transferentzia teknologikoa, lan-eskubideak, baterako estrategia, etab.) urratzen ditu”. Gainera, azterlanak azpimarratzen du enpresek nazioartekotzeko nahiago dituzten herrialdeetan, hala nola Mexikon eta Kolonbian, giza eskubideak urratzen direla.

Lanak ondorioztatzen du politika horretan parte hartzen duten eragileen esparrua oso txikia dela eta interes publiko eta pribatuen arteko akordioetan oinarrituta daudela. Ildo horretan, aipatzekoa da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Merkataritza eta Industria Ganberen arteko aliantza. Hala ere, sindikatuek, GGKEek eta gizarte-mugimenduak zeregin hutsala dute. Ez dago jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontuak emateko egitura eraginkor eta gardenik.

Azkenik, hau berresten da: “lankidetza-politiketan eta enpresa-nazioartekotzeko politiketan nagusitzen diren irizpideak elkarren kontrakoak dira, eta, hortaz, Eusko Jaurlaritzaren kanpo-politika kontraesankorra da nabarmenki”.

Gomendioak

Beharrezkoa da politika publikoen printzipioak etikoak, interes orokorrekoak eta iraunkorrak izatea, eta giza eskubideen eta pertsonen ongizatearen aldeko defentsa lehenestea. Eredua emanez soilik lor daiteke erakunde pribatuen ekintzan eragina izatea, onura ekonomikoa kosta ahala kosta lor ez dadin. Konstruktiboki, baina giza eskubideak errespetatu nahi dituen gobernu oroko onartu beharreko minimoak direla kontuan hartuta, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak proposamen hauek helarazten dizkio Eusko Jaurlaritzari:

“Eusko Jaurlaritzak bere egin behar du giza eskubideen nazioarteko esparrua, nazioartekotze-politikarako erreferentzia juridiko eta legal gisa. Zalantzan jarri ezin den minimo bat da", dio.

Halaber, hau adierazi du: “Interesgarria izango litzateke sindikatuak, GGKEak, ekonomia sozial eta solidarioko erakundeak eta abar ere enpresa-nazioartekotzeko politikaren egitura eta ekimenetan parte hartzen duten gizarte-eragileen esparruan, eta enpresen misio komertzialetan edo kidego diplomatiko sartzea. Gomendagarria izango litzateke Euskadiko gizarteak eta sindikatuek diplomaziako misioetan parte hartzea”.

“Enpresen nazioartekotzerako laguntzen deialdietako irizpideak aldatu behar dira”. Pixkanaka beste irizpide batzuk ere hartu behar dira kontuan puntuazioaren guztizko portzentajean (sozialak, genero-berdintasunekoak, ekologikoak, lanekoak eta kulturalak). Eta giza garapen iraunkorrean oinarritutako irizpide baztertzaileak ezar daitezke enpresei ematen zaizkien diru-laguntzetan; besteak beste, honako hauek: ingurumen-inpaktuari buruzko azterketak eskatzea; Erromako Hitzarmenean tipifikatutako nazioarteko krimenekin zerikusia duten enpresak alde batera uztea; nazioarteko lan-esparrua osorik betetzea; sexu, genero, arraza/etnia edo dibertsitate funtzionalagatiko diskriminaziorik ez eragitea; zerga-paradisuetan kontuak dituzten euskal enpresak zuzenean baztertzea; eta jarduera-xede den herrialdeetan zerga-betebeharren ordainketa egunean izatea.

Orobat, hau ere gomendatzen du: “Enpresen eta Giza Eskubideen Euskal Zentroa sortzea, Eusko Jaurlaritzaren enpresa-nazioartekotzeko politika aztertzeko, kontu emateko eta ebaluatzeko, eta Euskadiko enpresen kanpo-jardueraren jarraipena egiteko”.

Hori guztia dela eta, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak gonbit hau egiten dio Eusko Jaurlaritzari: “Gobernu-ekintza eta, bereziki, kanpo-ekintzako bi politika nagusiak (enpresa-nazioartekotzea eta garapenerako lankidetza) bat etortzea,

Euskadiren eta euskal enpresek jarduten duten herrialdeen garapena iraunkorra eta bidezkoa izan dadin”. Koordinakundeak gogora ekarri nahi du funtsezkoa dela nortasun komun bat maila guztietan eta, bereziki, kanpora begira proiektatzea, mundu globalizatu honetan aurre egin behar ditugun erronken harira. “Badakigu ez dela erronka erraza, baina lor daitekeela. Hori dela eta, Euskadiko garapenerako GKEen esperientzia, ezagutza eta laguntza eskaintzen ditugu. Aipatutako gomendioak aintzat hartuz gero, modu positiboan nabarmendu gaitezke. Hori lortuko bagenu, Euskadi aitzindaria izango litzateke justiziaren eta gizarte- erantzukizunaren printzipioetan, azken batean gobernuaren ekintzaren oinarria giza eskubideen defentsa izango litzateke eta”, adierazi du.

Bilbo, 2017ko irailaren 26.

JPEG - 67 KB

Ver en línea : Euskadiko GGKEen Koordinakundea, 2017ko irailaren 26a.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB