Portada del sitio > Sala de prensa > En los medios > Lurrari emandako biziak

Lurrari emandako biziak

Ander Gartzia Badiola (Berria, 2016ko martxoak 17)

Jueves 17 de marzo de 2016

Nelson Garcia eta Berta Caceresen azken hilketak joera baten adierazle dira: indigena ekintzaileen aurkako errepresioa gogortu egin da mundu osoan. Estatu eta enpresen interesak salatu dituzte ingurumenaren defendatzaileek.

Nelson Garcia zuen izena. Copinh Indigenen Herri Erakundeetako Kontseiluko kidea zen Hondurasen. Lau tiro zituen buruan eta aurpegian hilik aurkitu zutenean, lekuko hedabideek kontatu dutenez. 150 familia kaleratzen ari zirela indarrez zabaldu zuen sare sozialen bidez Defendatzaileen Sare Nazionalak, Rio Chiquito eremuan; 10 patruila eta bi tanke zeudela han, eta hantxe zegoela Garcia kaleratzeak egin zituztenean. Kaleratzeen ostean familiarekin bazkaltzera zihoala hil zuten. Hondurasko Polizia Nazionalak berehala jakinarazi zuen hilketak ez duela zerikusirik kaleratzeekin, poliziek ez zutela indarkeriarik erabili. Besterik diote indigenek: hainbat zaurituren berri eman dute. Berta Caceres ekintzailearen hilketa oraindik bizi-bizirik dagoela gertatu da Garciaren hilketa. Beste indigena bat hilda, zerrenda luzean. Badute harremanik: biek elkarrekin egiten zuten lenca indigenen lurren eta giza eskubideen alde.

Berta Caceres joan den martxoaren 3an hil zuten; alferrikakoak izan ziren indigenek Caceres babesteko Hondurasko Gobernuari egindako eskaerak. Caceres maiz kexatu zen: «Segika ditut. Mehatxu egin didate gatibu hartu edo hil egingo nautela. Nire familia mehatxatzen dute. Honi egin behar diogu aurre». Caceresek lenca herri osoa gidatu zuen Agua Zarcako presaren aurka, eta garaipen handiak lortu zituzten protesten eraginez. Txinako Sinohydro enpresak estututa —munduko presa eraikitzailerik handiena da—, ez zuen babestu proiektua. Caceres karisma handiko liderra bihurtu zen.

Estatuaren babesa

Haserrea izugarria da indigenen artean, ingurumenaren aldeko ekintzaileok duten babesgabetasunagatik. Hilketen zigorgabetasuna salatzen dihardute aspaldian, eta multinazionalak babesteko gobernuak daukan interesa. Caceresen familiak gobernuari leporatu dio ekintzailearen hilketa, eta Agua Zarcan martxan jartzekotan diren proiektua bertan behera uzteko eskatu du. Eraiki nahi duten zentro hidroelektrikoak komunitatearen segurtasuna urratzen duela salatu dute. «Rio Blancoko lenca komunitateak jasandako mehatxuen, errepresioaren eta zapalkuntzaren iturri izan da», irakurri zuen Caceresen alabak komunikabideen aurrean.

Gustavo Castro mexikarrak ere gogor salatu du gertatzen ari dena. Castro Caceresekin zegoen hilketaren unean, eta zauritu egin zuten. Bere herrialdera itzuli ezinik dago, oraindik ere, Hondurasko Poliziaren esku: «Atxiki nahi naute esan dezakedana kontrolatu nahi dutelako». Eskutitz bat atera ahal izan dute Lurraren Lagunak elkartekoek, zabaltzeko esateko daukana: «Berta hiltzen ikusi nuen nire besoetan. Ez dago bere joanak sortutako malkoen pareko euririk, baina ez dago lencen borrokaren pareko indarrik, arraz arra lurra borrokatzeko transnazional handien kontra».

Transnazionalen 40 proiektu baino gehiagoren kontrako borroka da lenca indigenen egunerokoa, Hondurasko 50 eremutan dauzkaten lurrak berreskuratzeko. Estatuaren babespean ari dira enpresak zabaltzen, indigenek salatu dutenez. Castroren arabera, «indigenek enpresa hidroelektrikoen aurka ezarritako salaketak desagerrarazi nahi dituzte, indigenei beldurra eraginda». Copinh elkartea deuseztatu nahi dutela salatu du Castrok, «Hondurasen azken hogei urteetan egon den borrokarik enblematikoena». Caceresek sortu zuen elkartea, 1993an, dozenaka lagunekin batera lurralde indigenak defendatzeko.

Latinoamerika, odolustuta

Astero-astero, batez beste, bi pertsona hiltzen dituzte munduan, beren lurrak, oihanak edo ubideak defendatu dituztelako. Mehatxu dituzte urtegiak, bai eta meatzaritzan eta basogintzan diharduten multinazionalak ere. Eraso horietako asko eta asko talde indigenen lurretan egiten dituzte; bereziki, Erdialdeko Amerikan, Kolonbian, Mexikon, Perun eta Ekuadorren. Asian guztiz da adierazgarria Filipinetako kasua.

Iazko urtea odoltsua izan zen giza eskubideen alde diharduten ekintzaileentzat. Front Line Defendersek kaleratutako txosten baten arabera, 156 ekintzaile hil zituzten munduko 25 herrialdetan. 2014an baino %15 gehiago. Latinoamerikan hil zuten ekintzaile gehien; erdiak baino gehiago, 87. Kolonbian, bereziki, urtea gogorra izan zen: 54 erailketa zenbatu zituzten. Halere, biztanleko, Hondurasen izan da kalterik handiena.

Ez dira kasu bakanak, Global Eitnessek publikatutako txostenak erakusten duen bezala. Latinoamerikako hainbat herrialdetako egoera bera izaten da lur horietan finkatzen badira laborantza industria, sailak erauzten dituzten transnazionalak eta zentral hidroelektrikoak. Baina, indarkeriaz gain, zigorgabetasuna ere modu berean hedatu da. Txostenak salatzen du agintariek ez dutela inolako interesik edo jarrerarik justizia eskatzeko. «Giza eskubideen aurkako erasotzaileen zigorgabetasunak ez du kontrolik», dio.

Chico Mendesen bidetik

Justizia osoa lausoa da Brasilgo Para estatuan, eta oso kasu urritan azaleratu da Amazonasko uretan. Eremu horietan 914 hilketa kasu izan dira azken hiru hamarkadetan, eta apenas egon den zigorturik. Sei hiltzailek baino ez dute bete kondena espetxean; epaitutako guztien %2k baino ez.

Hogeita zazpi urte bete dira Chico Mendes bi fazendeiro-k (arrantxo-jabeak) tiroz hil zutenetik Brasilen. Chico Mendes modu baketsuan borrokatu zen egurraren erauzketaren aurka. Haren heriotzak eragin handia izan zuen nazioartean, eta kautxuaren biltzaileek zituzten arazoak bistaratzea lortu zuen. Gaur egun ere prezio garestienean ordaintzen dute oraindik ingurumenaren aldeko ekintzaileek. Biktimak talde txikietako ekintzaileak izaten dira maiz; horregatik, helburu ahul bihurtzen dira erasotzaileen aurrean. Global Witnessek jakinarazi duenez, XXI. mendeko lehen hamarkadan ingurumenaren aldeko 700 aktibista hil zituzten. Kopuru horrek herrialderik arriskutsuenetarikoa egiten du Brasil.

Kaapor eta Kaiowa-guaraniarren komunitate indigenetako hainbat buruzagik eraso ugari jasan izan dituzte urte luzeetan. Erantzukizun handia dute bai Amazonasen modu ilegalean basoak ustiatzen dituzten konpainiek, bai bertako nekazariek. Ekonomia globala orain arte barneko eremuetan ezkutatuta zeuden lurretara iritsi da, eta, harekin batera, biolentzia hazi egin da. Lurralde horietan, gobernuak inon baino ezegonkorragoak diren eskualdeetan, komunitate indigenek aurre egin behar izan diote botere handiagoa duten enpresaburuei.

Peru, «legerik gabeko lurra»

Nazioartearen arreta bereganatu zuen Amazonasko Ukaiali (Peru) eskualdeak 2014ko irailean. Asheinka tribuko burua, Edwin Chota, hilik aurkitu zuten Peruviako oihanean, Jorge Rios Perez, Leoncio Quinticima eta Francisco Pinedo lagunen gorpuekin batera. Egur ustiatzaileek hil zituzten lau gizonak, tribu osoa oihanetik botatzeko ahaleginetan. Egurraren salerosketa ilegalaren balioa modu legalean esportatzen den salerosketaren balioa baino %50 handiagoa da Perun.

Global Witnessek salatu du hilketa horiek gorantz doan joera baten adierazle direla. Heriotza estatistikei erreparatuz gero, Peru munduko herrialderik arriskutsuenetan laugarrena da lurraren eta ingurumenaren defendatzaileentzat. Edwin Chota tribu buruak heriotza mehatxu ugari jaso zituen, baina agintariei helarazitako kexuek ez zuten erantzunik jaso. Chotak 2011n kazetari bati esana: «Ongi etorri legerik gabeko lurretara. Hemengo lege bakarra pistolen legea da».

Meatzaritzan diharduten multinazionalen aurkako ahotsak ere zapalduak izan dira Mexikon. Entzutetsua izan zen Bety Cariñoren erailketa 2010. urtean. Cariño REMA Meatzaritzak Kaltetutako Mexikoko Sareko kidea zen eta lurraldeko multinazionalen aurka altxatu zen maiz, harik eta paramilitarrek tiroz hil zuten arte, Oaxacako estatuan. Proiektu erraldoien kontra agertu diren komunitateei sarri jazartzen zaizkie estatuko indar armatuak edo milizia paramilitarrak. Gaur egun ere, tortura, desagertze eta erailketa salaketak ugariak dira. Errepresio hori gertutik pairatu dute, esaterako, Oaxacako indigena buruek haize parke erraldoien aurrean. Egoera bertsua da Kolonbiako Araucako eta Caucako Haraneko eskualdeetan. Bertako komunitateetako buruak zapalduak izan dira Repsol eta Union Fenosa enpresen jarduerak salatzeagatik. Ondorio berdinak pairatu dituzte Guatemalako sindikatuburuek, nekazariek eta indigenek, Union Fenosa eta Hidralia Energia enpresen kontra protesta egiteagatik.

Era berean, energia eta azpiegitura proiektu erraldoiek indigenen lurraldeak suntsitzen dituzte, eta bertan bizi direnek beste leku batzuetara joan behar izaten dute sarri asko. Repsolen jarduerak, adibidez, eragin handia izan du Peruko ashainka eta shipiboko herriengan, bai eta Argentinako mapuche herriarengan eta Boliviako indigenen hamazazpi babeslekutan.

Zigorgabetasuna

Giza eskubideen gaineko kontrol zorrotzik ez zaie egiten transnazionalei, eta, horiek epaituko dituen auzitegirik ez dagoenez, zigorgabetasun hesi batek babesten ditu enpresok. Gizartean, ingurumenean eta kulturan eragindako aldaketak pairatzen dituzten biktimak ere ikusezin bihurtzen dira. Horiek dira OMA Latinoamerikako Multinazionalen Behategiak ateratako ondorioetako bi. Zigorgabetasun horren aurrean, gizarte mugimenduek, sindikalek, politikoek eta komunitate kaltetuek herri auzitegiak antolatu dituzte, giza eskubideak urratzen dituztenak salatu eta justizia eskatzeko. Tartean, TPP Herrien Auzitegi Iraunkorra.

TPPk zenbait biltzar antolatu ditu multinazionalen inguruan. Besteak beste, Bhopaleko (India) istripua aztertzeko Bhopalen bertan egindakoa, 1991n. Union Carbide enpresaren planta kimikoak metil isozianatoaren isurketa larria izan zuen Bhopalen 1984an, eta aste gutxian dozena bat mila pertsona hil ziren kutsatuta. Esanguratsua izan zen 2006ko Kolonbiako bilkura ere; Repsol YPF, Drummond, Coca Cola eta beste hogei enpresa transnazional epaitu zituzten sinbolikoki. Gisa horretako auzitegiek hartutako ebazpen sinbolikoek presio politikoa egin dezaketela uste dute. OMAren ustez, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira Herrien Trataturako proposamena garatzeko, modu horretan multinazionalen gaineko kontrola eraginkorra izan dadin.

Ver en línea : Berria, 2016ko martxoak 17.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB