Portada del sitio > Publicaciones > Artículos > "Lex mercatoria-ren" aurka

"Lex mercatoria-ren" aurka

Juan Hernández Zubizarreta eta Pedro Ramiro (Diagonal, 254 zk, 2015ko iraila)

Domingo 11 de octubre de 2015

JPEG - 52 KB

Lex mercatoria izenekoan, enpresa transnazionalen eskubideak merkataritzaeta inbertsio-arauetan oinarritutako ordenamendu juridiko hertsagarri, aginduzko eta betearazle baten bidez babesten dira. Arau horien artean, honako hauek aipa daitezke: korporazio handiek sinatutako kontratuak, Munduko Merkataritza Antolakundearen (MMA), Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta Munduko Bankuaren arauak, xedapenak, doikuntza-politikak eta baldintzatutako maileguak, MMAren Desberdintasunak Konpontzeko Sistema eta arbitraje-auzitegiak. Eta, aldi berean, desarautzea, pribatizazioa eta Estatuak esku hartzeko ahalmenarenmurrizketa (politika publikoei dagokienez; ez, ordea aparatu militarren eta gizartea kontrolatzeko aparatuen indartzeari dagokionez) bultzatzen duten politika neoliberalen mendeko legeria nazionaletara bideratzen dira transnazionalen betebeharrak; hau da, legeriak ad hoc egiten dira multinazionalen interesak babesteko.

Transnazionalek mundu osoan dituzten negozioak Zuzenbide Korporatibo Globala osatzen duten milaka akordio eta itunez osatutako “zigorgabetasunaren arkitektura juridikoaren” bidez babesten diren bitartean, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea oso ahula da gehiengo sozialen eskubideak babesteko eta korporazio transnazionalak kontrolatzeko. Merkataritza- eta inbertsio- arauek indar handia dute; aitzitik, erantzukizun sozial korporatiboa (ESK) eta jarrera-kodeak zuzenbide biguneko (soft law) formulak dira —borondatezko, alde bakarreko eta galdagarritasun juridikorik gabeko arauak— beren betebeharrak urteko memorietara eta “enpresa-etikara” mugatzen dituzten transnazionalen botereari aurre egiteko.

Adibidez, Ekuadorko Justizia Gorte Nazionalak Estatu Batuetako Chevron-Texaco petrolio- konpainia Amazonian eragindako kutsadurak kaltetutakoei kalte- ordain bat ordaintzera zigortzen zuen epaitza berretsi ondoren Ekua-dorko estatua nazioarteko arbitraje-auzitegietara eraman duen petrolio-konpainia horren kasua, edota krisialdietan eta gobernu- aldaketen aurrean korporazio handien eskubideak bermatzeko Europar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsio Itun Transatlantikoaren inguruan egiten ari den negoziazioaren kasua aipa daitezke. Kasu horiek agerian uzten dute lex mercatoria horren boterearen eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzen-bidearen ahultasunaren artean dagoen asimetria. Hortaz, beharrezkoak dira enpresa transnazionalak kontrolatzeko eta pertsonen eta herrien eskubideak gutxienez konpainia handien eskubideen maila berean jartzeko arau berriak eta proposamen alternatiboak.

Arau lotesleak NBEan

Joan den urteko ekainean, erabaki garrantzitsu bat hartu zuen Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Kontseiluaren 26. bilkuran: “Enpresa transnazionalek eta beste enpresa batzuek giza eskubideei dagokienez duten jarrerari buruzko gobernu arteko eta osaera irekiko lantalde bat ezartzea, enpresa transnazionalen eta beste enpresa batzuen jarduerak Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidean arautzeko tresna bat –juridikoki loteslea– lan dezan”. Handik urtebetera, taldea lanean hasi da Genevan, korporazio handiak giza eskubideak errespetatzera behartuko dituen nazioarteko araudi bat sortzeko helburuarekin.

Enpresa transnazionalei eta giza eskubideei buruzko arau lotesle bat lantzeko prozesua luzea eta nekeza izango da, jakina. EBk eta AEBkmerkataritza- eta inbertsio-akordioak bizkor negoziatzen dituzten bitartean –hortxe ditugu, kontrako gizarte- mobilizazio handiagatik aurreikusi baino neurri handiagoan atzeratzen ari den TTIP izenekoaz gain, Europar Batasunak azken urteetan sinatu dituen merkataritza-akordio guztiak (Kolonbia, Peru, Erdialdeko Amerika eta, aurki, Kanadarekin)–, giza eskubideei buruzko arauen prozesua askozmotelagoa da eta zailtasunez beteta dago.

Uztailean Genevan egin ziren lehen bilkuretan ikusi ahal izan zenez, potentzia handiek eta enpresa- lobbyek ahal duten guztia egingo dute ekimen hori oztopatzeko. Horretarako, eztabaida blokeatzen, eztabaidari zilegitasuna kentzen eta prozesuaren aurrerapenamoteltzen saiatuko dira.

“Merkataritza libreko”

“Giza eskubideak, demokrazia eta gardentasuna enpresa-interesen eta interes pribatuen gainetik jarri behar dira, kalitateko zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera unibertsala, gizarte- babesa eta lan- eta ingurumen-arauak bezala”. Horixe da merkataritza alternatiboaren agindu berriaren premisa nagusia. Dokumentu hori Europako hainbat gizarte-erakundek landu zuten joan den urtean, eta “merkataritzaren ikuspegi berri baten” alde egiten du. Dokumentuan jasotzen diren erregulazio-proposamen alternatiboetan, honako faktore hauek hartzen dira kontuan, besteak beste:

  • Europako merkataritza-politikak errespetatu egin behar du herrialdeek eta eskualdeek merkataritza globalaren gainetik tokiko eta eskualdeko merkataritza garatzeko eskubidea (elikagaien sektorean, adibidez).
  • Europako gobernu eta parlamentuek mundu osoan egindako eragiketen gizarteondorio eta ingurumen-ondorioengatik kontuak emateko eskatu behar diete korporazio transnazionalei.
  • Gobernuek inportazioak, esportazioak eta inbertsioak arautu behar dituzte, garapen iraunkorra lortzeko estrategiak bultzatzeko baliagarriak izan daitezen.
  • Herrialde, eskualde eta komunitateek beren ondasun eta zerbitzuen produkzioa, banaketa eta kontsumoa kontrolatu behar dute.
  • Gobernu, parlamentu eta agintaritza publikoek erabateko eskubideak izan behar dituzte finantza-merkatuak arautzeko, era horretan gizarte-eskubideak babestu, kontrol demokratikoa zaindu eta gizarte- eta ingurumeniraunkortasuna bermatu ahal izan dadin.

Kontrolatu eta arautzeko mekanismoak

TTIP delakoaren eta beste merkataritza- eta inbertsio-itun batzuen aurrean, auzitegi nazionalen lurralde-eskumena berrezarri, parlamentuen zeregina berreskuratu eta legegintza- arloko herri-ekimenak abian jarri behar dira.

“Merkataritza libreko” itunetan, ez dirudi oso baliagarria denik “garapen iraunkorraren” eta “gizarte-erantzukizunaren” aldeko klausulak txertatzea. Horren ordez, giza eskubideen aldeko aipamenak txertatu beharko lirateke. Adibidez, honako hauek:

  • Paradigma-aldaketa: lehiakortasunean, gerran eta suntsipenean oinarritutako merkataritza baten ordez, herriekiko eta naturarekiko osagarritasunean oinarritutako merkataritza bat.
  • Arau-hierarkia: giza eskubideak merkataritza- eta inbertsio-arauen gainetik jarri behar dira.
  • Kontsultak: enpresak ez ezik, administrazio publikoak, sindikatuak, kontsumitzaileen erakundeak, gizarte-mugimenduak, pertsonak eta herriak ere hartu behar dira kontuan.
  • Gardentasuna: izapidetzeko prozesu osoan (parlamentuko izapideekin zerikusia duen orotan gutxienez).
  • Ondasun komunak: ura, osasuna, hezkuntza eta zerbitzu publikoak merkataritza-arauetatik kanpo uztea eta tutoretza publiko eta kolektibopean jartzea.
  • Subiranotasun judiziala: arbitraje-auzitegi pribatuak desegin eta enpresa transnazionalen kontrol publikorako eta herritarren kontrolerako instantziak eta organoak ezarri behar dira.

Lurraldez kanpoko betebeharrak

Estatuak ez lituzke enpresak aholkatu eta sustatzeko neurriak planteatu behar horien jardueretan giza eskubideak errespetarazteko. Horren ordez, kontrolatzeko eta zehatzeko neurriak hartu beharko lituzke, eta giza eskubideei buruzko arauen betetzea eskatu beharko luke. Izan ere, korporazio transnazionalek Estatuan eta nazioartean bete behar dute legea, eta, hala badagokio, bidezko zehapen zibil, penal, laboral eta/edo administratiboak bete behar dituzte.

Ildo horretan, Estatu espainolak hori lortzeko arau juridikoak onartu eta berritu beharko lituzke nahitaez bete beharreko araudi baten ez-betetzeei aurre egiteko, pizgarrietan, sentsibilizazioan eta jardunbide egokietan oinarritutako sistema bat ezarri ordez, berriki abian jarritako 2014-2020ko EnpresarenGizarte Erantzukizunaren Espainiako Estrategian eta oraindik onartu gabe dagoen Enpresei eta Giza Eskubideei buruzko Plan Nazionalean adierazten den bezala.

Estatuek enpresa transnazionalen urraketen aurka giza eskubideak babesteko duten betebeharra berretsi behar da, eta estatuek ildo horretan beren gain hartu beharreko neurri espezifikoak zehaztu behar dira. Hasteko, biktimek eta eraginpean hartutako komunitateek justizia eta ordaina jasotzeko aukera ahalbidetzeko mekanismoak ezarri beharko lirateke maila nazionalean. Halaber, korporazio handien lurraldez kanpoko betebeharrak bermatu behar dituzte estatuek; hau da, egoitza nagusia estatu horietako lurraldean duten enpresek giza eskubide guztiak bete behar dituzte kanpoan dihardutenean.

Herrien nazioarteko itun baten alde

Konpainia horien eragiketen benetako kontrola ezartzeko tresnak sortze aldera, gizarte-mugimendu, herri indigena, sindikalista, legelari, aktibista eta multinazionalen jardunbideen biktima batzuek Enpresa transnazionalen kontrolerako herrien nazioarteko ituna landu dute elkarrekin: “Proposamen alternatibo erradikal bat da, eta honako helburu hauek ditu: alde batetik, enpresa transnazionalek eragindako giza eskubideen urraketak geldiarazteko kontrol-mekanismoak proposatzea, eta, bestetik, gaur egun botere korporatiboek hartuta duten espazio publikoa eskatzeko komunitateen eta gizarte-mugimenduen arteko aliantzak elkartrukatu eta sortzeko esparru bat eskaintzea”.

Asmoa, zehazki, itun hori sortu duen lan kolektiboak enpresa transnazionalen eta horiek babesten dituzten estatuetako eta nazioarteko erakundeen aurkako borroketan oinarrituta azken hamarkadan metatu den esperientzia jasotzea da.

Herrien Itunaren proposamenak dioenez, “Nazioarteko Zuzenbidea ez da eraiki eta aztertu behar Estatuak ardatz dituzten elite ekonomiko eta politikoetatik, ‘behetik’ baizik, gizartemugimenduetatik eta gizonen eta emakumeen erresistentzietatik”.

Ver en línea : Diagonal, 254 zk, 2015ko iraila.


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB