Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Lan harremanak > Esportazio Zona Frankoa

Esportazio Zona Frankoa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Esportazio Zona Frankoa esportaziora bideratutako enpresak erakartzeko herrialde baten barruan sortutako zonaldea da; horretarako, baldintza bereziak eskaintzen zaizkie enpresoi aduanako tarifetan, zergetan, produkziorako azpiegitura fisikoan, garraioan eta logistikan, eta baita bestelako pizgarriak ere, besteak beste, lanesku merkea izateko aukera. Zonalde horretan inportatutako materialak jasotzen dituzte, eta neurri batean prozesatu edo muntatu ondoren, berriro esportatzen dituzte.

Hainbat izen, jarduera mota bakarra

Esportaziorako produktua langai duen atzerriko inbertsioa erakarri nahian Gobernuek erabiltzen dituzten pizgarriak ez dira berdinak herrialde guztietan. Jarduera hori aurrera eramaten duten zonalde mugatuek ere izen asko dituzte. Esportazio Zona Frankoa (EZF) da izen zabalduena. Azken helmuga beste herrialde bat izanik, muga-tasarik ordaindu behar ez dituzten igarotzako merkantziak hartzen dituela adierazten du termino horrek. Esportaziorako Prozesamendu Zona (EPZ) edota Industri Zona Frankoa (IZF) ere esaten diete, herrialdetik irten baino lehen nolabaiteko prozesamendua edo industri eraldaketa izango duten merkantziak dituztela azpimarratzeko eta portu edo biltegi frankoetatik bereizteko, azken horietan gordetzen dituzten igarotzako merkantziei aduana-frankizia baitagokie. Mexikon, Erdialdeko Amerikan eta Kariben “maquila" hitza erabiltzen dute, arabieratik eratorritakoa, ehotzeagatik errotariari zegokion ale, irin edo olio kantitatea adierazten zuena. Orokorrean, prozesuan erabiltzen den lehengaiaren jabea ekoizlea bera ez denean horrela esaten zaio produkzio-jarduerari.

Bestalde, Txinan, zonalde askoz zabalagoari Ekonomi Zona Berezia (EZB) deitzen diote, eta probintzia oso bat har dezake, non zerga-beherapenak, aldaketa-kontrol gutxiago eta lan-eskubide gutxi eskaintzen diren. LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEAK, Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) eta nazioarteko beste batzuek multzo berean sartzen dituzte Txinako EZBak eta gainontzeko EZFak, baina tamaina eta ekonomia txinatarraren bestelako berezitasunak kontuan hartuta ezin dira parekatu. Dena den, egia da horiek guztiek lanesku merkea eskaintzen dutela aurretik inportatu eta gero atzerriko merkatuetara bideratuko dituzten osagaiak prozesatu edo muntatzeko. Gainera, euren artean lehiatzen dira inbertsioak erakartzeko, bukaerarik gabeko lasterketan, izan ere, beti ager baitaiteke eskaintza merkeagoren bat. Horregatik, EZFetan soldatak eta lan-baldintzak oso eskasak izaten dira, normalean herrialdeko gainontzeko lekuetan baino txarragoak. LANErentzat etengabeko arretagune dira, horietan ez baitago “LAN DUINIK”. Egoera horretan kaltetuenak emakumeak dira, produkzio mota horretako langileen artean gehiengo direlako.

Jarduera hori ENPRESA TRANSNAZIONALEK antolatzen dute, eta kostuak murrizte aldera, lan intentsiboak deslokalizatu egiten dituzte eta filialetara edo munduko produkzio-katearen barruan azpikontratatutako enpresetara bideratzen dituzte. Aipatutako lanok eduki teknologiko eskaseko industri sektoreetakoak izaten dira, jantzigintza arlokoak, esaterako, baina baita teknologia maila ertaineko sektoreetakoak ere, hala nola, automobil industriakoak, edo puntako teknologiakoak, kontsumo-elektronikaren ildokoak, kasu. Eta enpresa-zerbitzuetara ere zabaldu dira, dei-zentroen kasuan (call-centers), adibidez.

Lehenengo Esportazio Zona Frankoa (EZF) Irlandan jarri zuten abian 1959an, baina fenomenoa ez zen nabarmena izan hirurogeita hamarreko hamarkadara arte Ekialdeko Asian eta laurogeiko hamarkadara arte Latinoamerikako iparraldean, Estatu Batuekiko mendekotasun handia bereizgarri zuela. Ondoren, globalizazio neoliberalaren testuinguruan, gero eta pisu handiagoa hartu du, eta Afrikako eta Ekialdeko Europako ekonomia batzuetara hedatu da, eta batez ere Txinara. Horrenbestez, LANEren datuen arabera, 1975ean 79 EZF zeuden 29 herrialdetan banatuta, 1997an 845 ziren 93 herrialdetan kokatuta, eta 2006an, berriz, 3.500 inguru ziren 130 herrialdetan jarduten zutenak. Enpleguari dagokionez, 800.000 lanpostu zituzten 1975ean, 22,5 milioi 1997an eta 66 milioi 2006an, horietatik 40 Txinan.

MMEren arabera, 2000. urtetik 2008ra Txina zen munduko zona frankoen esportazioen % 67ren jatorria, eta Mexiko % 18rena. 2006an Txinako esportazioen % 47 eta Mexikokoen % 45 EZFetatik egin ziren, baita Erdialdeko Amerikakoen eta Dominikar Errepublikakoen erdia eta Filipinetakoen edo Marokokoen laurdena baino gehiago ere.

EZF eta hazkunde ekonomikoa

EZFen esportazio-arrakastak, batzuetan, herrialdeen nazioarteko espezializazioa eraldatzea bultzatzen du, izan ere, batez ere lehengaiak esportatzetik gehien bat manufakturatutako produktuak saltzera igarotzen baitira, eta horrenbestez, oso bestela txertatzen da horien ekonomia nazioartean. Eta hori, kanpoko inbertsioaren sarrera gehituta, hazkunde ekonomikorako ekarpen garrantzitsua dela balora daiteke. Baina ez da horrela, EZFek oso balio erantsi gutxi sorrarazten baitute.

Izan ere, “maquila” aurrera eramaten den herrialdean gelditzen den balio erantsia esportatutako produktuen balioaren eta inportatutako osagaienaren arteko aldea da. Mexikon, 2004ko “maquila” erako produkzio osoaren balioaren % 81 ingurura iritsi ziren inportatutako osagaiak, eta beraz, balio erantsia % 19koa izan zen, gutxi gorabehera, hau da, Mexikoko BPGaren % 3,5. Gainera, balio erantsi hori soldaten, enpresa-irabazien, lehengai nazionalen, zerbitzu-ordainketen eta, behar izanez gero, zergen artean banatzen da. Mexikoren kasuan soldatak zenbateko horren % 60 baino gehiago dira, eta tokiko osagaiak, berriz, balio osoaren % 2 eta % 3 artean daude. Beraz, ez da sortzen industria-ehuna eratzen lagunduko duen produkzio-kateamendurik. Gehiago da prozesatutako produktuetan sartutako “tokiko lanaren zeharkako esportazioa”.

Dena den, oinarri esportatzailea duten industrializazio-estrategien esparruan tresna modura erabiltzean, Hego Koreako eta Taiwaneko EZFen eta Txinako EZBen antzera, jarduerok emaitza hobeak izan dituzte. Aldea nabarmena da; atzerriko inbertsioari ateak neurrigabe irekitzea sustatzen duen ortodoxia neoliberaletik urruti, aipatutako herrialdeetako estrategia “heterodoxoek” baldintzak ezarri dizkiote atzerriko kapitala sartzeari. Haatik, teknologia transferitzeko edo tokiko osagaiak erabiltzeko baldintza horiek debekatu egiten ditu MMEren araudiak, nahiz eta atzerriko inbertsioa hazkundea sustatzeko faktore bilakatzen duten. Era berean, arauok EZFen izaera bera zalantzan jartzen dute, berez harreman baztertzailea dakartelako, eta 2015era arte baimendu dituzte oso pobreak diren herrialdeetan eta ekonomia txiki batzuetan.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • CYPHER, J.M. Y DELGADO WISE, R. (2007): “El modelo de exportación de fuerza de trabajo barata en México”, Economía UNAM, vol. 4, nº 12.
  • MILBERG, W. Y AMENGUAL, M. (2008): Desarrollo económico y condiciones laborales en las zonas francas industriales: un examen de tendencias, Documento de trabajo de Diálogo Social, nº 3, OIT, Ginebra.
  • OMC (2011): Trade patterns and global value chains in East Asia: From trade in goods to trade in tasks, Organización Mundial del Comercio, Ginebra.
  • PADILLA, R.; CORDERO, M.; HERNÁNDEZ, R. Y ROMERO, I. (2008): “Evolución reciente y retos de la industria manufacturera de exportación en Centroamérica, México y la República Dominicana: una perspectiva regional y sectorial”, Estudios y perspectivas, nº 95, CEPAL, México.