Elikadura subiranotasuna

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Elikadura-subiranotasuna, La Vía Campesinak dionez, hauxe da: «herriek elikagai nutritiboak eta kulturaren arabera egokiak, eskuragarriak eta modu jasangarri eta ekologikoan ekoitzitakoak lortzeko duten eskubidea. Beraz, horren arabera, elikagaiak ekoitzi, banatu eta kontsumitzen dituztenak daude elikagai-sistemen eta -politiken bihotzean, MERKATUen eta enpresen gainetik» eta «merkataritza askea eta korporatiboa eta egungo elikadura-erregimena suntsitzeko aukera ematen digu».

«Elikadura-subiranotasunak tokiko ekonomiei eta tokiko eta nazioko merkatuei ematen die lehentasuna. Boterea nekazariei eta familia-nekazaritzari, artisau-arrantzari eta artzaintza tradizionalari ematen die, eta elikagaien ekoizpena, banaketa eta kontsumoa ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren alorreko iraunkortasunaren menpe jartzen du». Halaber, «gure lurra, gure lurraldeak, gure ura, gure haziak, gure haziendak eta dibertsitate biologikoa erabili eta kudeatzeko eskubideak elikagaiak ekoizten ditugunen eskutan daudela bermatzen du. Elikadura-subiranotasunaren baitan, gizarte-harremanetan ez dago ez zapalkuntzarik ez desberdintasunik gizonezkoen eta emakumezkoen, herrien, arrazen, gizarte-klaseen eta belaunaldien artean».

Elikadura-subiranotasunaren kontzeptua La Vía Campesinak (LVCk) eman zuen, lehenengoz, 1996an. Munduko Elikagaien Segurtasunerako Foroan izan zen. NAZIO BATUetako Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAOk, ingelesezko sigletan) Erroman antolatu zuen Elikadurari buruzko Mundu Gailur ofizialarekin batera egin zen, parez pare. Orduz geroztik, elikadura-subiranotasunaren kontzeptuari dimentsio eta aldagai berriak eman izan zaizkio, LVCk egin izan dituen nazioarteko biltzarretan —Tlaxcala, 1996; Bangalore, 2000; Sao Paulo, 2004; Maputo, 2008) edo antolatzailekide izan duten foroetan eman diren adierazpenetako edukiez. Hain zuzen ere, Malin 2007an egin zen Elikadura Subiranotasunaren aldeko Nazioarteko Foroan Nyélénik emandako adierazpenean lortu zen definiziorik garbiena —testu honen goiburuan jarri duguna da—.

Gizarte-mugimenduetan sortutako kontzeptua

Kontzeptuaren definizio horretatik abiatuz, berezko lau ezaugarri nabarmendu behar zaizkio. Lehenik eta behin, gizarte-mugimenduetatik sortutako kontzeptua da, ez eremu akademikoetatik ez NAZIO BATUek antolatutako nazioarteko foroetatik. Egiaztapen horrek jite berezia ematen dio terminoari. Batetik, elikadura-subiranotasuna ez da gosearen, elikaduraren eta ekoizpen- nahiz garapen-ereduen alorretan espezializatutako literaturan onartu izan, "elikagaien segurtasuna”k izan baitu nagusitasun teorikoa. Aurrerago azalduko dugunez, ikuspegi desberdina dute bi kontzeptuok. Baztertu arren, elikadura-subiranotasunak bere bidea egin du gizartean, unibertsitatean eta nazioarteko lankidetzan, eta, gaur egun, badirudi FAOk berak ere onartzen duela kontzeptua eta horren inguruko eztabaida abiarazteko prest dagoela, Latinoamerikan eta Kariben erakundeak egindako 32. eskualde-konferentzian onetsi zenez. Bestalde, gizarte-mugimendu baten hausnarketetatik eta ekintzetatik sortu denez, estatus teorikoa lortzeko asmoa ez ezik, bokazio praktiko original bat ere badu, eta hausnarketa/ekintza binomioa agenda alternatibo batean txertatzen du, egun nekazaritzan nagusi den eredua alboratuz.

Bigarrenik, herriek beren elikadura-sistemaren gainean erabakitzeko duten gaitasunean jartzen du elikadura-subiranotasunak indarra, bai eta zer eta nola ekoitzi, zer eta nola banatu eta zer eta nola kontsumitu finkatzeko demokratikoki egokitzat jotzen dituzten politikak egiteko ahalmenean ere.

Hirugarrenik, eredu agroindustriala ordezkatzen duen garapen sozioekonomikoko eredu bat proposatzen du elikadura-subiranotasunak. Hori azaltzeko, beste bi kontzeptu osagarri aipatuko ditugu: agroekologia eta nekazarien ekonomiak. Horrela, bada, herri bakoitzak bere elikadura-sistema erabakitzeko gaitasunari agroekologian oinarritutako eredu baten proposamena gehitzen dio. Stephen Gliessmanen hitzetan, hauxe litzake agroekologia: «agroekosistema iraunkorrak diseinatu eta erabiltzeko kontzeptu eta printzipio ekologikoak aplikatzen dituen zientzia». Beraz, honelako elikadura-sistemak defendatzen ditu: kulturari dagokionez egokiak; ekologikoak eta ekoizpen estentsibokoak, ondasun naturalen —lurra, dibertsitate biologikoa, ura, haziak…— zaintza eta kontrola (publikoa eta soziala) bermatzen dutenak; energia-eraginkortasuna bultzatzen dutenak; ekoizleei bidezko sarrerak bermatzen dizkietenak; gizarte-erreprodukzioaren baldintza egokietan garatutakoak; irizpide ekologiko, sozial eta ekonomiko horiek bermatuko dituen banaketa-sisteman oinarritzen direnak; eta herritar guztiok elikadura osasungarria eta segurua izateko dugun oinarrizko giza eskubidean funtsatzen direnak. Zentzu horretan, agroekologia nekazari-ekonomiei lotuta dago zuzen-zuzenean; izan ere, ustiategi txikiak eta tokiko ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-sistemak soilik dira agroekologiaren funtsak bermatzeko gauza.

Laugarrenik, lehenago ere esan dugunez, nekazaritza industrialaren eredua ordezkatzeko proposamen politikoa da, eta ez dator bat "elikagaien segurtasuna”ren kontzeptuarekin. Azken ezaugarri horri dagokionez, elikadura-subiranotasunaren arabera, elikagaien segurtasunak azterketa partziala egiten du, herritarrek elikagaiak eskura izatean jartzen baitu soilik arreta, iraunkortasunerako funtsezkoak diren elikadura-ereduei erreparatu gabe. Hortaz, adibide bat emateko, elikagaien segurtasunaren azterketan balorazio positiboa jaso dezake elikagaietan kanpoko laguntza masiboa jasotzen duen herrialde batek, baldin eta laguntzak denboran irauten badu; elikadura-subiranotasunaren ikuspegitik, ordea, hauek ere aztertu beharko lirateke: kanpotik bidaltzen diren elikagaiak, egunean kilokaloria kopuru jakin bat bermatu arren, tokiko ekonomiei sendotzen uzten dien, inguruko dibertsitate biologikoari garatzen uzten dion, ekoizleei sarrerak ematen dien eta abar. Elikadura-subiranotasunak, azken finean, elikagaiak eskura jartzea ez ezik, tokiko iraunkortasun ekologikoa, ekonomikoa eta soziala bermatzeko beharra ere hartzen du aintzat.

Elikadura-subiranotasuna eredu agroindustrialaren aurrean

Elikadura-subiranotasuna eta eredu agroindustriala alderatzen baditugu, antagonikoak direla ohartuko gara. WASHINGTONEKO KONTSENTSUAn jaiotako neurri neoliberalak nekazaritzara eramanez sortu zen agroelikadura, eta hauek dira haren funtzionamendu-oinarriak: ENPRESA TRANSNAZIONALek kontrolatutako ekoizpen- eta banaketa-kate global handiak eratzea; hedadura handietan monolabore-sistema erabiliz intentsiboki ekoiztea; “iraultza berdea”ren ondoriozko hainbat teknologiaren bidez —genetikoki eraldatutako organismoak (GEOak) edo transgenikoak, kasu— epe laburreko produktibitatea areagotzea; jabetza intelektuala; oinarrizko elikagai askoren nazioarteko salneurriak erabakitzen dituen finantza-merkatu espezifikoa (commodityak) sortzea…

Ondorioz, elikadura-subiranotasunaren defendatzaileen ustetan, eredu hori da elikadura negozio, salgai huts, bihurtzearen erantzulea, elikadura giza eskubide moduan ez hartzearena. Horrela, bada, horien iritzian, eredu horrek irabazia lortzeari ematen dio lehentasuna eta ahaztu egin ditu bai irizpide ekologikoak bai sozialak. Ekologiaren aurka PRIBATIZAZIOAz baliatzen da; ondasun naturalak gaizki erabiltzen ditu; agrotoxikoen bidez, klima-aldaketan eragiten du; pestizidak masiboki erabiltzen ditu; monolaboreen ondorioz, dibertsitate biologikoa galarazten du… Irizpide sozialen aurka, berriz, lursailak akaparatzen ditu, monolaborantzan erabiltzeko; prezioen kontrola banaketa- eta espekulazio-kateen esku uzten du, ez ekoizleen esku; tokiko logika ekonomikoak hausten ditu; komunitateak mugiarazten ditu eta abar. Eredu horrek, haien ustetan, ekologiaren, klimaren, elikaduraren, gizartearen eta ekonomiaren urrakortasuna muturreraino handituko luke.

Elikadura-subiranotasuna produkzio-, banaketa- eta finantza-kate handietan oinarritutako eredu agroindustrialaren aurka dagoenez, ENPRESA TRANSNAZIONALen aurka ere badago, horiek baitira kate horiek kontrolatzen dituztenak. Are gehiago, elikadura-subiranotasunak halako enpresarik gabeko eredu sozioekonomikoa aldarrikatzen du, horiexek baitira, bere ustez, eredu agroindustrialaren babesle nagusiak eta inplikazio askoz ere larriagoen erantzuleak. Horrela, bada, prezioak ezartzearen bidez ekoizpena kontrolatzeaz salatzen ditu munduko banaketa gobernatzen duten multinazional handiak (Wal-Mart eta Carrefour, besteak beste). Hazien eta ongarrien merkatuak kontrolatzen dituzten konpainiei —Dupont, Syngenta, Monsanto...—, bestalde, nekazariei beren produktu sortak erosaraztea leporatzen die. Ondorio larriak ekar ditzake horrek, epe luzera: produktibitatea txikitzea, kredituarekiko mendekotasuna, dibertsitate ekologikoa murriztea, inpaktu ekologikoa eta osasun-inpaktua, alegia. Bukatzeko, oinarrizko elikagai eta produktuak salerosten dituzten transnazionalak (Nestlé, Cargill…) ere salatzen dituzte, elikaduraren aniztasuna eta kultura-egokitzapena sustatu beharrean elikadura globalizatuaren hegemonia bultzatzen dutelako, eta, horrela, tokiko ekonomiei garatzen uzten ez dietelako.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • FORO INTERNACIONAL DE SOBERANÍA ALIMENTARIA (2007): “Declaración de Nyéléni”, Selingué (Mali).
  • VIA CAMPESINA (2008): “Agricultura campesina y soberanía alimentaria frente a la crisis global”, V Conferencia Internacional de La Vía Campesina, Maputo (Mozambique).
  • VV.AA. (2009): “La agricultura del siglo XXI”, Ecología Política, nº 38.
  • VV.AA. (2011): “La Política Agraria Europea en clave de soberanía alimentaria”, Soberanía Alimentaria, Biodiversidad y Culturas, nº 7.