Segurtasun juridikoa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Arauek jokabideak erregulatzeko duten eraginkortasunaren gauzatze praktikoa da; horren arabera, eskubide-subjektuek beren egoera juridikoa aurrez ezarritako prozeduren bidez soilik alda daitekeelako ziurtasuna dute. Gaur egun, korporazio transnazionalek, horiek egoitza nagusia duten herrialdeetako gobernuek eta NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEek printzipio horretara jotzen dute, sarritan, beren jarduerak gehiago kontrolatzea eragin dezaketen balizko aldaketa politikoen aurrean enpresa-interesak defendatzeko. Horrela, ezkutatu egiten da, benetako segurtasun juridikoa Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea LEX MERCATORIAren aurretik jartzen duena dela.

Azken hamarkadan, gero eta gehiago aipatu izan da segurtasun juridikoaren printzipioa. Eta gobernu batek (erdialdeko herrialdeetakoek, batez ere), erakunde aldeaniztun batek edo enpresa handi batek aipatzen duenean, merkataritza-interes pribatuen alde egiteko aipatzen du. Adibidez, Gerardo Diaz Ferranek, CEOEren (Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioaren) lehendakari ohiak, hauxe defendatzen zuen bere kargutik: «inbertitzailearentzako arauak argiak izatea eta behar besteko segurtasun juridikoa eta egonkortasun ekonomikoa eskaintzea funtsezkoa da inbertsioei epe luzera errentagarritasuna ateratzeko». Horregatik, ESPAINIAKO MULTINAZIONALek gatazkak izan dituztenean Latinoamerikako gobernuekin, toki horietan dituzten baldintza onuragarriak aldatzea erabaki dutelako, gidatzen gaituzten erakundeek segurtasun juridikora jo izan dute: «Buenos Aireseko gobernua gertu dago, etorkizunean atzerriko inbertsioa erakar dezakeen edozein kontraturen, emakidaren edo segurtasun juridikoari buruzko ideiaren gainetik pasatzeko», zioen El País egunkariaren editorialak, 2012ko apirilaren hasieran, Repsoli YPF desjabetzea agindu eta berehala.

Hain zuzen ere, botere ekonomiko eta politiko itzela ez ezik, aginte juridikoa ere badute korporazio transnazionalek: LEX MERCATORIA berria da haien merkataritza-interesak juridikoki babesten dituen eta konpainia horien kontratuak blindatzen dituen armadura. Horrenbestez, kapitalismoak egun bizi duen fasean, ARAUAK ASIMETRIKOAK dira, eta, ondorioz, segurtasun juridikoa multinazional handien negozioetan bermatuta badago ere, herritar gehienen funtsezko eskubideak adierazpen hutsetan geratzen dira.

Enpresa-interesak ala giza eskubideak?

Duela bi urte eta erdi, Espainiako enpresek Latinoamerikan izango zuten egitekoari buruzko txostenaren azken dokumentua onetsi zuen Espainiako Senatuko Iberoamerikako Gaietarako Batzordeak. Bertan, lurralde horretako herrialdeak «segurtasun juridikoaren» arabera agertzen ziren sailkatuta: Mexiko, Peru eta Kolonbia seguruenen artean eta Kuba, Venezuela, Ekuador eta Bolivia segurtasun gutxienekoen artean. Orobat, negozio-aukeren eta atzerriko inbertsiorako erraztasunen arabera ere multzokatzen zituen herrialdeak. Kointzidentzia bitxi bat dugu emaitzan: segurtasun juridiko handieneko herrialdeak ziren, hain zuzen, enpresa handiei baldintza hobeak eskaintzen zizkietenak. Esate baterako, Kolonbia, sindikalismorako munduko herrialderik arriskugarriena, eta Mexiko, azken urteotan hainbat gizarte-buruzagi hil diren lekua, eredutzat agertzen dira segurtasun juridikoari dagokionez. Eta, aldi berean, ALBAko herrialdeei, baliabide naturalen, energiaren eta ekonomiako beste sektore garrantzitsu batzuen gaineko subiranotasunean gutxi-asko aurrera egin badute ere, segurtasun juridikorik ez dutela leporatu zaie.

Baina arrazoibide hori giza eskubideak barik merkataritza-interesak hobetsiz bakarrik eman daiteke. Besteak beste Munduko Merkataritza Antolakundetik, Munduko Bankutik eta Nazioarteko Moneta Fondotik sustatutako hainbat arau eta hitzarmen aldebiko, aldeaniztun eta eskualdekotan soilik uler daiteke segurtasun juridikoa kontzeptuaren erabilera hori, eta kontratuak babestea eta konpaini multinazionalen jarduerak defendatzea da xede bakarra. Dena delarik ere, asko errepikatzen bada ere, zalantzagarria izaten jarraitzen du segurtasun juridikoaren interpretazio horrek; izan ere, gaur egun honek beharko luke benetako segurtasun juridikoaren definizioa: balorazio ekonomiko hutsetan oinarritzen ez den nazioarteko printzipio bat da, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea Zuzenbide Korporatibo Globalaren aurretik jartzen duena. Hau da, arautegien piramidearen erpinean, botere ekonomikoa kontrolatzen duten gutxiengoen interesak beharrean, gizarte-gehiengoen interesak jartzen dituena.

Segurtasun juridikoa eta ESPAINIAKO MULTINAZIONALAK

«Berriz ere, maiatzaren lehenean, beti bezala, gure enpresa pribatizatuak berreskuratzen». Evo Morales presidenteak horrelaxe iragarri zuen, 2010eko udaberrian, Boliviako lau enpresa elektrikoren NAZIONALIZAZIOA, bere gobernuak azken urteetan abiatutako bideari jarraiki. Lau urte lehenago, antzeko neurri batek Espainiako enpresen interes ekonomikoei eragin zien zuzenean. Haren aurrean, Espainiako egunkari nagusietan halako titularrak irakurri ahal izan ziren: «Evo Moralesek Boliviako petrolioa eta gasa nazionalizatu ditu dekretuz» eta «Bere eskubideak defendatuko dituela esan du Repsol YPFk». «Funtsezko baliabide baten subiranotasuna eta kontrola berreskuratzeko eredu bat da. Argentinar guztiak batu behar gaituen estatu-politika bat», esan zuen Cristina Fernandez presidenteak, urte-hasieran, Repsol petrolio-enpresaren filial argentinarraren akzioen % 51 desjabetuko zuela jakinarazi zuenean.

Boliviako eta Argentinako gobernuek hartu dituzten neurri horiek guztiek balio bezate erakusteko, estatuak baduela ENPRESA TRANSNAZIONALen alorreko legeak eta kontratuak aldatzeko ahalmena, baldin eta horiek subiranotasun nazionala eta herritar gehienen funtsezko eskubideak urratzen badituzte. Batik bat, giza eskubideen eta ingurumenaren alorreko aginduzko arauek lehentasuna dutelako merkataritzako eta inbertsioetako legeen aldean. Horrelaxe dago jasota herrialde horiek berretsitako konstituzioetan eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen eta Lanaren Zuzenbidearen arau multzoan. Hots, zuzenbide-estatu guztiek duten betebehar bat, subiranotasun nazionala eta biztanleriaren interes orokorra defendatzea, bete baino ez dute egin gobernu horiek.

Segurtasun juridikoa, norentzat?

«Egonkortasuna bermatuko dien eta etorkizunean beste inbertsio batzuk erakarriko dituen zuzenbide-esparrua ematea inbertsioei». Horixe izan zen, haren hitzetan, duela bi urte Atzerri Arazoetako ministroak Boliviara egin zuen bidaiaren helburu nagusia. Besteak beste BBVA, Repsol, Abertis, Red Eléctrica eta Santillana multinazionalek herrialde andetarrean zituzten negozioetarako segurtasun juridiko handiagoa eskatu zion Trinidad Jimenezek bere homologo boliviarrari. Alabaina, ministroak «gobernua [espainiarra] herrien mesedetan ari da lanean» esan arren, ez du ematen Boliviako gizon-emakume gehienen eskubideak defendatzea haren kezkarik handienen artean dagoenik; aitzitik, egoitza nagusia estatu espainiarrean duten ENPRESA TRANSNAZIONALen interesak babestea bilatzen du.

Garbi uzten du horrek, Latinoamerikako gobernuren bat neoliberalismoak emandako arauren bat aldatzen ahalegintzen den bakoitzeko, konpainia multinazionalen interesak babesten dituen armadura juridikoa nola azaleratzen den. Horregatik, sistema kapitalista gainditzeko bidean aurrera egitekotan, korporazio transnazional horien boterea mugatu beharra dago, inondik ere. Horrela, bada, ENPRESA TRANSNAZIONALen egungo esparru juridikoak garbi uzten duenez Nazioarteko Zuzenbidean indarrean dauden arauek nolako dibertsitatea, heterogeneotasuna, zatikapena eta, batzuetan, kontraesana duten, koherentziaz jokatu beharra dago lehenbailehen: nazioarteko arautegiaren piramidea behekoz gora jarri behar da, erpinean gizarte-gehiengoen eskubideak koka daitezen, gaur egun nagusi diren gutxiengoen interesak atzera utzita; errebindikazio atzeraezina da hori. Ildo horretatik, inbertsioei buruzko legeek subiranotasuna (nazionala, normatiboa eta judiziala) eta gizarte-gehiengoen eskubideak lehenetsi beharko lituzkete, eta garapen-eredu berrirako urratsetan sakontzea ahalbidetu.

Halaber, laurogeita hamarreko urteez geroztik konpainia multinazionalak oldeka iritsi zaizkien herrien oinarrizko eskubideak ere aintzat hartu beharko lituzke segurtasun juridikoak. Hainbat galdera sortzen dira arlo horretan: zelako mozkinak lortu dituzte konpainia horiek?, atzerriko konpainiek zenbat ordaindu zuten pribatizatutako enpresen trukean?, zenbat lanpostu sortu dituzte?, zer zerga ordaindu dute? eta zenbat lurralde indigenatan eta erreserba naturaletan garatzen dituzte beren jarduerak? Horiek guztiak kontuan hartzekoak dira, Alejandro Teitelbaumek dionez, aukera izan dezagun «”duintasunean eta eskubideetan aske eta berdin jaiotzen” diren gizakiek, gizarte demokratiko eta partaidetzazkoetan, beren patuaren gaineko erabakimena nola berreskuratzen duten hausnartzeko», eta, horrela, planetako gizarte gehienetan gertatzen diren giza eskubideen urratzeak saihesteko.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • GONZÁLEZ, E. Y GANDARILLAS, M. (coords.) (2010): Las multinacionales españolas en Bolivia. De la desnacionalización al proceso de cambio, Icaria, Barcelona.
  • HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. Y ZURBANO, M. (2007): “Transnacionales y desarrollo”, Boletín de recursos de información, nº 13, Centro de Documentación de Hegoa.
  • LABRADA RUBIO, V. (1999): “La seguridad jurídica y el orden internacional”, Cuadernos Electrónicos de Filosofía del Derecho, nº 2.
  • SENADO (2010): “Informe de la Ponencia de estudio sobre el papel de las empresas españolas en América Latina, constituida en el seno de la Comisión de Asuntos Iberoamericanos”, Boletín oficial de las Cortes Generales, nº 425, 8 de marzo.