Ate birakariak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Mundu anglosaxoian, sektore publikoaren eta pribatuaren artean goi-kargudunak oztoporik gabe lekualdatzeko fenomenoari esaten zaio “ate birakariak". Mugimendu horiek zentzu batean eta bestean gertatzen dira, hau da, erakunde publikoetatik ENPRESA TRANSNAZIONALetara eta alderantziz. Eta gero eta gehiago ari dira gertatzen, herrietan, nazioetan eta nazioartean. Botere ekonomikoaren eta botere politikoaren arteko lerroa zein lausoa den erakusten du horrek ere.

Enpresa handietan kargu garrantzitsuak dituzten edo LOBBY industrialetan diharduten pertsonek erabiltzen dituzte “ate birakariak”, erakunde publikoetan eragin handiko lanpostuak hartzeko. Sarritan, ordura arte enpresaren eremutik kudeatu izan dituzten arloetan politikak sortzeko sartzen dira horietan. Halaber, erakunde publikoetako goi-kargudun politiko eta teknikoak korporazio handietako eta enpresako eragin-taldeetako postu garrantzitsuetan sartzen dira, maiz. Horrela, administrazioan eskuratutako ezagupen eta eraginak lanpostu berrietara eramaten dituzte.

Ate birakarien fenomenoa legitimatzeko, enpresa-mozkinak herrira itzultzen direla argudiatzen dute. Gaur egungo krisi-egoeran, gainera, teknokraziak defendatzen duen diskurtsoan euskarritzen da. Horren arabera, efizientzian eta austeritatean oinarritutako irizpide ustez neutroetan oinarrituz kudeatzen ditu gobernuak baliabideak.

Interes-gatazka

Fenomeno horrek interes-gatazka nabarmenak sortzen ditu. Batetik, egoera batzuetan, administrazioko goi-kargudun baten interes pribatuek gorputz politikoko erantzukizun eta zereginei eragiten die. Beste alde batetik, interes publikoak eta transnazional handienak bat etortzen dira, eta, beraz, korporazio horien boterea babesten duten politikak eragiten dituzte.

Aipa dezagun adibide bat. Estatu espainiarrean, 2010ean eta 2011n garai hartako gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok multinazional handietako eta bankuetako —Santander, BBVA, Telefónica, Iberdrola, Repsol, Aguas de Barcelona, Abengoa, Amadeus eta Acerinox, besteak beste— zuzendariekin eta ugazaberiarekin egin zituen bileren ondorioz, pentsioen erreforma onetsi zen eta Europako Lehiakortasun Itunari atxiki zitzaizkion. Bi erabaki horiekin eta beste neurri batzuekin, defizit publikoaren muga konstituziora jaso zuten. Era berean, herri osoko enpresari eta bankariak Mariano Rajoyrekin elkartu ziren, gobernuko lehendakaritzako hautagaitzan zehar, krisiari begira zituzten eskaerak aurkezteko. Hauek ziren, besteak beste, eskaerok: lan-erreforma eta erreforma fiskala, gastu publikoa murriztea eta enpresa espainiarren INTERNAZIONALIZAZIOA arintzea. Esan beharra dago, gerora horiexek izan direla gobernu berriak hartu dituen neurriak eta, beste behin, transnazionalak posizio pribilegiatuan kokatu dituztela.

Ezin konta ahala kasu ditugu, non kargu publiko batek, bere posizioaz baliatuz, enpresa-sektore jakin bati mesede egiten dioten politikak defendatu eta bultzatu dituen, eta, gero, administrazioko kargua utzi ostean, sektore horretara joan den, ate birakariak zeharkatuz. Estatu espainiarrean, Jose Maria Aznarrek eta Felipe Gonzalezek, Endesa eta Gas Natural enpresa publiko espainiarrak pribatizatu zituzten gobernuetako agintariek, kontratu mamitsuak lortu dituzte konpainia horietan, hurrenez hurren aholkulari eta kontseilari gisa, Latinoamerikako energiaren sektorean gailentzen diren transnazional bihurtutakoan. Hona hemen ENPRESA TRANSNAZIONAL handietako kontseilari gisa SEKTORE PRIBATUra jauzia egin duten beste politikari batzuk: Manuel Marín (Iberdrola), Pedro Solbes (Barclays eta Enel), Rodrigo Rato (Bankia), Eduardo Zaplana (Telefónica) eta Josu Jon Imaz (Petronor, Repsolen filiala).

Ate birakariek interes-gatazkak sortzen dituzte, halaber, kargu publiko ohi batek alderdiko kideen gainean eragiten duenean, bezero edo enplegatzaile berriaren aldeko politikak diseinatzeko, edo kargu publikoan lortutako ezagupenak bere mesederako erabiltzen dituenean. Europari dagokionez, Europako Batzordeak LOBBY jarduera indartsua jasaten du, gaur egun enpresa handietako eragin-taldeetan diharduten komisario ohien aldetik.

Alderantzizko bidea SEKTORE PRIBATUtik publikora pasatu direnek egiten dute. Erabaki-instantzia publikoetan kokatzen direnean, aurrez lanpostu garrantzitsuak bete dituzten enpresen aldeko politikak jartzen dituzte abian. Ibilbide horren bi adibide ditugu, batetik, Manuel Pizarro, Endesako presidente izatetik PPko diputatu izatera pasatu zena, eta, bestetik, Cristina Garmendia, Asebio osasun-enpresaren —industria bioteknologikoaren LOBBYA— ugazaba izanik, Zientziako eta Berrikuntzako ministro-kargua eskuratu zuena. Mariano Rajoy buru duen gobernuan, enpresa handiaren sektoretik datoz Luis Guindos (Lehman Brothers), Jose Ignacio Wert (BBVA) eta Pedro Morenes (MBDA).

Ate birakarien mugimendu horrek handitu egiten du ENPRESA TRANSNAZIONALen boterea, eta, aldi berean, status quoari eusteko mekanismoak ezartzen ditu; alderdi politikoen finantzaketa da horietako bat. Opakotasuna du ezaugarri nagusi, eta bi eremuen arteko mesede-trukea ahalbidetzen du. Horixe da zorrak barkatzearen kasua; 2006an, Banco Santanderrek eta BBK-k 33 milioi euro barkatu zizkioten PSOEri, ordaintzeko zituen kredituen interesetan. Halako kasuak saihesteko Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoa aldatu bazen ere, kontrol publikoa oso ahula da berori betearazteko.

Indarreko legeriaren ahula

Bada arau bat, kargu publikoen eta pribatuen arteko bateraezintasunen eta kargu publikoa utzi ostean enpresa-lobbyetan hasi aurretik iragan behar den denboraren berri ematen duena. Halere, indarreko legeria ahula denez, ate birakarien fenomenoa gertatu egiten da. Espainiari gagozkiolarik, legeak gutxienez urte biko itxarote-epea ezartzen du, goi-kargu publikoak hartu aurretik. Bi urtekoa da, halaber, kargua utzi ostean kargu publikoek itxaron behar duten denbora, «betetako karguaren eskuduntzekin lotura zuzena duten enpresa edo sozietate pribatuetan lanean» hasi aurretik. Ez da bateraezintzat hartzen goi-kargudun ohiak aurretik zebiltzan enpresetara itzultzea, baldin eta beren postuek «zuzeneko loturarik ez badute betetako kargu publikoarekin eta horri eragingo dion erabakirik hartzen ez badute». Arau hori, dena den, nahikoa lasaia da; izan ere, Ekonomia ministro ohi eta presidenteorde ohi Elena Salgadok Endesaren Txileko filialaren kontseilari-postua hartu zuen, gobernuko kargua utzi eta hiru hilabete iragan orduko.

Salaketa-kanpaina handi baten ondorioz, Europar Batasunean jokaera-kode bati zuzenketak egin zitzaizkion, 2011n. Horren arabera, Europako Batzordeko kide ohiek 18 hilabete baino ez dute itxaron behar izango, LOBBYetako karguak hartzeko. Kasuan kasuko eragin-taldeak komisario-karguak ukitu zuen interes-arlo berean diharduenean bakarrik aplikatuko da arau hori.

Ate birakarien fenomenoak arazo handiak sortzen ditu ordezkaritza-demokrazian, zeren eta, interes-gatazka larriak sortzen baititu, instantzia publikoek eta demokraziak bete beharko lituzketen helburuen eta mozkina maximizatzeko xede bakarra duten enpresa multinazional handien helburuen artean.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ALTER-EU (2011): Revolving door provides privileged access. Why the European Commission needs a stricter code of conduct, Alliance for Lobbying Transparency and Ethics Regulation, Bruselas.
  • ALTER-EU (2012): Who’s driving the agenda at DG Enterprise and Industry? The dominance of corporate lobbyists in DG Enterprise’s expert groups, Alliance for Lobbying Transparency and Ethics Regulation, Bruselas.
  • MORICHE, J. F. (2012): Puertas giratorias, ATTAC, Madrid.
  • VERGER, A. (2003): El sutil poder de las transnacionales. Lógica, funcionamiento e impacto de las grandes empresas en un mundo globalizado, Icaria, Barcelona.