Negozio inklusiboak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Pobrezia eta pobreak merkatu-zoko berri batean sartzea. Horixe da “negozio inklusiboak” deritzenen helburua. Enpresa-eredu berritzaile horren bidez, munduko biztanleriaren bi herenak (kontsumo-sozietatetik kanpo daudenak) merkatu-ekonomian sartu nahi dituzte korporazio transnazionalek. “Piramidearen oinarria”n bizi diren pertsonak bezero bihurtzeko, enpresaren munduko hainbat teknika, produktu eta zerbitzu diseinatu dituzte konpainia handiek, eta, aldi berean, beren “kapitalismo inklusiboa”ren eredua hartu dute nazioarteko lankidetzarako agenda berriaren oinarri gisa.

Negozio inklusiboen barruan sartzen dira pertsona txiroenak korporazio handienen kontsumitzaile bihurtu nahi dituzten enpresa-eredu guztiak. Ekonomia-fakultateek eta pentsamendu-zentro neoliberalek garatu dute negozio-eskema berri hori. Haien esanetan, «ekonomiari begira errentagarriak eta ingurumenari eta gizarteari begira arduratsuak dira ekimenok, eta sarrera txikiko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko erabiltzen dituzte merkatu-mekanismoak». Eta, hain zuzen ere, definizio horretatik abiatuz atera ditzakegu negozio inklusibo horien ezaugarri nagusiak: ENPRESA TRANSNAZIONALei errentagarritasun handia ematen diete, merkatu-zoko berrietara heltzeko aukera ematen dietelako; GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOAren erretorika konpainia handientzako mozkin ukigarri bihurtzeko bidea dira; eta kontsumo-sozietatea eta merkatu globala sektorerik ahulenetan sartzeko balio dute. Horien bidez pertsona behartsuen bizi-kalitatea hobetzen dela, berriz, eztabaidagarria da oso, batez ere, objektuak eta kontsumorako produktuak metatze hutsari beharrean, bizitza duina izateko baldintzak izateari esaten badiogu garapena.

Piramidearen oinarria, merkatu-zoko berria

ENPRESA TRANSNAZIONALek, hainbat hamarkadatan zehar beren produktu eta zerbitzuak goi- eta erdi-mailako jendeari saltzen aritu ondoren, ondorio hau atera dute: Europako eta AEBko irabazi-tasen beherakada arintzekotan (are atzeraldi-sasoi honetan) eta etengabe metatzeko eta mozkinak handitzeko logikari eustekotan, herrialde periferikoetako negozio-bolumenak handitzea komeni zaiela. Hori dela eta, ahalegin handia ari dira egiten, “klase kontsumitzaile”koak ez diren gizateriaren bi herenen merkatu erraldoia kontrolatzeko: «Munduan milaka milioi behartsu daudela eta gure eremutik kanpo daudela ohartu ginen», esan zuen BBVA Fundazioko Mikrofinantzetarako lehendakariak. «Txiroak sistematik kanpo daude, eta guk sartzen laguntzen diegu», erantsi zuen Espainiako bigarren erakunde finantzario handieneko zuzendari horrek. Plangintza estrategiko bat taxutu du, Latinoamerikako biztanleen % 60 “bankarizatzeko”, ez baitu ez nominarik helbideratuta, ez kreditu-txartelik, ez hipoteka, mailegu eta asegururik.

Horrela, bada, gaur egun batez beste egunean bost dolarrekin bizi diren eta piramidearen oinarria deritzona osatzen duten 4.000 eta 5.000 milioi pertsonengana heltzea da negozio inklusiboen xedea. Hortaz, merkatu-estrategien bidez txiroei beharrak sortzeko diseinatzen dira negozio-eredu horiek, hain zuzen ere, haien produktibitatea handitzeko eta ekonomia formalean sartzea ahalbidetzeko. Azken finean, haiek merkatuan sartzea da asmoa, eta «ondasunak eta zerbitzuak arrazoizko prezioetan eskuratzeko aukera emango dieten produktu berriak eta negozio-eredu berriak bilatzea», World Resources Institutek eta Nazioarteko Finantza Korporazioak babestutako azterlan batean jaso denez. Ildo horretatik, pobreek enpresa-kulturaren funtsak ikastea eta ENPRESA TRANSNAZIONALek kontrolatzen dituzten produktu eta zerbitzuen “ekintzaile” eta zuzeneko eta zeharkako kontsumitzaile bihurtzea espero dute. Eta ez dago oso urrun joan beharrik, enpresa-ikuskera berri horren motibazioa zertan den jakiteko: «Argudio horren abiapuntua ez da piramidearen oinarriko pobrezia. Piramidearen oinarriko biztanle gehienak merkatu-ekonomia globaletik kanpo daudela eta, beraz, ez diotela etekinik ateratzen da kontua», irakur dezakegu txosten horretan.
Pobrezia negozio bilakatu nahi duten enpresa-teoriak duela hamarraldi bat argitaratutako liburu batean dute sorburua. The Fortune at the Bottom of the Pyramid (Aberastasuna piramidearen oinarrian) du izenburua, eta nahitaezko erreferentzia bilakatu zen, ordura arte konpainia handien iritzian oso errentagarriak ez diren merkatu-zokoetan sartzeko estrategietan interesatuta zeuden korporazio guztientzat. Egileak, ekonomia-irakasle C.K. Prahaladek, hauxe esaten zuen: «txiroek kontsumitzaile aktibo, informatu eta partaide izan behar dute» eta «enpresa pribatuek piramidearen oinarriarekiko duten konpromiso aktiboa funtsezko elementua da, kapitalismo inklusibo bat sortzeko, SEKTORE PRIBATUAk merkatu horretan duen lehiak txiroak kontsumitzailetzat hartzen dituen eta haientzat aukerak sortzen dituen heinean». Azkenaldian itzal handieneko guru neoliberal izatera iritsi zen haren funtsezko tesia hauxe zen: pobreziatik ateratzeko, milaka milioi lagun horiek merkatuaren logikarekin neurtu beharko lituzketela beren jarduera guztiak.

Oraintsuago, txiroak kontsumitzaile potentzialtzat soilik ikusten zituen ereduari egindako kritikak saihestearren, enpresek zabaldu egin dute negozio inklusiboen ideia, eta, orain, ekoizle, hornitzaile, kontratista eta “bazkide estrategiko” gisa ere hartzen dituzte pobreak. Horrela, teknika, jarduera, produktu eta zerbitzu andana sortu da, Munduko Bankuak «hurrengo 4.000 milioiak» deritzenak korporazio handien bezero bihurtzeko. Ekimen horien artean ditugu, besteak beste: mikrofinantzak sustatzea, sektorerik ahulenak sistema finantzarioan sartzeko (“inklusio finantzarioa” deritzonerako); energiako multinazionalen bidez zerbitzu elektrikoa landa-eremuetara eramatea; sarrera txikiak dituzten komunitateetan produktuak merkaturatzea; merkataritza-integrazioa ahalbidetzeko azpiegiturak egitea; uraren eta energiaren tarifak ordaintzeko aurreordainketa-sistemak abian jartzea; merkataritzako eta finantzetako eragiketetan telefono mugikorrak erabiltzea... Helburuari dagokionez, garapena lortu nahi dute ala errentagarritasun-kontua da guztia? «Mikrokreditua negozio-aukera bat eta etorkizuneko merkatu bat da, epe luzera», erantzun zuen BBVAko Korporazio Erantzukizunaren eta Ospearen zuzendariak, mozkina lortzeak beste edozein helburu baino garrantzi handiagoa duela erakusteko.

Pobreziari errentagarritasuna ateratzea

«Bada garaia korporazio multinazionalek ‘kapitalismo inklusibo’aren ikuspegi berritik beha ditzaten beren globalizazio-estrategiak», idatzi zuten, duela hamar urte, Prahaladek eta Hartek; izan ere, horrela, «munduko ekonomia-piramidean lehiatzeko baliabideak eta iraunkortasuna dituzten konpainiek, hazteaz eta mozkinak eskuratzeaz gain, gizateriari ekarpen kalkulaezina egingo diote». Izan ere, jakina, korporazio handiak dira negozio-eskema horren onuradun nagusiak, «munduko merkaturik bizigarri eta hazkunde bizkorrenekoan» sartzeko aukera izango dute eta. Munduko enpresa-plataformarik handienaren, Garapen Iraunkorrerako Munduko Enpresa Kontseiluaren (WBCSDren) kalkuluen arabera, «baliabide naturaletan, osasunean eta hezkuntzan soilik, negozio-aukera hori urtean 0,5 eta 1,5 bilioi dolar bitartekoa izango da 2020an, eta, egungo preziotan, kopuru hori urtean 3 eta 10 bilioi dolar artean haziko da, 2050ean». Ura, osasuna, hezkuntza, garraioa, ZERBITZU PUBLIKOAK, ONDASUN ERKIDEAK eta, azken finean, oraindik merkaturatu ez den ezein giza jarduera «merkatu-irtenbide berritzaile» bihurtzen ditu kapitalismoak.

Iraunkortasunerantz jotzeko eta pobreziaren aurka borrokatzeko behin betiko irtenbidea dela, horixe diote biztanle-sektorerik txirotuenei zuzendutako negozio-eskema hori abian jarri nahi dutenek. Garbi dago negozio inklusibo horiekin guztiekin enpresa handiak urteko mozkin gero eta handiagoak ari direla lortzen. Pertsonen garapenari eta ongizateari benetan egiten dieten ekarpena, berriz, eztabaidagarria da oso. Gaur egun arte, multinazionalek eurek agindutako azterlanez haratago joanez, ez da halakorik frogatu ahal izan. Egia esateko, Pobreza 2.0 liburuaren aroan, ez gara gizarte-desberdintasunak sustatzen dituzten egiturazko arrazoiak saihesteko ahaleginetan ari, baizik eta pobrezia merkatu-irizpideetan oinarrituz kudeatzen eta errentagarri egiten.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • LARIÚ, A.I. Y STRANDBERG, L. (2009): Negocios inclusivos: creando valor para las empresas y para la población de bajos ingresos, Cuaderno nº 9, Cátedra La Caixa de Responsabilidad Social de la Empresa y Gobierno Corporativo.
  • MÁRQUEZ, P.; REFICCO, E. Y BERGER, G. (eds.) (2010): Negocios inclusivo: iniciativas de mercado con los pobres de Iberoamérica, Social Enterprise Knowledge Network y Banco Interamericano de Desarrollo.
  • PRAHALAD, C.K. (2005): La fortuna en la base de la pirámide: Cómo crear una vida digna y aumentar las opciones mediante el mercado, Granica, Barcelona.
  • PRAHALAD, C.K. Y HART, S.L. (2002): “The fortune at the bottom of the pyramid”, Strategy and Business, nº 26.
  • ROMERO, M. Y RAMIRO, P. (2012): Pobreza 2.0. Empresas, estados y ONGD ante la privatización de la cooperación al desarrollo, Icaria, Barcelona.
  • WBCSD (2010): Visión 2050. Una nueva agenda para las empresas, Fundación Entorno.