Lobbya

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Ingelesetik dator lobby hitza, eta “atarte” edo “korridore” esan nahi du. Parlamentuko edo botere politikoko beste erakunde batzuetako antzinako atarte edo korridoreei egiten die erreferentzia, hau da, talde ahaltsuetako ordezkariek edo bitartekariek, beren interesen araberako erabaki politikoak harrarazteko, agintari publikoei presio egiteko erabiltzen dituzten leku haiei. “Korridorea egitea” garrantzi handiko fenomenoa bilakatu da gaur egun, batez ere enpresa handiei lotutako lobbyek gero eta eragin handiagoa dutelako munduko botere-gune handienetan.

XIX. mendearen hasieran dago fenomeno horren jatorria, garai hartan hasi baitziren lehen lobbyak Britainia Handiko eta Estatu Batuetako parlamentuetan esku hartzen, goraka ari ziren industria-taldeen interesak defendatzeko. Alabaina, mendebaldean XX. mendearen bigarren erdian lortu zuen lobbyaren jarduerak benetako garrantzia, estatu eta erakunde publiko indartsuagoak eta eskuduntza handiagokoak eratu ahala.

Bereizi egin behar dira lobbyak eta beste presio-talde batzuk: sindikatuak, gizarte-mugimenduak..., esate baterako. Lobbyak politikan presio egiteko talde edo “enpresa espezializatuak” dira, baina, hirugarren baten aginduei jarraiki jarduten dute; enpresa garrantzitsu bat izan ohi da hori, sarritan. Eremu publikotik kanpo gauzatzen dute jarduera nagusia, aipatutako beste taldeok ez bezala. Gainera, konparaziozko abantaila bat dute, gero eta nabarmenagoa: eraginkortasun ikaragarria ematen dien gaitasun finantzario handia, bai eta kalifikazio profesional handiko aditu talde gero eta espezializatuagoak ere.

Brusela, lobbyentzako toki pribilegiatua

Azken urteotan, egungo kapitalismo korporatiboaren testuinguruan, zalantzarik gabe enpresa multinazionalen zerbitzura diharduten lobbyak dira ugarienak eta eragin handienekoak, nazioarteko botere politiko eta ekonomikoko instantzietan (NAZIO BATUetan, Munduko Bankuan, Nazioarteko Moneta Fondoan, Munduko Merkataritza Antolakundean, Europar Batasunean, Estatu Batuetako kongresuan…).

Europaren kasua esanguratsua da oso. Azken hogei urteotan, Brusela toki estrategikoa bihurtu da korporazio handientzat, Europako erakundeek gero eta botere handiagoa dutela eta. Egun, EBko 25 herrialde kideetako legediaren % 50etik gora Bruselatik dator, eta, beraz, eremu pribilegiatua da lobbyen jardunerako. Kalkuluen arabera, 15.000 “lobista” inguru dabiltza, arduraldi osoz, Europako erakundeen erabakietan eragiten, eta % 70 baino gehiago konpainia multinazionaletako ordezkariak dira. Hain zuzen ere, EBko lobby transnazionalaren fakturazioa 750 eta 1.000 milioi euro bitartekoa da.

Hona hemen Europar Batasuneko lobbyrik eraginkorrenetako batzuk: Europako Enpresarien Mahaia (ERT), sektoreko 47 multinazional europar garrantzitsuenak biltzen dituena eta kontinenteko industria-ekoizpenaren % 60ren pareko fakturazioa duena; Ameriketako Merkataritza Ganberako EBrako batzordea, AEBko multinazionalak Bruselan ordezkatzen dituena; Merkataritzarako Estatu Batuetako Kontseilua, merkatu askearen alde presio egiteko taldea. ESPAINIAKO MULTINAZIONALek ere eragin handia dute Europan —gero eta handiagoa—, ehun bat inguru lobby kreditatu baitituzte Europako Parlamentuan.

Lobbyen osaerari dagokionez, profil hauek nabarmentzen dira, besteak beste: botere betearazleko eta legegileko kide ohiak, postu hori utzi ondoren enpresa handietan hasten baitira; maila handiko funtzionario ohiak; PUBLIZITATEko eta harreman publikoetako espezialistak; punta-puntako abokatu taldeak… Europaren kasuan, transnazionaletako kabildokide gisa Bruselara itzultzen diren antzinako komisarioak nabarmentzen dira "lobisten” artean. Merkataritzako komisario ohi (1994-99) Leon Brittan da adibide on bat. MMAren zerbitzuen gaineko negoziazioetan, EBren posizioa planifikatu zuen. 2000. urteaz geroztik, bere ondorengoei (Pascal Lamyri eta Peter Mandelsoni) presioa egiten dihardu, LOTIS batzordearen lehendakaria den aldetik. Finantza-zerbitzuetako industria britainiarra ordezkatzen duen presio taldea da LOTIS.

Lobby transnazionalaren boterea

Lobbyek gaitasun oso handia, eta gero eta eraginkorragoa, dute, gai oso garrantzitsuetan —ingurumena, osasuna, hezkuntza, pentsioak…) sortzen diren ekimenak blokeatzeko eta/edo ahultzeko. Osasunaren eta ingurumenaren alorretan badugu adibide berri bat: Europako Batasuna substantzia kimikoen inguruko arautegi makala hobetzen saiatu zenean gertatu zen. Industria kimikoaren lobbyaren kanpaina irmoa eta arrakastatsua izan zen, jatorrizko proposamena goitik behera itxuraldatzea lortu zuen eta.

Lobby transnazionalek ere funtsezko zeregina dute, egoitza nagusia duten estatuetako gobernuetan presioa egiten, atzerrian (negozioak eta filialak dituzten herrialdeetan batez ere) dituzten interes ekonomikoak defenda ditzaten. Presidenteek eta ministroek atzerrira egiten dituzten bidaiek enpresarekin eta interes korporatiboak babestearekin zerikusi handia izaten dute, sarritan. Estatu espainiarraren kasuan, 2011. urtean Lehiakortasunerako Enpresa Kontseilua eratu zen, Espainiako 17 konpainia handik osatutako lobbya. Besteak beste, enpresa hauek ditu kide: Telefónica —enpresa-plataforma hori zuzentzen du—, Santander, BBVA, Repsol, El Corte Inglés, ACS eta Inditex. Enpresok beren posizioa hobetzea eta, horrela, gobernua eraginkortasun handiagoz presionatzea lortzen dute lobby horren bidez, eta, krisi betean gauden honetan, beren eskaera ekonomikoak politikara helaraztea.

Enpresa-lobbyen eragina handitu egin da azkenaldian; ondorioz, gero eta zailagoa da haien jarduna arautzea eta gardentzea. Europako Parlamentuan, esaterako, baimendun 5.000 “lobista” akreditatutik gora daude, baina izena eta zer erakundetakoak diren bakarrik akreditatzen dute, zer lan-eremutan diharduten eta zer-nolako aurrekontua duten zehaztu gabe. Europako Batzordeak berak aurkako jarrera erakutsi izan du, lobbyak arautzeko proposamenen aurrean. Transnazionalen Behatokiaren azterlan batek argi utzi du gardentasun falta hori: Shellek eta Unileverrek, kasu, uko egin zioten halako informazioa emateari; Bayerrek, Boschek eta Hoechstek onartu egin zuten lobby taldeetan parte hartzen zutela, baina ez zuten datu gehiagorik eman; Nestlék, Siemensek eta beste enpresa batzuek ukatu egin zuten politika-jardueretan parte hartzen zutela.

Lobbyek interes publikoko gaietan eragiteko duten gaitasun hori alderantziz proportzionala da beren legitimotasunarekin, herritarrek aukeratu gabeko instantziak dira eta. Horrenbestez, aditu batzuen esanetan, horien jardunak demokrazia mehatxatzen du.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • BALANYA, B. (2007): “¿Cenamos esta noche, comisario? ‘Lobby’ en Bruselas”, en VV.AA., Las empresas transnacionales en la globalización, Cuaderno nº 2, OMAL, Madrid.
  • CASTILLO, A. (2011): Lobby y comunicación, Comunicación Social, Sevilla y Zamora.
  • FINER, S. (1966): El imperio anónimo, Tecnos, Madrid.
  • JEREZ, M. (2003): “Los grupos de presión”, en DEL ÁGUILA, R. (ed.): Manual de Ciencia Política, Trotta, Madrid.
  • MEYNAUD, J. (1972): Los grupos de presión, Editorial Universitaria de Buenos Aires.
  • SÁNCHEZ, J. E. (2008): “El poder de las empresas multinacionales”, X Coloquio Internacional de Geocrítica. Diez años de cambios en el mundo, en la geografía y en las ciencias sociales, 1999-2008, Universidad de Barcelona, 26-30 de mayo.