Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Zuzenbidea > Enpresa transnazionalak

Enpresa transnazionalak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Raymond Vernonen esanetan, hauxe da enpresa transnazional bat: «korporazio-zentroak zuzendutako baterako estrategia batean oinarrituta eta mugarik ez dagoela uste duenaren antzera, jarduerak nazioartean zabaltzeko ahaleginak egiten ari den konpainia». Estatu Batuetako Merkataritza Sailak beste modu batean deskribatzen ditu enpresa transnazionalak, autore batzuek sozietate transnazional deritzenak: «Filialak prozesu integratu batean egituratzen dira, eta ekoizpenaren, plantak kokatzeko lekuaren, produktuen egituraren, merkaturatzearen eta finantzaketaren alorreko politikak korporazio-zentroak zehazten ditu».

Europako Erkidegoetako Justizia Gortearen arabera —1986ko 270/83 kasuan—, enpresa transnazionala herrialde jakin bateko legediari jarraiki sortutako sozietate nagusi bat da, zuzeneko inbertsioen bidez beste herrialde batzuetan ezartzen dena, tokiko sozietateak sortu gabe edo, herrialde hartzaileko legeen arabera, tokiko sozietate gisa eratzen diren filialen bidez. Argentinako gorte gorenak 1973an esan zuenez, filiala bere status juridikoan entitate independente moduan agertzen denean, fikzio juridikoaren “beloa jaso” eta errealitate ekonomikoa bistaratu beharra dago, sozietate nagusiak bere erantzukizunei ihes egiterik izan ez dezan. Hau da, sozietate transnazionalak, sozietate multzo baten itxura juridikoa izan arren, erabaki-ahalmendun zentro bakarrak zuzentzen duen unitate ekonomiko bakarra osatzen du, funtsean.

Mozkinik handiena lortzea da helburu nagusia

Enpresa transnazionalak polifazetikoak eta moldaerrazak dira: ekonomia errealean eta finantza-espekulazioan, ekoizpenean, merkataritzan eta zerbitzuetan, aldi berean edo hurrenez hurren jardun dezakete. Hainbat arrazoi tarteko, lurraldez eta izenez ere aldatzen dira.

Enpresek bereizita, batera edo ondoz ondo gauzatzen dituzte jarduera horiek. Beraien jardueretan, hainbat lurralde ukitzen dituzte, eta ezartzeko eta kapitalak inbertitzeko lekuak nahiko maiz aldatzen dituzte, mozkinik handiena lortzeko helburuan oinarritutako estrategiaren arabera. Zer bilatzen duten: lanesku merkeena, abantaila fiskalak, estatuaren dirulaguntzak, lehengai-iturrien hurbiltasuna, merkatu kontsumitzailearen gertutasuna, arautegi malguak eta/edo aldekoagoak, kapital espekulatzaileetarako interes-tasa handiak eta abar.

Modu askotara funtzionatzen dute: sozietate nagusi baten eta filialen bidez, jarduera-sektore bereko taldeak sortuz, hainbat jarduera ukitzen dituzten konglomeratuak edo koalizioak eratuz, bat-egiteen edo zurgapenen bidez bateratuz eta finantza-taldeak (holdingak) eratuz. Azken horiek akzioetan izaten dute kapital finantzarioa eta horien bidez kontrolatzen dituzte enpresak edo enpresa taldeak. Kasu guztietan, erabakirik garrantzitsuenak zentralizatuta egoten dira.

Herrialde bakarrean edo hainbatetan izan dezakete helbidea: erakunde nagusiaren benetako egoitzan, jardueren ezarpen-leku nagusian eta/edo erregistratu diren herrialdean. Dena den, badago sozietate transnazionalaren nazionalitatea zein den jakiterik, estatu bat egoten baita Munduko Merkataritza Antolakundean, Nazioarteko Moneta Fondoan, Munduko Bankuan eta nazioarteko beste erakunde batzuetan, edo bitarteko politikoak, militarrak eta abar erabiliz, haren interesak babesten. Gertatzen da, halaber, ekoizpen-jarduera azpikontratisten esku egotea eta enpresa transnazionala know-howaz, markaz eta marketinaz arduratzea.

Enpresa transnazionalen jatorria eta hedapena

Lehen enpresa transnazionalak XIX. mendearen amaieran agertu ziren. Hasieran, enpresa nazional handiak ziren, kapitala eta boterea metatzeko bitarteko guztiak erabiltzen zituztenak, estortsioa eta krimena barne. Geroago, mugez gaindi hedatzen hasi ziren. Hona hemen adibide bat: Standard Oil, John D. Rockefellerrek 1870ean Clevelanden (Ohion) fundatua. Hamar urteko ugaritan zehar, enpresa transnazionalak ekoizpen-jardueretan aritu ziren: lehengaiak erauzi eta saltzen eta produktu industrialak fabrikatu eta salerosten. Aurrerago, beste sektore batzuk batu zitzaizkien horiei: zerbitzuena, komunikazioarena, elektronikarena, informatikarena, bioteknologiarena…

Enpresa transnazionalak kapital-pilatzeen bidez sortzen dira. Horrelaxe eratu ziren oligopolio eta monopolio handiak ere. Horien oinarri finantzarioa XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean industriako kapitalak eta bankuenak bat egitearen bidez finkatu zen.

Kapitalismo monopolista sortu eta XX. mendearen bigarren erdialdean finkatu zenean, iraultza zientifiko eta teknikoa (elektronikoa, informatikoa…) zeritzonaren bidez, hiru mailen —produkzioa, zirkulazioa eta burutzapena— nolabaiteko autonomia eten egin zen, kapital finantzarioak nagusitasuna hartu zuen eta lehiakortasunak utzi egin zion merkatuaren autorregulaziorako (edo nolabaiteko autorregulaziorako) bitarteko izateari. Horrela, enpresa transnazionalak bihurtu ziren munduko sistema ekonomiko-finantzarioaren oinarrizko egitura, eta merkatu “askea” ordezkatu zuten, nazioarteko merkataritza antolatzeko metodo gisa. Dena den, oligopolio handien arteko konkurrentzia bideratu eta atergabea ez da desagertu, nahiz eta Munduko Merkataritza Antolakundea arduratu, gatazketan bitartekari egiteaz.

Enpresa transnazionalen arteko harremanetan, merkatuak edo eragin-eremuak kontrolatzeko guda errukigabea, behartutako edo onartutako xurgapen nahiz eskurapenak, bat-egite edo ententeak eta euren artean joko-arau pribatu eta borondatezkoak ezartzeko etengabeko baina lortu gabeko saiakerak elkartzen dira. Izan ere, korporazio transnazionalen arteko erlazioen lege gorena hauxe da: «norberak bestea irenstea edo besteak norbera irenstea». Horrela, bada, gaur egun merkatuaz hitz egiten denean eta «ekonomiaren funtzionamenduak merkatuaren indarren menpe egon behar duela» esaten denean, hauxe ulertu behar dugu: ekonomiaren (eta gizartearen) funtzionamendua enpresa transnazionalek zuzentzen duten kapital monopolista transnazionalak erabakitako estrategiaren menpe egon behar duela, eta, beraz, haien oinarrizko helburua (beren mozkinak ahalik eta gehien handitzea) onartu egin behar dugula, bai eta edozein bitarteko erabiliz gizakiaren lanaz, aurrezkiez eta ezagupen tradizional eta zientifikoez jabetzea ere. Eta hori guztia interes orokorraren kalterako, ustez estatuko erakunde demokratikoek ordezkatuta eta arau juridiko nazional eta nazioartekoen (bereziki giza eskubide politiko, zibil, ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenekoen) babespean egon arren.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • OFFICE OF INTERNATIONAL INVESTMENT (1972): The Multinational Corporation: Studies on U.S. Foreing Investment, vol. 1, Departamento de Comercio de EE.UU., Bureau of International Commerce.
  • PALLOIX, C. (1975): L’économie mondiale capitaliste et les firmes multinationales, tomo II, François Maspero éditeur, París.
  • RIGAUX, F. (1991): “Les sociétés transnationales”, en BEDJAOUI, M. (ed.), Droit International, bilan et perspectives, Edit. Pedone-UNESCO.
  • TEITELBAUM, A. (2010): La armadura del capitalismo. El poder de las sociedades transnacionales en el mundo contemporáneo, Icaria, Barcelona.
  • VERNON, R. (1971): Sovereignity at Bay, The Multinational Spreed of U.S. Enterprises, Basic Books, Nueva York.