Deslokalizazioa

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Nazioarteko deslokalizaziotzat hartzen dira, zerbitzuen eta bitarteko ondasunen enpresek mendekotasun-erlaziorik ez duten atzerriko hornitzaileei egindako erosketak eta atzerrian finkatutako sozietate afiliatuei egindako transferentziak. Nazioaz gaindikoak izatea dute bereizgarri, berdin diolarik ondasun edo zerbitzuok enpresa berak edo kanpoko zerbitzu-emaileek hornitzen dituzten.

Herrialde bateko enpresa batetik atzerriko beste enpresa batera jarduerak eta lanpostuak lekualdatzea bi modutara egin daiteke: akziodunen artean, talde bereko enpresen artean alegia; edo, kontratu bidez, enpresa nagusi baten eta lehen jatorrizko herrialdean ekoizten ziren ondasun edo zerbitzu inportatuak hornitzen dituen azpikontratistaren artean. Deslokalizazioaren terminoa desindustrializazioarenarekin batera erabili izan da, antzinako industrializazioko ekonomien berrantolaketaz mintzatzeko. Garatzeko bidean dauden ekonomien —Txinakoa, bereziki— goraldiak, haien lanesku kalifikatu merkearen iturri agortezinek eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien iraultzak ekarri dute testuinguru-aldaketa hori.

Enpleguaren eta lan-baldintzen gaineko eraginak

Teoria konbentzionalari jarraiki, noranzko biko prozesua da globalizazioa, deslokalizazioak eta inportazioak birlokalizazioekin eta esportazioekin konpentsatzen dituena. Prozesu horretan, oso herrialde gutxik nozituko lituzkete enplegu-galera handiak. Deigarria da, adibidez, Irlandaren kasua. Balantza komertzial soberakinduna izan arren, trukeek eragin negatibo handia izan dute enpleguan —% 12,9ko murrizketa ekarri dute—. Soberakin komertziala lanesku-intentsitate txikiko industrietan eta defizit komertziala lanesku-intentsitate handiko eta produktibitate ahuleko industrietan metatzen delako gertatu da hori. Espainian, 611.000 lanpostu galduko ziren nazioarteko trukeen zioz. Ehunekotan, Irlandakoa baino txikiagoa da kopurua, % 3,9koa. Hainbat sektoretan, automobilenean kasu, beren lurraldea eta beste herrialde periferiko batzuk (Portugal eta Ekialdeko Europako estatuak, adibidez) hautatu dituzte, mihiztatzea eta osagaiak egiteko. Horrela, kostua funtsezkoa duten gama baxuko esportazio-plataforma bihurtzen dira, malgutasunean eta soldaten kostuak murriztean oinarritutako estrategiak eta lana antolatzeko eredu erreaktiboagoak aplikatzeak eskaintzen dizkieten aukerengatik. Beraz, funtziorik konplexuenen kontrola erdialdeko herrialdeetan egiten dute. Puerto Realen (Cadizen) zegoen Delphi enpresa estatubatuarraren automobil-osagaien planta, esate baterako, 2007an deslokalizatu zen, Poloniara eta Indiara.

Orain arte, nazioarteko deslokalizazio-prozesuek ez dute inpaktu handirik izan, herrialde garatuetako enpleguan. Gaiaren inguruan dauden txostenen artean, EIROk 2007an egindakoa da nabarmengarria. Horren arabera, 2003-2006 epealdian enpresak berregituratzeko neurrien ondorioz galdutako 2.445.793 enpleguetatik, 194.290 (% 7,9) bakarrik galdu ziren nazioarteko deslokalizazioek eraginda. Enpleguaren gainean eragin eskasa bazuten ere, segurtasun-falta gero eta handiagoa zen. Hauxe izan daiteke giltzarrietako bat: lana galdutako zenbat pertsona hasten diren berriro lanean. Baina ez da bakarra. Langileek soldatak txikitzea, lanaldia handitzea eta antzeko beste neurri batzuk onartu ezean deslokalizaziora jotzen jarraitzeko ezkutuko mehatxua ere hor dago. Langileek enpresan duten partaidetzari buruz ez dagoela behar adina arau aipatzen da. Hutsunea alde guztietan dago: estatuan, Europar Batasunean eta nazioartean. Ekoizpen-jarduerak birlokalizatzearen gaineko azterlan batean, hauxe azaltzen da: sarritan, enpresek ekarritako datuak ez direla egokiak eta informazio- eta kontsulta-epeak ez direla nahikoak.

Soldata txikien konparaziozko abantaila

Enpresa deslokalizatuetan ekoitzitako prezio txikiko produktuak inportatzea globalizazioaren abantailetako bat omen da, eta herrialde aberatsetako kontsumitzaileei mesede egiten omen die. Baina low cost produktuak hornitu ahal izateko, soldatetan atzeraka egin behar da eta soldata txikiko langileen (working poorsen) zati handi bat garatu egiten da. Ebidentzia enpirikoak erakusten duenez, nazioarteko deslokalizazioa bat etortzen da deslokalizazio-prozesuen ondoren lanpostu berrietan sartzen diren langileen —kalifikazio txikiagokoak, oro har— soldatak txikitzearekin, eta, beraz, errentaren birbanaketa gutxikorra eragiten du, bai eta soldatak jaustea eta desberdintasuna areagotzea ere.

Sistema horren defendatzaileen aburuz, herrialde hartzaileetan enplegua sortzen du eta lan-merkatuak malgutasun handiagoz kudeatzea ahalbidetzen du, hainbat arrazoirengatik: lan-indarraren eskaintza handitu egiten delako munduan, lanpostuak lortzeko lehiakortasuna areagotu egiten delako, soldata txikiko herrialde kopuru handiagoa murgiltzen delako globalizazioan eta, ondorioz, lehiakortasunak eta, bide batez, enplegu-eskariak gora egiten dutelako. Argudio horiek, baina, ahaztu egiten dute, multinazionalen inbertsioek produkzio ultralehiakorrak ematen dituztela eta horiek, batzuetan, estatu hartzaileek eskainitako abantaila fiskalen bidez subentzionatzen direla eta, ondorioz, gizarte-politiketarako behar liratekeen sarrerak murrizten dituztela, eta nekazaritza eta industria txiki tradizionala desagerraraz ditzaketela. Bestalde, ez dago garbi deslokalizazio gehienak garatzeko bidean dauden herrialdeetan egiten diren ala ez. Frantziari buruzko azterlan batean jasota dagoenez, ekoizpena deslokalizatzearen ondorioz 1995 eta 2001 bitartean galdutako enpleguen % 53 herrialde garatuetan birlokalizatu ziren, ingurukoetan bereziki. Posible da garatzeko bidean dauden herrialdeetako prestakuntza eta aurrerapen teknologikoa handitu ahala, horien proportzioa ere handitzea etorkizunean; baina kontrako beste joera bat ere sortuko da: horietako soldatak gehiago haziko dira herrialde garatuetakoak baino. Edonola ere, soldata txikiek ematen duten “konparaziozko abantaila” bilatzen dute beti enpresa handiek. Haietako zuzendarien arabera, abantaila hori etengabe berritu beharra dago, lan-kostu txikiagoak dituzten herrialdeetarako nazioarteko deslokalizazioak saihestu nahi badira. Horrela, argudio biribila lortzen dute, soldatei beherantz eusteko eta enpleguan kolokatasun handiagoa eskaintzeko. United Nations Conference on Trade and Developmenten (UNCTADen) 2012ko txostenean jaso denez, bai inbertsioen jatorrizko herrialdeek bai hartzaileek lan-politika bertsuak erabiltzen dituzte: jatorrizko herrialdeak, “lan-merkatuak liberalizatuz eta soldaten gainean presio eginez”, atzerriko birlokalizaziorako joerari eusten ahalegintzen dira; helburuko herrialdeetan, berriz, lan-merkatuak “malgutzen” saiatu dira, atzerriko inbertsio gehiago erakartzeko asmoarekin.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • ARAGÓN MEDINA, J., ROCHA SÁNCHEZ, F. Y DE LA FUENTE SANZ, L. (2007): La relocalización de empresas y las relaciones laborales en España, Fundación 1º de Mayo, Madrid.
  • EIRO (2007): Restructuring and employment in the EU: The impact of globalization, European Foundation for the Improvement of Living and Working Conditions.
  • FLORES SÁNCHEZ, G. (2010): “La acción sindical y las dinámicas de deslocalización internacional”, Cuadernos de Relaciones Laborales, vol. 28, nº 1.
  • FONTAGNE, L. Y LORENZI, J.H. (2005): Désindustrialisations, délocalisations. Rapport du Conseil d’Analyse économique, La Documentation Française, París.
  • LUENGO ESCALONILLA, F. (2010): “Las deslocalizaciones internacionales. Una visión desde la economía crítica”, Cuadernos de Relaciones Laborales, Vol. 28, nº 1.