Delitu ekonomikoak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Hirugarrenen kaltetan norberaren onura lortzea xedetzat harturik iruzurrez egindako negozio edo delitu-egintzak sartzen dira termino horren barruan, hala nola: aktiboen bidegabeko jabetzea, kontabilitate-manipulazioa, maula, eroskeria eta ustelkeria, dirua zuritzea, iruzur fiskala, merkatuko abusuzko posizioa… Ohiko jarduerak dira horiek enpresa handien munduan, eta, kontrol publikoko bitarteko eraginkorrik ezean, krisi ekonomiko larriak sor ditzakete.

XX. mendearen azken zatian, ekonomiaren liberalizazioak eta desarauketak goia jo duenean, iritsi da kriminalitate ekonomikoaren hazkunderik handiena. 2008an abiatutako krisi finantzario globalak argi utzi duenez, arazoak dimentsio sistemikoak ditu. Testuinguru horretan, delitu ekonomikoen artean sartzen dira, besteak beste: kontzesioak lortu eta enpresak erosteko ustelkeria eta eroskeria, bilioika dolar mugitzen dituzten legez kontrako diru-fluxuak eta kolapso-hasiera sumatzen zaienean bereziki burbuila espekulatiboetan ugaltzen diren enpresa-iruzurrak.

Eroskeria eta ustelkeria

Enpresa transnazional handietan ohiko jarduerak dira biak; Nazioarteko Gardentasunari buruzko 2011ko txostenaren arabera, «atzerriko eroskeriak ohiko jardunbidea izaten jarraitzen du mundu osoko konpainia askorentzat». Hidrokarburoen sektorea da kontratu eta negozio arrakastatsuak lortzeko halako mekanismoetara gehien jotzen duen sektorea. Horren erakusgarri dira, adibidez: Total petrolio-enpresa, Iranen eroskeriaz jokatu zuena gas-ustiategiak lortzeko; ExxonMobil, Kazakhstanen beste horrenbeste egin zuena; eta Shellen ustelkeria-salaketak. Herri-lanen eta hirigintzaren inguruan aurkitutako ustelkeria-konplotetan ere maiz izaten dira enpresa handiak tartean, azken urteotako “higiezinen burbuila”ren baitan, bereziki. FCC, ACS eta OHL eraikuntza-enpresak, esate baterako, halako delituetan nahastu dira: lehena Balearretako “Palma Arena kasua”n eta hirugarrena, errepideak eraikitzeko emakidaz jabetzeko, lizitazioak aldatuz.

Legez kontrako diru-fluxuak

Global Financial Integrity erakundearen arabera, 2000tik 2009ra bitartean, Hegoaldeko herrialdeek 8,4 bilioi dolar galdu zituzten, krimen antolatuaren eta droga-trafikoaren, eroskeriaren, ustelkeriaren eta itzurpen fiskalaren ondoriozko legez kontrako fluxuetan. Horretan, enpresa transnazional handiek zeresan handia dute: diru kopuru horien erdia baino gehiago —% 53,9 zehazki— nazioarteko merkataritzako iruzurrezko fakturaziotik dator, oro har enpresa nagusien eta filialen artetik, zergak ordaintzeari ihes egiteko. Gainera, kalkuluen arabera, herrialde periferikoek 124.000 milioi dolar galtzen dituzte, urtean, PARADISU FISKALetara kapitalak ihes egitearen ondorioz. Iruzur fiskal horrek ondorio oso larriak ditu herrialde periferikoetako gizartean eta ekonomian; izan ere, iruzurrez erabilitako diruak eragotzi egiten du, hain zuzen ere, ZERBITZU PUBLIKOak hobetzeko eta pobrezia murrizteko inbertsioak egitea.

Enpresa-iruzurra

Enpresa-iruzur handi gehienak burbuila espekulatiboei lotuta egon izan dira, eta horien hazkundea, hala kopuruan nola tamainan, finantzen eta ekonomiaren liberalizazioak eta desarauketak ekarri dute. Burbuilok porrot egiten dutenean azaleratzen dira irregulartasun ekonomikoak, kontabilitatearen manipulazioa eta finantzaketa iruzurrez bidez lortzea, adibidez, eta, horietan eroskeriak eta ustelkeriak ere eginkizun garrantzitsua izaten dute.

Bestalde, eskandalu finantzario eta ekonomikoek agerian uzten dute enpresa-elitearen eta arduradun politikoen artean dagoen harreman pribilegiatua. Gainbegiratze egokirik eza, burbuila espekulatiboak eta delitu ekonomikoak saihesteko neurrien gabezia eta, zuzenean, botere publikoak delitu horietan nahastuta egotea erakusgarriak dira oso. Iruzurrez erabilitako dirua fondo publikoen bidez konpentsatzen bada ere, herritar gehienentzat beharrezkoak diren aurrekontuko partidetatik kenduz, erantzuleek ez dute zigorrik jasotzen edo oso zigor txikiak bete behar izaten dituzte. Horretan zeresan handia du politikarien eta enpresarien arteko harreman pribilegiatu horrek.

ENPRESA TRANSNAZIONALek mendeko karguen esku uzten badituzte ere iruzurrak, goi-mailako zuzendariak dira kontabilitatea manipulatu eta ondasunak bidegabe eralgitzen dituztenak. Critical Perspectives on Accountingen argitaratutako azterlan baten arabera, Estatu Batuetako Balore Batzordeak 1987 eta 1999 bitartean aurkitu zituen 276 iruzurren % 70ean, lehendakari exekutiboek hartu zuten parte.

Enpresa-iruzurraren historia laburra

1866an suntsitu zen Overend, Gurney & Company bankuaren kasuak argi utzi zuenez, sistema kapitalistaren finantza-desarauketaren eta gainbegiratze publiko ezaren ondorioz, errazagoa da ondorio ekonomiko eta sozial larriak dituzten finantza-delituak egitea. Banku horretako kudeatzaileak iruzurragatik epaitu zituzten, akzioak jaulkitzerakoan informazio faltsua emateagatik; alabaina, absolbitu egin zituzten. 1929ko krisiaren atarian dugu beste adibide bat: aurreko mendeko hogeiko urteetan, Floridako higiezinen sektorean burbuila espekulatibo bat sortu zen, eta, besteak beste, iruzur multzo baten eraginez suntsitu zen.

Mende bereko laurogeiko hamarkadan, “zabor bonuak” zeritzenen burbuila espekulatiboak porrot egin zuen, eta, haiekin batera, hartzekodunek (“zikoizkeriaren jaunak” deritzenek) ere bai. Iruzurra, maula eta beste delitu finantzario batzuk leporatu zitzaizkien. Geroago, laurogeita hamarreko urteetan, burbuila finantzario ikaragarri bat sortu zen, eta, 2000. eta 2001. urteen artean lehertu ostean, enpresa-iruzurraren kasu mordoa atera zen argitara. Enron transnazionalarena da adibiderik ezagunena. 2001ean kiebra jo zuen, iruzurrezko irabaziak estaltzeko kontabilitatea manipulatu eta alegiazko enpresak sortu ostean. Eskandalu horretan tartean izan ziren, bai Arthur Andersen auditoretza-enpresa, konpainiari egindako ikuskaritzetan irregulartasunak erakusten zituzten dokumentuak suntsitu baitzituen, bai George W. Bushen gobernua. Eta Enronez gain, kontabilitate-iruzurreko hainbat eta hainbat kasu egon ziren, urte horietan. Aipagarriak dira, besteak beste: Ameriketako Estatu Batuetako telekomunikazioetako WorldCom transnazionala, Vivendi Universal enpresa frantziarra eta Parmalat etxe italiarra.

Halaber, Subprime hipoteken burbuila espekulatiboaren porrotak, 2008az geroztik erdialdeko herrialdeetan batez ere krisi finantzario eta ekonomiko handi bat sortu duenak, hainbat ustelkeria- eta iruzur-kasu ekarri ditu berekin. 2010ean, subprimeei lotutako zor-tresnen inguruan iruzur egitea leporatu zion AEBko Balore Batzordeak Golman Sachsi. Era berean, Estatu Batuetako hipoteka MERKATUAK ikuskatzen dituen agentziak demanda bat prestatu zuen, besteak beste Bank of America, JPMorgan Chase, Goldman Sachs eta Deutsche Banken aurka, higiezinen burbuilan saldutako hipoteken kalitatea desitxuratzeagatik. Amaitzeko, KALIFIKAZIO AGENTZIAK, aseguruetako transnazionalak (AIG adibidez), inbertsio-enpresak (Fannie Mae eta Freddie Mac esaterako)… ditugu. Oraindik ez dira epaitu, baina, zantzu guztien arabera, tartean izan ziren finantza-krisia ekarri zuen informazio-manipulazioan.

Espainiako transnazionalek ere izan dute salaketarik, enpresa-iruzurra dela eta. BBVAko zuzendariak, kasu, 2001 eta 2005 bitartean Auzitegi Nazionalak epaitu zituen, kontuak faltsutzeagatik eta 225 milioi euro PARADISU FISKALetara bidaltzeagatik. Orobat, 2006an, Emilio Botín eta Banco Santanderreko beste hiru zuzendari salatu zituzten, Banesto kasuan, laurogeiko hamarkadaren amaieran dokumentu ofizialak eta merkataritzakoak etengabe faltsutuz Herri Ogasunaren aurka egindako 38 delitu zirela eta. Azkenean, kasua bukatutzat jo zen, 2012an. Botín ikertu egin zuten, berriro, 2011ko ekainean, ustezko iruzur fiskala eta agiri-faltsutzea leporatuz. Bada beste kasu bat, halako delitu ekonomikoetan zigorgabetasuna nagusitu ohi dela argi uzten duena. Santanderreko lehendakariorde Alfredo Sáenzez ari gara. Nahiz eta Auzitegi Gorenak hiru hilabeteko kartzela- eta desgaikuntza-zigorra ezarri, Banestoko lehendakari zela akusazio faltsua egin zuelako, 2011ko azaroaren amaieran, Zapatero gobernuaren indultua jaso zuen, azken ministroen kontseiluan.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • BAKER, R.W. (2005): Capitalism’s Achilles Heel: Dirty Money and How to Renew the Free Market System, Wiley, Londres.
  • CULLINANA, C.P. Y SUTTONB, S.G. (2002): “Defrauding the public interest: A critical examination of reengineered audit processes and the likelihood of detecting fraud”, Critical Perspectives on Accounting, vol. 13, nº 3.
  • GARCÍA NEUMANN, J. (2010): “La especulación financiera como delito contra la humanidad. Fundamentos en la Historia de la Economía”, Via Inveniendi et Iudicandi, nº 11.
  • GLOBAL WITNESS et al. (2009): “The links between tax evasion and corruption: How the G20 should tackle illicit financial flows”, Briefing Paper, Global Witness, Tax Justice Network, Christian Aid y Global Financial Integrity.
  • IGLESIAS, J. Y BADENES, X. (2011): Apuntes sobre la economía furtiva del capitalismo, Seminario de Economía Crítica Taifa, Barcelona.