Soldata arraila

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Lehen, soldata-arraila kontzeptua genero-ikuspegiari loturik zegoen eta lan-merkatuaren esparruan erabiltzen zen. Gizonen eta emakumeen ORDAINSARIEN arteko aldea adierazten zuen. Azken urteotan, ordea, kontzeptuak genero-desberdintasunaren esparruko mugak gainditu ditu, enpresen barneko soldata-desberdintasunak adierazteko ere erabiltzen baita. Soldata-arraila enpresa bereko zuzendarien eta langileen batez besteko ordainsarien arteko aldea da. ENPRESA TRANSNAZIONALETAN nazionaletan baino handiagoa izaten da.

Globalizazio neoliberalak egungo ekonomietan eta bereziki lan-merkatuetan ezarri dituen dinamikek gizarte-desberdintasunak indartu egin dituzte, soldata-arrailaren bidez, besteak beste. Soldata-arrailaren iturburuak edo eragileak anitzak dira, baina denak globalizazio eta neoliberalismo garaikidearen ezaugarri bereizgarriei atxikita daude. Izan ere, nazioarteko lehiakortasuna gero eta gogorragoa da, eta finantza-ekonomia gero eta garrantzitsuagoa, ekonomia-jarduera errealak bigarren mailan ari direlako geratzen. Finantza-eragileek ENPRESA TRANSNAZIONAL handietako administrazio-kontseiluetako karguak eskuratu eta finantza-munduko kudeaketa- eta ordainsari-jardunbideak eremu horretara eraman dituzte. Estatuen arauketa-gaitasuna eta sindikatuen negoziazio-ahalmena ahuldu egin dira, multinazionalek araudiak saihesteko makina bat bide dutelako aukeran. Eragile horiei guztiei DESLOKALIZAZIOAREN mehatxu etengabea gehitu behar diegu. Nahi izanez gero, konpainiek ekoizpen osoa lan-, gizarte- eta ingurumen-lege malguagoak dituzten tokietara eraman dezakete edo ekoizpen-jarduera gehienak azpikontratatu egin ditzakete, beste enpresa batzuen esku utziz. Transnazional bakoitzaren enpresa nagusiak bere azpikontratak soldata-doikuntzak egitera behartzen ditu, nazioarteko lehiakortasunaren izenean.

Lan- eta soldata-desberdintasunak gorantz

Aipatutako faktoreen ondorioz sortutako testuinguru izugarri gogorrean, ekoizpen-prozesuan parte hartzen duten langile guztien lan-baldintzak kaskartzen eta soldatak murrizten ari dira. Bestalde, era guztietako desberdintasunak errotik ari dira indartzen, bereziki errentaren banaketarekin zerikusia duten alderdietan. Horrela, adibidez, Ameriketako Estatu Batuetako biztanlerik aberatsenen % 10 bertako errentaren % 52ren jabea da; 1978an, errentaren % 32 zegoen % 10 horren esku. Bistakoa da ekonomia- eta gizarte-politikak AEBko errenta gehiena oso biztanle gutxiren esku geratzea ahalbidetu duela, nahita.

Halaber, enpresetako langile eta zuzendarien arteko soldata-desberdintasuna ere handitu egin da. Adibidez, 1968an General Motorseko zuzendari exekutiboak, soldaten eta sarien bidez, maila ertaineko langileek baino 66 aldiz gehiago irabazten zuen, gutxi gorabehera. Gaur egun, Wal-Mart enpresako zuzendariaren diru-sarrerak maila ertaineko langileen batez bestekoak baino 900 bat aldiz handiagoak dira. Hori guztia prozesu beraren emaitza izan da, AEBn ezarritako proiektu politikoaren helburu bakarra gizarteko goi-mailen onura bermatzea baita, gizartearen gehiengoaren interesei muzin eginez.

Hizpide dugun fenomenoa, noski, ez da gailendu Estatu Batuetan soilik. Erresuma Batuan, High Pay Commision batzordeak, ordainsari handien bilakaera aztertzen duenak, enpresa handietako soldatei buruzko datuak kaleratu zituen: laurogeiko hamarkadatik hona, zuzendaritza-kargurik garrantzitsuenen ordainsariak % 4.000 handitu dira; maila ertaineko langileenak, berriz, % 400 termino nominaletan. Zuzendarien ordainsariak maila ertaineko langileenak baino hamar aldiz gehiago hazi dira.

Kasu batzuk oso adierazgarriak dira. Barclayseko zuzendari nagusiaren urteko diru-sarrerak % 5.000 handitu dira, baina langileen batez besteko soldataren igoera % 300ekoa izan da. Hau da, 1980an, zuzendari nagusiaren soldata Britainia Handiko batez bestekoa baino hamahiru aldiz handiagoa zen; gaur egun, 169 aldiz handiagoa da. Finantzen mundutik kanpo, munduko catering-enpresa nagusiko, Compass Group konpainiako, zuzendari exekutiboak bertako maila ertaineko langileek baino 350 aldiz gehiago irabazten du. Compass Group konpainiak 430.000 langile ditu mundu osoan.

Soldata-arraila ESPAINIAKO MULTINAZIONALETAN

Espainiako enpresetako zuzendarien eta langileen soldaten arteko aldeak ere izugarriak dira. Krisiaren eraginez, desberdintasunak areagotu egin dira, eta, gainera, joera tinko finkatu dela dirudi, gaiaren inguruko datu estatistikoen arabera. Espainiako soldata-desberdintasunak ezagutzeko iturririk zehatzena Soldaten Egiturari buruzko Inkesta da, Estatistika Institutu Nazionalak aldizka kaleratzen duena. Inkestako emaitzetan datu bat nabarmentzen da: 10 langiletik gorako enpresetako zuzendariak dira gehien irabazten dutenak, horien urteko batez besteko soldata gordina maila ertaineko langileen batez bestekoa baino ia hiru aldiz handiagoa eta kualifikaziorik txikieneko langileen batez bestekoa baino lau aldiz handiagoa baita. Batzuen eta besteen arteko soldata-arrailak 38 puntuko gorakada izan du 1995etik, inkestan aztertutako segidaren lehen urtetik.

IBEX 35-eko enpresetako zuzendarien ordainsarien bilakaera aztertuz gero, desberdintasunak askoz ere handiagoak direla egiaztatuko dugu. Izan ere, enpresa horiek guztiak transnazionalak dira. 2008an, aipatutako zuzendariek batez beste langileek baino 13,9 aldiz gehiago irabazi zuten. Hau da, Espainiako langileen batez besteko soldata baino ia 36 aldiz sarrera handiagoak eskuratu zituzten.

Dena den, enpresa guztietako goi-karguen soldatak ez dira berberak, alde handiak baitaude. Adibidez, 2008an, Santander Bankuko goi-mailako zuzendarien batez besteko sarreren zenbatekoa bertako langileen batez besteko soldatarena baino 89,6 aldiz handiagoa izan zen. 2010ean, krisia hasi eta bi urtera, desberdintasuna 101,9koa zen, langileei ezarritako austeritate-politiken ondorioz. Datu larria benetan. Baina Telefónicarenak are larriagoak dira. 2008an, zuzendarien diru-sarreren zenbatekoa langileen batez besteko soldatarena baino 87,7 aldiz handiagoa izan zen, eta 2010an 103,5 aldiz handiagoa. BBVAn beste horrenbeste gertatu da, 2008an soldata-desberdintasuna 40,5ekoa izan baitzen, eta 2010ean 53,1ekoa.

Aipatutako soldata-desberdintasunak zeharo bidegabeak eta etikoki gaitzesgarriak dira, eta justifika ezinak ekonomiaren ikuspegitik. Gainera, gure gizarteetan arazo larriak sorrarazten dituzte, komunitateko kide izateko sentimenduaren euskarriak hautsiz eta klase ertainen ekonomia-maila zapuztuz.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • COMISIÓN EUROPEA (2012): Progress on equality between women and men in 2011, Unión Europea, Bruselas.
  • HIGH PAY COMMISSION REPORT (2011): “Cheques with balances: why tackling high pay is in the national interest”.
  • MARS, A. (2011): “Sin crisis en el sueldo del ejecutivo”, El País, 17 de marzo.
  • SEMINARIO DE ECONOMÍA CRÍTICA TAIFA (2007): “Hay pobres porque hay muy, muy ricos”, Informes de economía, nº 4.