Boikota

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Enpresa edo erakunde baten jarduera gaitzesgarriak salatzeko egiten den ekimen antolatua, ez erosteko, ez saltzeko edo harremanik ez izateko erabakian oinarrituta. Boikotaren bidez, enpresa edo entitateak presionatu egiten dituzte, giza eskubideak urratzen edo gizarte-, lan-, ekonomia- edo ingurumen-kalteak sorrarazten dituzten jarduerak bertan behera utz ditzaten.

Boikot-kanpainak indarkeriarik gabeko erresistentzia-ekimentzat hartzen dira. Epe laburrekoak zein luzekoak izan arren, helburu zehatzak dituzte beti. Historian zehar, sindikatuak, gizarte- mugimenduek, nazioarteko erakundeek eta bestelako taldeek estrategia mota hori erabili dute estatuak eta enpresak presionatzeko, nagusiki.

ENPRESA TRANSNAZIONALEN kontrako boikota

Hirurogeita hamarreko hamarkadatik hona, enpresa multinazionalen kontrako erresistentzia-ekimenik erabilienetakoak boikot-estrategiak izan dira. Lehen boikot-kanpaina garai hartan, hirurogeita hamarreko hamarkadan, egin zen, Nestle transnazional suitzarraren kontra, herrialde pobretuetan bere hauts-esnearen kontsumoa sustatzen ari zelako, ur-iturri segururik ez zutela jakin arren. Ondorioz, biztanleek, batik bat haurrek, gaixotasun gastrointestinalak harrapatzeko arriskua zuten. Nestle enpresaren produkturik ez erosteko kanpainak indarrean dirau oraindik, salaketak ezin konta ahalakoak baitira: era guztietako gizarte-, politika- eta ingurumen-eskubideen zapuzketak, sindikatuen kontrako jardunbideak eta giza eskubideen urraketak Kolonbian.

Transnazional baten kontrako bigarren boikot enblematikoari laurogeiko hamarkadan ekin zitzaion, Union Carbide AEBko multinazional kimikoa, gaur egun Dow Chemical konpainiaren filiala, salatzeko eta presionatzeko. 1984an, Union Carbideren Bhopaleko (Indiako) lantegiko gas toxikoen isurketa ikaragarriaren ondorioz, 15.000 lagun inguru hil ziren eta 100.000 biztanlek istripuaren ondorioak jasaten jarraitzen dute. Konpainia erruduntzat jo zuten arren, ez zuen bere erantzukizuna onartu. Boikotak indarrean jarraitzen du, eta Erresuma Batuko hinduen elkarteak eta beste hainbat aktibistak Dow Chemical konpainiak 2012ko Londreseko Joko Olinpikoak ez babesteko presioa egin zuten.

Transnazionalen kontrako beste boikot-kanpaina garrantzitsu baten helburua Coca-Cola da, Ameriketako Estatu Batuetako korporaziorik handienetakoa. Erakunde askok egin dute boikoterako deia, arrazoi ugarirengatik. Mexikoko, El Salvadorko eta Indiako ekoizpen-planten inguruetan dauden akuiferoak hustea eta urak kutsatzea, ura PRIBATIZATZEKO politikak sustatzea, Pakistango, Peruko, Nikaraguako eta Errusiako sindikatuen kontrako jarduerak egitea eta, azkenik, Indiako, Turkiako, Guatemalako eta Kolonbiako botilaratze-lantegietako agintari sindikalen kontrako indarkeriazko ekintzetan parte hartu izana leporatzen diote. Gainera, azken bi herrialdeetan 1980tik hona hamar lagun baino gehiago hil dituzte.

Wal-Mart, British Petroleum, Mattel eta McDonald’s konpainien kontrako boikotak ere antolatu dira, giza- edo lan-eskubideak urratu eta ingurumen-kalte larriak egin dituztelako.

Dena den, eskubide-urraketak salatzeko eta errudunak presionatzeko kanpainak abiarazi dituzten erakunde batzuen ustez, boikota ez da egokia, ustekabeko ondorioak sorraraz ditzakeelako. Adibidez, Nike eta Adidas ehungintza-multinazionalek produktu batzuk enpresa makiladoreei azpikontratatzen dizkiete. Boikoten ondorioz, litekeena da salatutako multinazionalek produkzioa beste toki batera eramateko erabakia hartzea eta, beraz, enpresa horiek kontratuak galdu, lantegiak itxi eta langileak kanporatu behar izatea. Eta azpikontratatutako enpresa berrietako lan-baldintzak agian ez lirateke izango hobeak. Kanpaina batzuek boikoten arrisku hori berariaz azpimarratu dute. Aipatutako guztia kontuan izanik, kanpaina bakoitzari ekin aurretik, boikotaren balizko arriskuak eta arrakasta potentziala sindikatuekin egoki koordinaturik balioestea bereziki garrantzitsua da.

Estatuak presionatzeko boikotak

ENPRESA TRANSNAZIONALEN kontrako boikoten bidez, politika arrazistak, diktatorialak eta kolonialistak ezarrita dituzten estatuei nahita zein nahi gabe emandako laguntzak ere salatu izan dira. 1980ko hamarkadatik aurrera, apartheid-erregimenarekin harremanak zituzten multinazionalen kontrako boikot- eta desinbertsio-kanpainak egin ziren munduko txoko guztietan. Presioen eraginez, erregimen segregazionistaren amaiera azkarrago iritsi zen, 1994an indargabetuz. Boikotaren estrategiaren bidez lortutako garaipenik garrantzitsuena izan zen.

Hego Afrikako lorpena ikusita, ildo bereko beste bi boikot antolatu ziren. Batetik, Birmaniako batzorde militarra presionatzeko, Triumph, Pepsi, Coca-Cola eta Chevron enpresen kontrako boikot-deia egin zen, bertan zeudelako finkatuta. Azkenean, laurak Birmaniatik joan dira, baina Total konpainia frantsesak hantxe jarraitu du eta kontrako boikotari eutsi egin zaio. Bestetik, Israelgo estatua presionatzeko ekimena 2004an ernaldu zen Palestinako gizarte zibilean. Palestinako lurraldeen okupazioa bukatzea eta israeldarrek giza eskubideak etengabe urratzeari uztea dira Desinbertsioak eta Zigorrak (BDS) deritzon boikot-kanpainaren helburuak. Nazioarteko erakunde ugari atxiki zaizkio, Israelgo estatuak okupatutako lurraldeetan landutako produkturik eta bertan ekoizten duten konpainien salgarik ez erosteko eskatuz.

Ondorioa

Izen handiko marken kontrako boikot-kanpainak eraginkorrak dira benetan, salmenta-bolumena murriztea lortzen dutelako eta, batik bat, korporazio-irudiarentzat oso kaltegarriak direlako. Boikot-estrategiei aurre egiteko, Nike, Dow Chemical, Coca-Cola eta Shell enpresek eta beste konpainia askok milioika dolar gastatzen dituzte PUBLIZITATEAN eta itxura hobetzeko ekimenetan: adibidez, GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOARI lotutako gizarte-ekintzetan.

Azkenik, enpresa jakin batzuek produktuak ekoizterakoan edo banatzerakoan egiten dituzten giza eskubideen kontrako jarduerak ikertzeko eta zehatz-mehatz jakinarazteko kanpainak abiarazi dituzte hainbat erakundek, kontsumitzaileek informazioa ezagutu eta erosketa etikoen bidea har dezaten. Horrela, adibidez, eskolak, unibertsitateak, administrazioak eta bestelako erakunde publikoak aipatutako informazioan oinarri daitezke hornitzaileak aukeratzeko. Dena den, boikotaren xede bakarra ez da kontsumo arduratsuari bidea ematea, kontsumitzaileak ez ezik, subjektu politikoak ere ohartarazi nahi baititu.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • FAZAL, A. Y HOLLA, R. (2005): The boycott book.
  • KLEIN, N. (2001): No Logo. El poder de las marcas, Paidós, Barcelona.
  • KLEIN, J. G.; SMITH, N. C. Y JOHN, A. (2004): “Why we boycott: Consumer motivations for boycott participation”, Journal of Marketing, nº 68.
  • WERNER, K. Y WEISS, H. (2004): El libro negro de las marcas. El lado oscuro de las empresas globales, Debate, Barcelona.
  • ZACUNE, J. (2006): Coca Cola: El informe alternativo, War or Want, Londres.