Arau asimetria

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

ENPRESA TRANSNAZIONALEN eskubideak xedatzen dituen antolamendu juridiko globala, merkataritza-arauetan eta inbertsioetan oinarritua, inperatiboa, hertsatzailea eta exekutiboa da. Betebeharrak, aldiz, logika neoliberalari atxikitako antolamendu nazionalen, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen eta GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOAREN mende daude. Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea ahula da; Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, berriz, borondatezkoa, aldebakarrekoa eta derrigortasun juridikorik gabekoa.

ENPRESA TRANSNAZIONALEN botere politiko, ekonomiko eta juridiko izugarriak zigorgabetasuna bermatzen die; gainera, arau-kontrolak ere ez daude oso bateratuta. Kontratu, merkataritza-arau eta inbertsio multilateral, erregional eta bilateralen multzoak osatutako LEX MERCATORIA berriak eta ARBITRAJE AUZITEGIEN eta Munduko Merkataritza Antolakundeko Desadostasunak Konpontzeko Sistemaren (DKS) erabakiek transnazionalen eskubideak babesten dituzte. Betebeharrak, aldiz, tokian tokiko herrialdeko legediak xedatzen ditu, baina legedi horiek guztiak politika neoliberalen mende daude, eta, noski, desarauketak, PRIBATIZAZIOAK, politika publikoen murrizketak, aparatu militarrak eta gizartea kontrolatzeko bideak sustatzen dituzte. Transnazionalen interesen aldeko ad hoc legediak ezartzen dira.

Bestalde, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideak eta Lanaren Nazioarteko Zuzenbideak gizarteko gehiengoen eskubideak ez dituzte behar adina bermatzen. Aipatutako errealitate juridikoen inguruan, GEK eta jokabide-kodeak (Zuzenbide biguna deritzonari atxikitako jardunbideak) sortu dira ENPRESA TRANSNAZIONALEN botereari aurre egiten saiatzeko.

ENPRESA TRANSNAZIONALAK eta estatuak

Estatu garatuen eta enpresa multinazionalen arteko lotura politiko eta ekonomikoek eta nazioarteko finantza- eta merkataritza-erakundeen presioak multinazionalen interesen aldeko politika eta araudiei ematen diete bidea. Erakunde demokratikoen krisiaren, gutxiengoaren merkataritza-eskubideen garaipenaren, printzipio eta berme juridikoen berrezarpenaren eta LEX MERCATORIA berriaren ondorioz finkatu diren araudietan, ENPRESA TRANSNAZIONALEN eskubideak nazioarteko merkataritza-legeen mende geratu dira.

Bestetik, estatu hartzaileek presio bikoitza jasan behar izan dute. NAZIOARTEKO FINANTZA ERAKUNDEEN politikek sorrarazitako zorpetze-maila izugarriari aurre egiteko, doikuntza-neurriak ezarri zituzten herrialde garatuen babesarekin, eta neurri horiek enpresa multinazionalei ateak ireki zizkieten. Bestetik, legeak malgutu, sektore publikoak pribatizatu eta merkataritza-mugak ireki behar izan dituzte, ongizate-estatua birformulatzeaz gain. Horrela, multinazionalak estatu hartzaileen subiranotasuna ahultzen duten nazioz gaindiko arau multilateral, erregional eta bilateralez baliatzen dira beren eskubideak ziurtatzeko. Betebeharrak tokian tokiko herrialdeko legediaren araberakoak izaten dira, baina legedi horiek guztiak kapitalaren logikaren mende daude. Argi dago zein den lege neoliberalak berrinterpretatu eta aldatu nahi dituzten gobernu latinoamerikarrak presionatzeko arrazoia.

ENPRESA TRANSNAZIONALAK eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea

Estatuek ez dituzte ENPRESA TRANSNAZIONALAK kontrolatzen, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideari lotutako sistema unibertsalak eta jurisdikzio eskudunak ez dira LEX MERCATORIA berria indargabetzeko gai.

ENPRESA TRANSNAZIONALEI nazioarteko erantzukizunak eskatzeko jardunbide eta erakundeen gabezia ere oso nabarmena da, nazioarteko eta eskualdeetako sistemetan ez baita aurreikusten enpresen kontrako salaketak jasotzeko biderik, eta, gainera, nazioarteko eta eskualdeetako organoen erabakiak ez dira gauzatzen eta betearazten. Arazo horiei guztiei oztopo izugarri larri bat gehitzen zaie: ez dago giza eta finantza-baliabiderik, ezta baliabide teknikorik ere, biktimek babes-mekanismoetara jotzeko aukera izan dezaten.

Ikusten denez, ENPRESA TRANSNAZIONALEN eskubideak gero eta ugariagoak dira, eta arau-kontrolak, berriz, urriegiak. Estatu hartzaileen legedien eta sistema unibertsalen ibilbideak ez datoz bat Korporazioen Zuzenbide Globalaren bilakaerarekin. Arrazoi horregatik, herrialde pobretuen hasierako edo lehen helburua kanpo-kodeen ezarpena sustatzea izan zen, alegia, nazioarteko erakundeak gaiari buruzko araudia onartzera bultzatzea, merkataritza- eta inbertsio-arauei aurre egin ahal izateko.

Kanpo-kodeak diseinatzeko eta onartzeko prozesuan bi garai nabarmendu behar dira. Lehenbizi, enpresa multinazionalak garapenarekin lotzen dituen ohiko ikuspegia zalantzan jarri eta gero, multinazionalak kontrolatzeko araudia ezartzeko beharraz jabetu ziren nazioartean. Ondoren, herrialde aberatsek eta korporazio ekonomikoek kode loteslerik onartzeko prest ez zeudela jakinarazi zuten. Nazioarteko Merkataritza Ganberak hirurogeita hamarreko hamarkadako proiektuak ezeztatu eta ekimen publikoak zapuztu egin zituen, kanpo-kodeak ezartzeko ahalegin oro bertan behera geratzeko. Dena den, transnazionalen jardueren kontrako hiritar-protestak isilarazteko, GEKaren inguruko barne-kode unilateralak finkatu zituen EKONOMIA LANKIDETZA ETA GARAPENERAKO ANTOLAKUNDEAREN, LANAREN NAZIOARTEKO ERAKUNDEAREN eta NAZIO BATUEN baitan. Beraz, benetako edo sakoneko arazoak indar-harremanen arteko kontraesanak izan ziren, zailtasun tekniko-juridikoak baino gehiago.

ENPRESA TRANSNAZIONALAK eta GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOA

Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea eta Lanaren Nazioarteko Zuzenbidea ez dira izan Merkataritzaren Nazioarteko Zuzenbidearen hedapena eta boterea mugatzeko gai, eta, azkenean, munduko ekonomia-arkitekturaren zutabe bihurtu da. Gizarte-, lan- eta ingurumen-eskubideei zorrotz erreparatu beharrean, hainbat eratako arauketa-sistema ez-normatiboak ezarri dira GKE-en jarduerak eta jokabide-kodeak bideratzeko. Arau horiek onak eta neutralak dira itxuraz, eta araudi juridikoa osatzeko ezarriak ustez, baina benetako helburua ez dute aitortzen: estatuetako ordenamenduen berezko inperatibotasunaren, hertsagarritasunaren eta kontrol judizialaren mende egon beharrean, nahi dutena egin eta erabakiak beren kasa hartu ahal izatea, eta, era berean, botere judizialaren funtzionamendu-arauetatik kanpoko auditoria espezializatuei bidea ematea. Dena den, GEKaren eta jokabide-kodeen oinarrizko balioak enpresen ustezko etikari loturik daude.

ENPRESA TRANSNAZIONALAK kontrolatu ahal izateko, nahitaezkoa da, batetik, eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen kontrako jardunbideak arautzea eta Zuzenbidean biltzea, eta, bestetik, herrien eta nazioen garapen- eta subiranotasun-eskubideak errespetatzera behartzea. Asmoak asmo, kontrakoa gertatu da beti, herrialde garatuen eta ENPRESA TRANSNAZIONALEN tesiak izan baitira garaile, sakonean eta azalean. Sistema neoliberalaren merkantilizazioari lotutako araudia hobetu egin dute, zentzu kuantitatiboan eta kualitatiboan; gizartearen gehiengoak, aldiz, ez du babes-mekanismoak erabiltzeko eskubideaz baliatzerik. Enpresa multinazionalen kontrola nazioarteko erakundeetan barneratu diren borondatezko sistema unilateralen mende dago, besterik gabe.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • GÓMEZ ISA, F. (2006): “Empresas transnacionales y derechos humanos: desarrollos recientes”, Lan Harremanak, nº especial, Universidad del País Vasco.
  • HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA, J. (2009): Las empresas transnacionales frente a los derechos humanos. Historia de una asimetría normativa, Hegoa y OMAL, Bilbao.
  • KALECK, W. Y SAAGE-MAAB, M. (2009): Empresas transnacionales ante los tribunales, Fundación Heinrich Böll, Berlín.
  • MARTÍN-ORTEGA, O. (2008): Empresas multinacionales y derechos humanos en Derecho Internacional, Bosch Internacional, Barcelona.
  • TEITELBAUM, A. (2010): La armadura del capitalismo. El poder de las sociedades transnacionales en el mundo contemporáneo, Icaria, Barcelona.