Alternatibak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Multinazionalen jarduerak mundu osoan hedatu ahala, nazioarteko ekonomiaren urratsak bideratu nahi dituzten korporazio horien boterearen kontrako ERRESISTENTZIAK sortu dira, hala nola, enpresa berreskuratuak, banka etikoa, kontsumo-kooperatibak eta bidezko merkataritza. Lau adibide horiek metaketaren logikaz bestelako ekoizpen-aukerak badirela erakutsi digute. Oinarrizko proposamenen bidez, multinazionalen boterea kritikatu eta zalantzan jarri, langileak antolatzeko beste modu bat planteatu eta egungo sistema sozioekonomikoaren bideraezintasuna mahaigaineratu dute. Azken alderdiari dagokionez, gure sistemak ezaugarri dituen erauzketa eta hondakin kopuru gero eta handiagoak bideragarriak ez direla nabarmentzen dute, planetaren baliabideak mugatuak baitira.

Azken hamarkadetan, ENPRESA TRANSNAZIONALENtamaina eta ekonomia-, gizarte- eta politika-eragina erruz handitu dira. Ingurumen-iraunkortasunean, langileen eskubideetan, aberastasunaren banaketan eta herrien ELIKADURA SUBIRANOTASUNEAN halako ondorio larriak eragin dituen globalizazio neoliberalaren eredurik garbienak dira. Bestalde, mundu-ekoizpenaren hazkunde ikaragarria nabarmendu behar dugu, 25 edo 30 urteko epealdi bakoitzean bikoizten ari baita.

Ekoizpenaren hazkundea ez da sistema kapitalistak sorrarazitako emaitza, sistemak funtzionatu ahal izateko ezinbesteko baldintza baizik. Ekonomiak hazteari utziz gero, kolapsatu egingo da. Jokoaren arauetako bat da hori, multinazionalek beste zenbait eragilerekin batera ezarria. Enpresek urtez urte gehiago irabazi behar dute, eta benetan axola duen bakarra urte bukaerako kontuen emaitza da. Munduko ekonomiaren hazkundeari kosta ahala kosta eusteko, gero eta material gehiago ari dira erabiltzen, eta gizarte-bidegabekerien eta -desberdintasunen gorakada ere ikaragarria eta guztiz kezkagarria ari da izaten.

Multinazionalen kontrako erresistentzia-aukerak

Kapitalismoaren logikaren kontrako alternatiba eta ERRESISTENTZIEN helburua korporazioen botereari aurre egitea da. Praktikaren bidez, ekinean arituz, egungo sistema planetako bizimodua suntsitzen ari dela ikusarazi nahi digute. Eremu eta jardunbide berriak ezarri nahi dituzte, ahalik eta etekinik handienak lortzeko asmoaren ordez, lankidetza eta zainketak izan daitezen nagusi.

Testuinguru horretan, alternatibak sortzeko beharrezkoa da kritika politikoei koherentzia ziurtatuko dieten irizpideak finkatzea, biomimesiaren (naturaren imitazioaren) printzipioetan oinarrituz: materiaren zikloak bukatzea, hondakinak naturaren gaitasunen arabera kontsumitzea eta sortzea, toki- ekoizpenari eta -kontsumoari lehentasuna ematea, eguzki-energia erabiltzea, giza eta biologia-aniztasuna eta -interkonexioa sustatzea, gure “abiadura” ekosistemenarekin bat egokitzea eta zuhurtasun-printzipioa errotzea. Bigarren urratsa gizartean esku hartzea izango litzateke, ingurumenarekiko eta gizakien arteko harremanak ekonomiaren mende egon ez daitezen. Alternatibak aztertzea da kontua.

Hainbat eratako eta garapen-mailatako alternatibak daude egun. Batzuk nahiko hedatuta daude, multinazionalaren boterearekin aurrez aurre; beste batzuk, hasi berriak, esperientzia-proba edo -laborategi baliotsuak dira. Ibilbide luzekoak zein laburrekoak izan, denak bat datoz honetan: ez dira ekintza indibidualak, ekintza politiko jakin bati lotutako prozesu kolektiboak baizik.

Alternatiben adibideak

Latinoamerikako zenbait tokitan, horrelako proposamen alternatibo askok transnazionalen nagusitasuna kolokan jartzea eta beste eredu sozioekonomiko bati ekiteko urratsak ematen hastea lortu dute. Ekar ditzagun gogora Argentinan berreskuratutako enpresak edo Boliviako hidrokarburoen NAZIONALIZAZIOA. Espainiako estatuan eta beste herrialde garrantzitsu batzuetan, aldiz, horrelako ekimenen ibilbidea laburragoa da; ekonomia sozialean eta ekologikoan oinarritutako gizarte- eta ingurumen-jarduera arduratsuak probatzeko proiektuak maila txikian garatzen eta hedatzen hasi dira berriki. Edonola ere, hizpide ditugun alternatibak ugaritzen ari dira toki guztietan, eta ekoizpen-, banaketa-, finantzaketa- eta kontsumo-sistema zalantzan jartzeaz gain, kritika sakonak egiten dituzte: egungo merkataritza-eredua ez da zuzena eta bidezkoa, ohiko banku-jarduerak ez dira etikoak eta elikadura-industria ez da jasangarria.

Bakoitzak bere helburuak dituen arren, proiektu guztiak multinazionalek ezarritako jarraibideen mende dagoen eredu kapitalistaz bestelako konponbideak bilatzen saiatzen dira.

Horrela, adibidez, produktu ekologikoen kontsumo-kooperatiba autokudeatuak ekimen hiritarrak dira. Kontsumitzaile kritikoen eta ekoizle iraunkorren arteko zuzeneko harremanak sustatzea, toki-lankidetzaren kultura errotzea eta enpresa handiek zapuztutako merkataritza-ehuna berroneratzea dituzte helburu. Era berean, bidezko merkataritzak harreman komertzial zuzenagoak proposatzen dizkigu, munduko txoko guztietan lan-baldintzak bermatzeko nahiak eraginda.

Bestalde, truke-kooperatibek eta truke-sareek sortutako egituren bidez, hiritarrek ondasun eta zerbitzuak elkarri eskaintzeko aukera dute, ohiko merkataritzaren lehiakortasun-kulturaz eta ekonomizismoaz bestelako aukerak egon badaudela erakutsiz. Lankidetzan eta elkar laguntzan oinarritutako proiektu horietan, truke-sistemaren izate monetarista bertan behera geratzen da.

Erabiltzen ditugun natura-baliabide gehienak hondakin bihurtzen direla ikusita, berreskuratzeko eta, landu ondoren, merkatura birbideratzeko ekimenak erruz ugaritu dira. Berrerabiltze-proiektuak, esate baterako kudeaketa kolektiboan oinarritutako doako dendak edo saltoki libreak, ildo berekoak dira, ehungintza-produktuak biltzen eta dohainik saltzen baitituzte. Horrelako guneen sorburuak modaren industriaren eta ekoizpen-jardueren DESLOKALIZAZIOAREN (hiri-aldirietarako eramateko joeraren) kontrako kritikak izan ziren. Ekoizpen-jarduerak bi arrazoirengatik eramaten dituzte hiri-aldirietara: ingurumen-permisibitatea handiagoa eta lan-kostuak txikiagoak direlako.

Halaber, berrerabiltzeko eta birziklatzeko asmoen inguruan “brikolaje sozialari” lotutako proposamenak ere sortu dira, jendeari altzariak, etxe-tresna elektrikoak eta zaharkitze programatuaren bidez ekoiztutako bestelako produktuak konpontzen irakasteko. Irakaskuntza-eredu hori beste ondasun batzuekin ere erabiltzen hasi dira, hala nola, etxebizitza txikiekin, eskuz egindako produktuekin eta artisautza-elikagaiekin.

Azken finean, aipatutako proposamenek eta printzipio berberetan oinarritutako guztiek irudimena eta sormena lantzen eta partaidetza-prozesu kolektiboak sustatzen dituzte. Beraz, kontsumismoa eta multinazionalen jarduerak kritikatzera mugatu beharrean, egungo gizarte-eredua benetan aldatzeko proposamenak egiten dizkigute.

Alternatibak sortzeko beharra

Proposamen neoliberalek berezko kontraesan ugari dituzte. Gizartea, ingurumena eta finantzak behea jotzen ari direla ikusi arren, orain arteko bizimodu, ekoizpen mota, banaketa-bide, mugikortasun-aukera eta kontsumo-jardunbideekin jarraitzeko eskatzen digute, egungo arazoen sorburuak izan direla kontuan hartu gabe.

Beraz, alternatibak bilatzea nahitaezkoa da. Kolektibotasunaren, soiltasunaren, aniztasunaren, iraunkortasunaren eta abiadura lasaiaren balioa berreskuratzeko moduko bizimodu-aukerak arakatu behar ditugu. Ekoizpenaren ordez, berrekoizpena; hazkundearen ordez, oreka; jabetzen ordez, erabilera. Horiexek dira lehentasunak. Hurbiltasunezko eredu komunitarioa ezarri behar dugu, eta kultura- eta identitate-eraikuntzaren oinarriak aldatu, kontsumo-ondasunen jabetzaren mende baitaude egun.

Ildo horretan, ezinbestekoa da beste era bateko kontzientzia kolektiboari bidea ematea, ekintza politikoen bidez sistema-aldaketa sustatzeko eta hazkunde ekonomikoaz eta ahalik eta etekinik handienak ahalik eta azkarren lortzeko ikuspegiaz bestelako paradigmetan oinarritutako alternatibak bultzatzeko. Egungo sistema sozioekonomikoaren benetako alternatibei bidea emateko, bestalde, mikro- edo toki-mailako esparruen mugak gainditzen dituzten eta makroeremuen ikuspegi globalei heltzen dieten proposamenak besterik ez dira baliagarriak.

Bidea urratzen hasi aurreko lehen eginkizuna gure balioak berrikustea da, gure gogoeta eta esperientzien ardatza bizitza bera izateko, hurbileko lurraldeari atxikitzeko, aniztasuna indartzeko, komunitatearen bilbea eta boterea ehuntzeko, iraunkortasunaren inguruko ezagutzez jabetzeko, egungo garapen-eredua salatzeko eta, noski, alternatibak probatzeko.

Multinazionalen boterea zapuzteko eta nagusitasuna gailentzeko alternatibak benetan ezarriz gero, gizarte bidezkoagoak eta iraunkorragoak izango genituzke eta planetarekin bakean biziko ginateke.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • HERRERO, Y.; CEMBRANOS, F. Y PASCUAL, M. (coords.) (2011): Cambiar las gafas para mirar el mundo. Una nueva cultura de la sostenibilidad, Libros en Acción, Madrid.
  • KLEIN, N. (2007): La doctrina del shock. El auge del capitalismo del desastre, Paidós, Barcelona.
  • MONTAGUT, X. y VIVAS, E. (coords.) (2006): ¿Adónde va el comercio justo? Modelos y experiencias, Icaria, Barcelona.
  • RIECHMANN, J. (2006): Biomímesis. Ensayos sobre imitación de la naturaleza, ecosocialismo y autocontención, Libros de la Catarata, Madrid.