Aliantza publiko-pribatuak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Sektore publikoa eta SEKTORE PRIBATUA zenbaitetan elkarlanean aritzen dira herri-administrazioaren ohiko zerbitzu batzuk eskaintzeko: gizarte-zerbitzuekin, ZERBITZU PUBLIKOEN hornidurarekin edo azpiegiturekin zerikusia dutenak, besteak beste. Garapen-lankidetzari dagokionez, aliantza publiko-pribatuek elkartasunaren eta justizia sozialaren arloko politiken PRIBATIZAZIOA bultzatzen eta ENPRESA TRANSNAZIONALAK pobreziaren kontrako borrokan funtsezko partaidetzat jotzen dituen diskurtsoa aldarrikatzen dute.

Aliantza publiko-pribatuen (APP) eremu bakarrak ez dira lizitazioak, kontratazioak, zerbitzu jakin batzuen hornidura edo baliabide publikoen gestioa, askoz ere haratago iristen baitira, gobernu-erakundeen eta enpresen helburu komunak lortzeko akordio estrategikoak direla kontuan izanik. Zenbait egilek, ordea, definizio horri ñabardurak erantsi dizkiote, APPak baterako jarduketa-kontratutzat hartuz eta bi aldeen helburuek ez dutela zertan bat etorri gaineratuz. Izan ere, azterketarik kritikoenek politika publikoen helburua (hiritarren ongizateari lotutako zerbitzuak antolatzea eta ematea) eta enpresena (irabazi pribatuak lortzea) oso bestelakoak direla azpimarratzen dute. Azken ikuspegi horren arabera, aliantza publiko-pribatuak ZERBITZU PUBLIKOAK eta ondasun komunak PRIBATIZATZEKO bideak besterik ez dira, eta politika publikoen helburuak enpresa-munduaren errentagarritasun-interesen mende lerratzen dituzte.

Garapenerako aliantza publiko-pribatuak

Azken hamarkadan, horrelako aliantzek berebiziko garrantzia hartu dute munduko garapen-agendan eta pobreziaren kontrako politiketan. Lankidetza-politiken esparruan, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko akordio estrategikoei “garapenerako aliantza publiko-pribatu” (GAPP) deitzen zaie.

Adierazi dugun bezala, SEKTORE PRIBATUAK politika publikoetan eta, zehazki, garapen-lankidetzako politiketan hainbat modutan eta mailatan hartu izan du parte: lizitazioen, azpikontratuen, loturadun laguntzen, kredituen... bidez. Baina azken hamar urteotan, gero eta protagonismo nabarmenagoa hartu dute. GAPPak pobreziaren kontrako borrokaren eragile nagusi bihurtzeko esparru formalak eta legitimatzaileak izan dira enpresa handientzat. Esparru kontzeptualean barneratuz, korporazio transnazionalek garapen-lankidetzaren munduan duten partaidetza GIZARTE ERANTZUKIZUN KORPORATIBOAREN eta “kapitalismo inklusiboaren” paradigman oinarritzen dela azpimarratu behar dugu. Zentzu horretan, enpresen LOBBY lana erabakigarria izan da, transnazionalak gutxien duten pertsonen zerbitzura egon daitezkeela ikusi arazten saiatu baitira. Azkenik, multinazionalen eta estatuen triangeluaren hirugarren erpinean GGKEak daude. GGKE-en kontaktuak, esperientzia eta know-how ezinbestekoak dira GAPPak egoki gauzatzeko.

Gaur egun, herrialde emaileetako garapen-lankidetzako agentzia gehienak eta garapenaren aldeko nazioarteko ia erakunde gehienek GAPPen bidea hartu dute, SEKTORE PRIBATUAREN partaidetza ahalbidetuz. NAZIO BATUEN Global Compact edo Mundu Hitzarmena sinatu ondoren ezarri den garapen-agenda berriaren arabera, enpresa-sektoreak pobrezia desagertzeko borrokaren eragile nagusia behar du izan, eta «garapenerako mundu-aliantzaren sustatzailea» ere bai, Milurteko 8. Garapen Helburuak dioenez.

GAPPak eta lankidetza Espainian

Joan den hamarkadan, garapenaren inguruko nazioarteko hainbat gailur eta foru antolatu ziren, hala nola, Laguntzen Eraginkortasunari buruzko Goi Mailako Parisko (2005), Accrako (2008) eta Busango (2012) Biltzarrak. Horietan guztietan eta Garapenaren Finantzaketari buruzko Monterreyko (2002) eta Dohako (2008) Gailurretan, garapenerako aliantza publiko-pribatuen oinarri teorikoak eta sustapen-asmoak finkatu dira. Estatu ugaritako lankidetza-agentziek, nazioarteko agendaren jarraibideekin bat, GAPPak garatzeko berariazko erakundeak sortu dituzte, eta askok finantzaketa-mekanismoak egokitu egin dituzte irabazi-asmodun enpresa pribatuen partaidetza errazteko.

Espainiako Lankidetzaren II. Gida Planak (2005-2008) «sektore publikoaren eta SEKTORE PRIBATUAREN arteko lankidetza-hitzarmenak» ezartzeko beharra aipatu zuen, «enpresa pribatuaren eta Estatuaren ahaleginak uztartuz, herrialde kideen garapen-helburuak lor daitezen». III. Gida Planak (2009-2012) «SEKTORE PRIBATUAREN, sektore publikoaren eta gizarte zibileko erakundeen arteko elkarrizketa, koordinazioa eta baterako ekintzak sustatzeko» ildo estrategikoaren nondik norakoak zehaztu zituen, baita GAPPez baliatzeko proposamena egin ere, besteak beste.

Espainiako lankidetzaren esparruko aliantza publiko-pribatuen lehen ekimen praktikoak abian dira jadanik. Lankidetzako Estatu Idazkaritza, hiru enpresa handi (Telefónica, BBVA eta Santillana) eta lau GGKE (Ayuda en Acción, Ecología y Desarrollo, Entreculturas-Fé y Alegría, Solidaridad Internacional) Perun, Acobamba eskualdean, gauzatzen ari diren proiektua GAPPen adibiderik garrantzitsuena da. Elkarlaneko proiektu horretara 6 milioi euro bideratu dituzte. AECIDek ere aliantza publiko-pribatuen bidea urratu du, “Salud 2015 Mesoamérica” ekimenean parte hartuz eta Progresa Capital fondo kolonbiarrari kredituak emanez. Aipatzekoa da ekimen hori Carlos Slimek eta Bill Gatesek, munduko bi gizonik aberatsenek, bultzatu dutela.

Onura berberak GGKE-entzat, sektore publikoarentzat eta sektore pribatuarentzat?

GAPPen sustatzaileen iritziz, win-win proposamenak dira, denek irabazten dutelako. Batetik, garapen-laguntza ofizialen enpresa-ikuspegiari eta BERRIKUNTZEIesker, garapen-lankidetzaren hartzaileei (biztanle pobretuei) ekonomia-hazkundearen onurez baliatzeko aukera ematen dietela azpimarratzen dute. Baina ustezko onura horiek nahiko eztabaidagarriak dira, ekonomia-hazkunde azkarra izandako eskualdeetan nolako desberdintasunak dauden eta GAPPetako enpresa partaideen INTERNAZIONALIZAZIOAK herrialde pobretuetan zer ondorio eragin dituzten ikusita. Bestetik, GAPPen bidez, sektore publikoak eta GGKE-ek SEKTORE PRIBATUKO finantzaketa-iturriak, teknologia-ezagutzak eta kudeaketa eraginkorrerako baliabideak lor ditzaketela diote. Zerbait ahazten zaie, ordea, frogatuta baitago enpresa finantzatzaile horietako urte asko daramatzatela giza, lan- eta ingurumen-eskubideak.

Estatuek, GAPPen bidez, lankidetza-politiken PRIBATIZAZIOA sustatzen eta enpresa multinazionalen kanpo-hedapena babesten dute, eta, are kezkagarriagoa, garapen-eragile balioa ematen diete gizartearen aurrean. Multinazionalen jarduerek gizarte-, ekonomia- eta lan-arloan eragindako ondorioak eta giza eskubideen urraketak jasan dituzten herrialdeetan, GGKE-ei esker, enpresa horien irudia hobetu eta onespen soziala indartu egiten da. Gainera, GGKE-ek multinazionalei sektore pobretuetan barneratzeko bidea ematen diete, tokian tokiko biztanleriari eta herrialdeari buruzko informazioa SEKTORE PRIBATUAREN zerbitzura jarriz.

Pobreziaren kontrako borrokari dagokionez, GAPPen izaera berritzailearen, beharraren eta onura handien inguruko bibliografia joria gorabehera, defendatzaileek beraiek gabezia jakin bat aitortu dute: ezarritako proiektuen inpaktua neurtzeko, egiaztatzeko eta balioesteko estrategiarik eza. Inoiz ere ez da egin aitzindariek horrenbeste testutan aldarrikatu dituzten aliantza publiko-pribatuen onurak neurtzeko eta balioesteko azterlanik.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • CASADO CAÑEQUE, F. (2007): Alianzas público-privadas para el desarrollo, DT nº 9, Fundación Carolina-CeALCI.
  • COMISIÓN EUROPEA (2010): “Política de desarrollo de la UE en apoyo del crecimiento integrador y el desarrollo sostenible”, Libro Verde, COM (2010) 629 final.
  • DGPOLDE (2010): “Crecimiento económico y promoción del tejido empresarial”, Documento de estrategia sectorial, Dirección General de Políticas de Desarrollo.
  • MATAIX, C.; SÁNCHEZ, E.; HUERTA, M.A. Y LUMBRERAS, J. (2008): Cooperación para el desarrollo y alianzas público-privadas. Experiencias internacionales y recomendaciones para el caso español, DT nº 20, Fundación Carolina-CeALCI.
  • RAMIRO, P. Y PÉREZ, S.M. (2011): “Sector privado y cooperación al desarrollo: empresas, gobiernos y ONG ante las alianzas público-privadas”, Boletín de recursos de información, nº 28, Centro de Documentación de Hegoa.