Ataria > Formación > Hiztegia > Aurkibide tematikoa > Ekonomia > Kalifikazio agentziak

Kalifikazio agentziak

Artikulu honen bertsio guztiak: [Español] [euskara]

Kalifikazio- edo rating-agentziek finantza-inbertsioen arriskua balioesten dute, hau da, mailegu-emaileek adostutako datan interesak, bonuak edo kupoiak ordaintzeko eta kapital printzipala amortizatzeko duten ahalmena neurtzen dute.

Iraganean, aipatutako balioespena kreditu-enpresen barne-zeregina izan zen luzaroan, baina bankuek funtzio hori kanpoko norbaiten esku utzi nahi zutenez eta inbertsiogile pribatuek arriskuak neurtzeko arazo handiak zituztenez, XIX. mendearen bigarren erdian Ameriketako Estatu Batuetan mailegu-emaile, enpresa eta administrazio publikoen kaudimena balioesteko enpresa pribatuak sortu ziren. XX. mendearen hasieran, enpresa horietako bat, Moody’s, inbertsio-proiektuak “kalifikatzen” eta alderatzen hasi zen. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetan kapitalismoa bete-betean ari zenez garatzen, inbertsio-proiektuak gero eta ugariagoak ziren. Gauzak horrela, Moody´s etxeak kapitalen jabeei errentagarritasun handiagoa lortzen lagundu nahi zien. Denboraren poderioz, horrelako enpresei finantza-kalifikazio agentzia izena ezarri zitzaien.

Kalifikazio-agentzien funtzionamendua

Laurogeiko hamarkadan zehar, kapital-mugimenduen askatasuna, finantza-araudirik eza eta ekonomiaren FINANTZARIZAZIOA nagusitu ahala, kalifikazio-agentziek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten. Mundu osoan inbertitzeko aukeren ondorioz, inbertsiogileek ez zuten enpresa eta herri-administrazio guztien finantza-fidagarritasuna egoki neurtzerik, eta, gainera, batzuek eta besteek inbertsioetarako fondoak finantza-MERKATU globalizatuetan bilatzen zituzten. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, agentzien arteko fusioak eta erosketak erruz ugaritu eta sektorearen egitura oligopolistikoa sendoago finkatu zen. Securities Exchange Commission (SEC) Batzordeak, AEBko finantza-ekonomia arautzen zuenak, eta beste erakunde batzuek prozesua sustatu egin zuten, banku-arloko kalifikazioak ezar zitzaketen agentzien kopurua murriztuz eta kredituak eskuratu aurretik kalifikazioen mende jartzera behartuta zeuden AEBko estatu eta taldeen kopurua handituz. 2011n, 150 agentzia inguru zeuden, baina horietako hiruk mundu osoan ziharduten eta nazioarteko merkatuaren % 94 kontrolatzen zuten. “Hiru handiak” ziren, noski: Standard and Poor’s (S&P, merkatuaren % 40), Moody’s (% 40) eta Fitch (% 14). Hiru agentzien jabeak finantza-talde handiak dira eta politika antisozialen aldeko jarrera gogorrak dituzten enpresaburu-elkarteei atxikita daude.

Hirurogeita hamarreko hamarkadatik hona, zor-jaulkitzaileei, enpresa pribatuak zein herri-administrazioak izan, kredituak eskuratu aurreko balioespenak egiteagatik kobratu egiten diete. Jardunbide horrek, hain zuzen, inbertitzeko fondoen bila dabiltzanen eta fondoak izanik arriskurik txikienarekin errendimendurik handiena lortu nahi dutenen arteko indar-harremanak zenbat aldatu diren erakusten du. Agentziek eredu ekonometriko sofistikatuak erabiltzen dituzte, hainbat aldagai (hala nola, zorraren maila eta itzultzeko erritmoa) kontuan hartuz, aurreikuspenei nolabaiteko zientifikotasun-itxura emateko. Dena den, benetako ardatza herri-administrazioen kaudimena neurtzeko eredua da, «espekulatzaileentzako abantailak edo gizarte-gastuak murrizteko joera» aurreikusten dituena, Pisarellok eta Asensek diotenez. Gobernuak zenbateraino dauden prest neurri antisozialak hartzeko; horixe iruditzen zaie alderdirik garrantzitsuena. Zenbat eta irmoagoa pentsioak izozteko, lan-harremanak malgutzeko eta tankera bereko bestelako neurriak onartzeko jarrera, are fidagarriagoa izango da gobernua kalifikazio-agentzientzat. MERKATUAK arautzeko eta gizarte-eskubideak indartzeko asmoa duten gobernuak, aldiz, susmagarritzat jotzen dituzte. Agentziek behin eta berriz egin dituzten hanka-sartzeen arrazoi sakonak irizpide horiek dira, eta ez ustezko akats teknikoak.

Kalifikazio-agentziak oso funtzionalak dira zor publikoaren edukitzaileentzat eta errentadunentzat, eta aberastasun-iturri bikainak beren akziodunentzat. 2010ko urritik 2011ko irailera bitartean, Fitchek 525 milioi euroko etekinak irabazi zituen. 2011ko urtarriletik irailera bitartean, S&P eta Moody’s etxeek 442 eta 367 milioi irabazi zituzten, hurrenez hurren. Aipatutako epealdietan, Fitchen eta Moody’sen etekinak ordura artekoak baino askoz ere handiagoak izan ziren.

Agentziak eta krisia

Hiru agentzia handiek, subprime motako hipoteken sailkapenetan oker ibiltzeaz gain, informazioa manipulatu egin zuten Europako herrialdeetako inbertsioak Ameriketako Estatu Batuetara erakartzeko asmoz. Europako herrialdeetako zorraren kalitatea murriztuz, inbertsioak AEBra eramatea lortu zuten, hango zorraren kalifikazioak ona izaten jarraitzen zuelako. 2008an CDO (zor-obligazio kolaterizatuen siglak ingelesez) direlakoei atxikitako ia inolako edo inolako bermerik gabeko hipoteka-zorroen iruzurrezko eraketen ondorioz, finantza-arazo izugarri larriak sortu ziren, eta ordura arte kalifikaziorik gorena izandako AEBko erakunde batzuek porrot egin zuten. 2011ko abenduan, S&P agentziak euroguneko 17 herrialdeetatik 15entzat aurreikuspen negatiboak egin eta “A hirukoitza” (kreditu-kalitaterik gorena) galtzeko arriskuaren berri eman zien. Agentziak ez dira mugatzen estatuen kalifikazioa finkatzera, ez jaisteko zer egin behar duten ere esaten baitiete: erretiro-adina atzeratu, gizarte-gastu publikoak murriztu, ZERBITZU PUBLIKOAK pribatizatu edo lan-merkatua malgutu, besteak beste. Aipa dezagun adibide bat. S&P agentziak Frantziari A hirukoitza kentzeko erabakiaren eta arrazoien berri emateko kaleratu zuen jakinarazpenaren arabera, austeritate-politikarekin jarraitzea ezinbestekoa da, ekonomia-atzeraldia areagotu arren, eta lan-merkatuan egiturazko erreformak egin behar dira, are malguagoa izateko eta gizarte-eskubideak murrizteko.

Akats horiek ez dira izan lehenengoak, aurrekari nabarmenak baitzeuden. 2002an, agentziek Enron multinazionalaren kalifikazio bikainari bere horretan eutsi zioten porrot egin baino lau egun lehenagora arte, enpresaren arazoei buruzko informazio ugari zuten arren. Islandiako bankuen kalifikazioarekin berdin jokatu zuten, gorenean mantenduz, porrot egin arte. Munduko potentzia inperialaren mende daudela erakutsiz, Ameriketako Estatu Batuei kaudimen-kalifikaziorik gorena ematen jarraitu dute, nahiz eta Europar Batasuneko estatu gehienek baino zorpetze-maila handiagoa zuten eta duten.

Baina Europako erakundeek ez dute hartu agentzien eta Ameriketako Estatu Batuen kontrako neurri politiko eta judizialik, eta Europako bankuek ere ez zituzten CDOak salatu, aktibo toxikoak edo, Warren Buffett multimilionarioaren hitzetan, «suntsipen handiko finantza-armak» zirela jakin arren. Nazioarteko agintari eta erakunde batzuek adierazpen kritikoak egin zituzten. Adibidez, 2010eko apirilean Nazioarteko Moneta Fondoaren (FMI) zuzendari ohi Dominique Strauss-Kahnek rating-agentziek beti ez dutela igartzen esan zuen. Urte bereko irailean, NMFaren txosten batek agentziei finantza-desegortasuna sustatu izana leporatu zien, baina «nahi gabe» egin zutela gaineratu zuen. Dena den, salaketa bakan horiek ez diete erabaki praktikoei biderik eman, eta agentziek finantza-botereak eta gobernuen politika antisozialak babesten jarraitzen dute.

 


BIBLIOGRAFIA:

  • GOURGECHON, G. (2012): Les agences de notation, Fondation Copernic.
  • MORENO, M.A. (2010): “Las agencias de calificación, por fin bajo sospecha”, El Blog Salmón, 11 de mayo.
  • PISARELLO, G. Y ASENS, J. (2011): “Las agencias privadas de calificación del riesgo, ante los tribunales”, Sin Permiso, 27 de marzo.

Kontzeptu erlazionatuak:

Burtsa
Finantzarizazioa
Merkatuak