Portada del sitio > Publicaciones > Artículos > Herrien Auzitegi Iraunkorrak: Multinazionalak salatzeko aitzakia

Herrien Auzitegi Iraunkorrak: Multinazionalak salatzeko aitzakia

Juan Hernández Zubizarreta eta Pedro Ramiro (Eskola Publikoa, 2007ko Abendua)

Miércoles 23 de enero de 2008

Herrien Auzitegi Iraunkorra (HAI) 1979an eratu zen eta “Russell Auzitegietan” izan zuen bere jatorria, hots, Vietnam (1966-1967) eta Latinoamerikako (1974-1976) diktadurak auzipetzeko sortutako auzitegietan. Herrien Auzitegiko kide asko Lelio Basso Herrien Eskubideen eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Fundazioak [1] izendatu zituen eta besteak beste, hauek dira beren eginkizunak: zuzenbideari dagokionez aztertzea eta ezagutzera ematea oinarrizko giza eskubideak masiboki urratzen dituzten egoerak, aginte ofizialek aitortzen ez dituztenak eta erantzunik gabe uzten dituztenak. Esan daiteke, Auzitegi hau herrien kontzientzia etikoaren ordezkaria dela.

Egun arte, HAI-k hogeita hamar bilkura baino gehiago egin ditu hainbat herrialdetan gertatutakoa epaitzeko. Bilkura horietan guztietan, Herrien Auzitegi Iraunkorrak oinarrizko eskubideak defendatzeko borrokan ari diren herrialde asko babestu ditu eta sinbolikoki epaitu ditu hainbat egoera: genozidio egoeretatik hasita finantzako nazioarteko erakundeekin (Munduko Bankua edota Nazioarteko Moneta Funtsa) zerikusia duten aferetaraino. Horien artean autodeterminazioaren ukapenak, inbasio atzerritarrak edota ingurugiroaren suntsiketak ere auzipetu ditu.

Egun, azpimarratzekoak dira transnazionalen aurkako bilkurak, enpresek Latinoamerikan egindako jardueren eraginak salatzen dituztenak alegia. Zentzu honetan, 2007an berariazko audientziak egin dira Kolonbian eta Nikaraguan diharduten multinazionalak aztertzeko eta datorren urtean Perun bilkura zabalago eta orokorrago bat egitea aurreikusten da.

Latinoamerikan diharduten multinazionalen aurkako epaiketak

Duela bi urte, Herrien Auzitegi Iraunkorra Kolonbiako giza eskubideen urrapenak aztertzen eta haiei buruzko informazioa biltzen hasi zen. Esan beharra dago, urrapen horiek zuzenean edo zeharka lotuta daudela herrialdean diharduten korporazio transnazionalek egiten dituzten jarduerekin. Lehen bilkura 2006ko apirilean izan zen eta azkena 2008ko ekainean egingo da. Tarte horretan, Latinoamerikako gatazka armaturik zaharrena bizi duen herrialdean diharduten konpainia multinazional guztiak epaituko dira jarduketa-sektoreen arabera: elikadura, meatzaritza, biodibertsitatea, petrolioa, zerbitzu publikoak, herri indigenak eta epaitegiaren azken erabakia. [2] Besteak beste, ondoren aipatzen diren enpresak salatuak izan dira gizartean, kulturan eta ingurugiroan inpaktu larriak sortzeagatik: Coca-Cola, Anglogold, Nestlé, Unión Fenosa, Drummond, Monsanto, Chiquita Brands eta Aguas de Barcelona.

Joan den abuztuan, HAI-k bilkura bat egin zuen (HAI-Kolonbia) hiru petrolio-ustiategi multinazional sinbolikoki epaitzeko: BP ingelesa, Oxy estatubatuarra eta Repsol YPF espainiarra. Epaiketa horretan askotariko partaideek hitz egin zuten: hainbat elkartetako kideek, ikertzaile sozialek, juristek, sindikalistek, ekologistek, dokumentalistek, giza eskubideen defendatzaileek, baita beren lurretan petrolio guneak izateagatik kaltetuak izan direnek ere. Guztiek bat egin zuten aipatutako korporazioak salatzerakoan. Ingurugiroa suntsitzeagatik, hainbat herri indigena desplazatzeagatik eta petrolio- jardueren aurka aritzen diren erakunde sozialak jazarri eta astintzeagatik salatu zituzten.

Bogotako epaiketan informazio ugari lortu zen Espainiako Repsol enpresak Kolonbian egiten dituen jarduerei buruz, batez ere Araucan egindakoei buruz. Araucako departamentuak Venezuelarekin muga egiten du eta konpainiak bertan ezarri du bere egoitza, izan ere, eskualdeko ia lur-eremu guztietan dihardu. Bestetik, Caño Limón-en duen partaidetza dela eta (% 35), Repsol gizateriaren aurkako krimenen erantzulekide da, AEBetako armadari laguntza emateagatik eta giza eskubideak urratzeagatik salatuta dauden unitate militarrak finantzatzeagatik. Berdin, Capachos petrolio-hobiaren kokalekuan. Repsolek petrolio gordina zegoela jakinarazi (2002) eta bi urtera, paramilitarismoak nabarmen egin zuen gora zonaldean; marka guztiak gainditu ziren Kolonbia osoko erailketa eta giza eskubideen urraketei dagokienez. 2005ean, herritarren aurkako krimenak eta derrigorrezko desplazamenduak areagotu ziren urtean, Repsol petrolioa ekoizten hasi zen. Azkenik, zer esan Catleya lur-eremuaz... Repsol-ek hidrokarburo gordinen erreserba berriak lortu nahi ditu bertan, kontuan hartu gabe ekoizpen-eremu horretan u’was indigenak bizi direla.

Azkenik, eta hainbat lekukok gogorarazi zuten bezala, erakunde sozialekiko eta herritar zibilekiko errepresioa oso gogorra izan zen Arauca, Casanare eta Santander herrietan, eta, oro har, petrolio-ustiapenak dituzten konpainientzat interesgarriak diren eremu guztietan. Eta auzitegian pertsona batek adierazi zuen bezala, horren “erantzukizuna petrolio multinazionalena eta Kolonbiako Estatuarena” da. Azken epaiak jasotzen duen bezala, “epaitegiak uste du nahikoa arrazoi badagoela aurkeztu zaizkion hainbat delitu (erailketa, masakrea, tortura, herrien derrigorrezko desplazamendua eta jazarpena) gizateriaren aurkako krimenak direla esateko, biztanleria zibilaren aurka sistematikoki egin diren neurrian.” [3]

Ildo horretan, eta enpresa transnazionalek Latinoamerikan egiten dituzten jarduerek eragindakoak herrien auzitegietara eramateko ideiari jarraiki, HAI-k bilkura bat egin zuen joan den urrian Unión Fenosa enpresa aztertzeko, Managuan. Izan ere, auzitegiaren azken erabakian azaltzen den bezala, “transnazionalak marko juridiko instituzionala eta konstituzionala urratu du baita nazioarteko arautegia ere. Horretarako, besteko eragile nazionalen laguntza jaso du eta hauek ere erantzukizuna daukate”. Horrek guztiak, Nikaraguako herritarren giza eskubideak urratzea dakar. [4]

Epaiketa sinboliko honetan Unión Fenosak Nikaraguan egindako jarduerak aztertu ziren. Enpresa 2000. urtean hasi zen lanean, energia elektrikoa hornitu eta merkaturatzeko hogeita hamar urterako emakida jaso zuenean. Garai hartan hasi zen Unión Fenosa, galerak zituelako aitzakiarekin, irregulartasunak egiten eta elektrizitatea sortzen duten enpresei ez ordaintzen, eta azkenean enpresa hauek elektrizitatea hornitzeari utzi behar izan diote. Eta hau guztia Nikaraguako herritarren begi-bistan. Noski, gertatu ohi den bezala, biztanleriaren gehiengoa izan da argindarrik gabe geratu dena eta etengabe egiten diren errazionamenduen kalteak jasan dituena. Gainera, bilkuran beste hainbat gauza frogatu ahal izan ziren, besteak beste: inbertsio eza elektrizitatearen eta herri argiaren hornikuntza-sarearen mantenua egiteko, entzungorrarena egiten duela beren egoera legalizatzeko borrokan urteak daramatzaten hainbat zonaldeko biztanleen eskakizunen aurrean, konpainiaren presentzia gutxitu egin dela landa-eremuetan kostuak aurrezteko duen politikaren eraginez...

Hainbat lekukok zehaztasun osoz azaldu zituzten egoerei esker, auzitegiak jakin zuen Unión Fenosak behin eta berriz urratu dituela zerbitzu elektrikoaren erabiltzaileen eskubideak: inongo arrazoirik gabe fakturaren zenbatekoa igo, erabiltzailearen bizilekua bortxatu eta baimenik gabe neurgailua aldatu... Eta hori Espainiako multinazionalaren lan politikaz ez hitz egiteagatik... herrialdera iritsi zenean, kostuak murrizteko estrategia bat abian jarri eta 400 langile kaleratu zituen, azpikontratak erabili zituen eta sindikatuak astindu zituen.

Hau guztia gutxi balitz, abian dira datorren urterako Herrien Goi Bilkura prestatzeko lanak (Lima, 2008ko maiatza). Goi bilkura hau Europako Batasuneko, Latinoamerikako eta Karibeko estatuburuen goi bilkurarekin batera egingo da. Herrien Goi Bilkurarako aurreikusita dauden ekimenen artean, HAIren bilkura bat dago non eskualde horretan aritzen diren Europako enpresa multinazionalak aztertuko diren. Enpresak epaituak izango dira ingurugiroari, herri indigenei eta giza eskubideei kalte egiten dieten jarduerengatik. Ekimen hau Enlazando Alternativas [5] erakundeak antolatu du (Europa- Latinoamerika eta Karibe, bi eskualdeen arteko Sarea) eta lagungarri izango da ozeanoaren alde bat eta bestea elkartuko dituen elkartasunaren zubia eraikitzen jarraitzeko.

Elkartasuna globalizatzeko erreminta

Herrien Auzitegi Iraunkorrek hartutako erabakiek eta jokaerek aukera ematen digute nazioarteko elkartasunerako sare eta mugimendu sozialoi gogoeta egiteko korporazio handien kontrako erresistentzia prozesuei buruz.

Lehenik eta behin, HAI-ko epaiketei esker Gobernuen eta enpresa transnazionalen jokaera hipokrita ikusten dugu. Azken horiek Merkataritzako Zuzenbide Globalaren atzean, hots, beren neurrira egindako markoaren atzean babesten dira. Aplikatzen dituzten arau ekonomikoek, nazioarteko legezkotasunaren mozorroaren azpian daudenek, gutxi batzuen esku uzten dituzte etekinak eta giza eskubideen hitzarmenak suntsitzen dituzte. Horrela, agerian jartzen dira Korporazioen Erantzukizun Soziala, Jokabide Kodeak eta enpresaren eta marketin solidarioaren jardunbide egokiak... enpresek benetan egiten dutena ikusten da, makillajea kendu izan balute bezala.

Bestetik, Herrien Auzitegiek agerian uzten dute inguruko herrialdeetako Gobernuek men egin zietela inposaketa neoliberalei (horretarako NMF eta MBaren xantaia onartuz), eskubide sozialak desarautzeari eta Estatuko enpresa eta zerbitzu publikoak pribatizatzeari. Labur esateko, Gobernu horiek guztiz eraldatu zituzten Estatuak. Laurogeita hamarreko hamarkadan, Latinoamerikako herrialde askotako gobernuburu ultraliberal eta ustelek azkar ikasi zuten multinazionalen aldeko txeke zuriak sinatzen. Bestetik, multinazionalen jomugako herrialdeetako Gobernuek argi azaldu dute beren enpresek egiten dutenarekin guztiz ados daudela: ekonomikoki eta politikoki babesten dituzte eta nazioarteko erakundeen aurrean beren pribilejioak defendatzen dituzte planetako gehiengo sozialak alde batera uzten dituzten bitartean.

Herrien Auzitegi Iraunkorren helburua da Iparraldeko eta Hegoaldeko gizon eta emakumeen artean joan eta etorriko elkartasun bat eraikitzen laguntzea. Bilkuretan zorrotz jokatzen da, izan ere, gertaerak ikertzen dira, deklarazioak eta testigantzak aztertzen dira... baina ez dira neutralak, auzitegi hauek Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen eta gehiengoen eskubideen alde lan egiten baitute. Konpainia multinazionalek inolako zigorrik jaso gabe zigortu eta kaleratutako pertsonak babesten dituzte Herrien Auzitegiek. Horretarako, arautegi neoliberala errotik zalantzan jartzen duten erreminta juridikoak (botere egituretatik at daudenak) erabiltzen dituzte eta giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenak aplikatzen dituzte munduko botereek eta politikariek ezartzen dutenari lotuta egon gabe. Azken finean, Auzitegiak elkartasuna globalizatzeko erremintak dira, borrokak eta salaketak koordinatzeko balio digutenak.

Beraz, elkartasun-sare, mugimendu sozial eta erakunde sindikalok beste erreminta bat daukagu esku artean gure borrokak globalizatzeko eta oztopoak gainditzeko. Izan ere, enpresa multinazionalen kontrako bataila txiki hauek irabazteak esan nahi baitu poliki-poliki bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko aurrera pausuak ematen ari garela. Hori guztia dela eta, gustatuko litzaiguke etorkizuneko Herrien Auzitegi Iraunkorrak - egokia izango litzateke Repsol, BBVA, Iberdrola edota Telefonicako enpresa batzordeak ere bertan izatea- denon topaleku bilakatzea enpresa trasnazionalei aurre egiten jarraitzeko.

Juan Hernández Zubizarreta eta Pedro Ramiro _ STEE-EILAS sindikatuko kidea eta Multinacionales en América Latina - Paz con Dignidad-eko kidea, hurrenez hurren

Este artículo ha sido publicado en la revista Eskola Publikoa, nº40, enero de 2008.

- Para ver el número completo de Eskola Publikoa en PDF, pinchad aquí >>

- Para ver la versión en castellano de este artículo, pinchad aquí


Notas

[1Argibide gehiagorako jo Lelio Basso Fundazioaren webgunera: www.internazionaleleliobasso.it

[2HAI-Kolonbiako bilkurei buruzko informazio gehiago lortu nahi izanez gero:www.tppcolombia.info

[3HAI-Kolonbiako epaiketaren erabakia, petrolio-ustiapeneko enpresei buruzkoa, osorik irakurtzeko: http://www.omal.info/www/article.php3?id_article=986

[4HAI-ko erabakia, Unión Fenosari buruzkoa, osorik irakurtzeko: http://www.omal.info/www/article.php3?id_article=1099

[5Sare hau duela hiru urte eta erdi sortu zen eta hiru ardatz jarraitzen ditu: merkataritza askeko hitzarmenak, eskualdeen integrazioa eta enpresa transnazionalak. Argibide gehiagorako: www.enlazandoalternativas.org


¿Quién es usted?
Su mensaje

Para crear párrafos, deje simplemente líneas vacías.


Twitter

Vimeo >>

PNG - 5.3 KB